Emakumeek jasaten dituzten erasoez eta "jai eredu kapitalistaz" hausnartu du Itaiak Elkargunean

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 14a, 20:07

Jai eredu kapitalista eta indarkeria matxista izeneko hitzaldia eman du Urola Erdiko Itaiak gaur Elkargunean. Emakumeek jasaten dituzten askotariko erasoez nahiz pairatzen dituzten zapalkuntzez mintzatu dira, eta "jai eredu kapitalistaren inguruan" sakondu dute.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da, eta horren harira, Urola Erdiko Itaiak jardunaldiak antolatu ditu Bizitza biolentoen aurrean gaitasun sozialistak antolatu lelopean. Gaur egin dute saio horietako lehena, Elkargunean, 16:00etan hasita. Hain zuzen ere, Jai eredu kapitalista eta indarkeria matxista izeneko hitzaldia eskaini dute.

Gaiari sarrera emateko, Itaiako kideek "egunerokoan jazotzen diren askotariko biolentzia kasuak edo biolentzia forma desberdinak" izan dituzte hizpide, eta genero zapalkuntzan sakondu dute ondoren. Emakumeek jasaten dituzten askotariko erasoez nahiz pairatzen dituzten zapalkuntzez mintzatu dira, eta zapalkuntza horien nondik norakoez hausnartu dute jarraian. Horren harira, "sistema kapitalistak sustatzen dituen" harreman ereduak izan dituzte hizpide, eta "jai eredu kapitalistaren inguruan" sakondu dute.

Izan ere, Itaiaren aburuz, jai kapitalistak "eragin zuzena" du pertsonen subjektibitatearen eta beren arteko harremanen eraikuntzan. Hori dela eta, jai eredu horren ezaugarrien inguruan hitz egin dute, eta horrek bultzatzen nahiz erreproduzitzen dituen jarrerez eta jai giroan gauzatzen diren erasoez aritu dira solasean. Itaiaren aburuz, "egunerokotasunean baino modu gordinagoan azaleratzen da festa momentu horietan harreman sozialen izaera biolentoa", hainbat faktore tarteko. Amaitzeko, festa ereduaz hausnartzeko eta "elkartasunean oinarritutako aisialdi eredu proletarioa eraikitzeko beharra" mahaigaineratu dute Itaiako kideek.