Igor Zubeldiak ez du jokatuko Euskal Selekzioarekin astelehenean

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 14a, 16:09

(Argazkia: Reala)

Futbolari azkoitiarra Costa Ricaren aurkako partida jokatzekoa zen Euskal Selekzioarekin, baina, azkenean, ez da deialdian izango. Zubeldiak lesio luze bat izan du duela gutxi, eta oraindik ez dago sasoi betean.

Igor Zubeldia futbolaria Euskal Selekzioarekin jokatzekoa zen astelehenean Costa Ricaren aurka, baina, azkenean, ez da deialdian izango azkoitiarra. Realak medikuaren agiria aurkeztu dio Euskal Selekzioari, Zubeldia asteleheneko neurketatik kanpo geldituko dela azalduz. Azkoitiarrak lesio luze bat izan du duela gutxi, eta joan zen igandean berriro zelairatu bazen ere, oraindik ez dago sasoi betean. Horregatik, klubak nahiago du haren osasuna arriskuan ez jartzea.

Zubeldia bezala, Zaldua ere deialditik kanpo utzi du klub txuri-urdinak, arrazoi berberak tarteko. Bi futbolariek ez zuten atzoko saioan entrenatu, badaezpada. Athleticeko Dani Garciak ere ez du jokatuko asteleheneko neurketa. Javier Clemente entrenatzaileak ez ditu jokalari horiek ordezkatuko, eta, beraz, hemeretzi futbolarirekin joango da neurketara. Euskal Selekzioaren eta Costa Ricaren arteko neurketa Eibarko Ipurua zelaian izango da, 20:45ean.