Ondo baino hobeto lagunartean jolasean

Nerea Uranga 2020ko aza. 14a, 10:55

Artxamendi topalekuko hezitzaileak, hango erabiltzaile batzuekin.

Lagunartean ibiltzea eta egotea dute gustukoen nerabeek, eta pandemiaren ondorioz, adin tarte horretakoek ere nabaritu dute eragina: "Ez dugu futboleko entrenamendurik, ez dugu festez disfrutatzeko aukerarik...". Hori bai, sei lagun baino gehiago elkartzen badira, denak elkarrekin ibiltzen dira, inor baztertu gabe. Azkoitiko Udaleko Gazteria Sailak 12 eta 17 urte artekoentzako Artxamendi Topalekua du martxan. Hango hezitzaileek unean uneko neurrietara moldatzen dute beren jarduna, nerabeekin komunikazioa eta harremana ez galtzeko.

Lagunartean egotea eta elkarrekin libre jolastea dute gogokoen nerabeek. Horixe da hain justu gehien falta izan dutena. Koronabirusak eragindako egoerak eta gaitzari aurre egiteko hartutako neurri murriztaileek gustukoena duten hori egiteko oztopoak jarri dizkie. Maskara erabiltzea-eta baino gogorragoa egiten zaie elkarren artean distantzia jakin batera egotea edota jolastea nahiz talde txikietan ibili beharra.

12 eta 17 urte bitarteko nerabe eta gazteei zuzendutako aisialdirako zerbitzua da Artxamendi topalekua; Azkoitiko Udaleko Gazteria Sailak eskaintzen du. Asteartetik larunbatera egoten da zabalik topalekua: asteartetik ostegunera 16:30etik 19:30era, ostiraletan 16:30etik 20:00etara eta larunbatetan 16:00etatik 19:00etara. Eneritz Egizabal (Azkoitia, 1994) eta Patxi Bastarrika (Azkoitia, 1998) dira topalekuko hezitzaileak. Egizabalek azaldu duenez, hiruhilero helburu batzuk jartzen dituzte, eta horiek aurrera eramateko ekintzak antolatzen dituzte hezitzaileek. "Egun bizitzea egokitu zaigun egoeran ere helburu horiek betetzen saiatzen ari gara, arauak uzten diguten neurrian egiten ditugu ekintzak topalekuan, kalean edota sare sozialen bidez (Instagram edo Whatsapp)".

Komunikazioa galdu gabe

Batik bat 12 eta 14 urte bitarteko gazteak dira topalekuaren erabiltzaile gehienak, eta pandemia hasi zenetik nerabeekin kontakturik ez galtzeko, unean uneko formulak erabili dituzte hezitzaileek. Martxoan itxialdia agindu zutenean, telelanean hasi ziren topalekukoak. "Sare sozialen bidez —Instagram eta Whatsapp dira guk gehien erabiltzen ditugunak— genuen harremana gazteekin. Goizean, arratsaldean gazteei proposatzeko ekintzak prestatzen genituen eta arratsaldean, bideo-deiez egiten genituen haiekin: galderak, asmakizunak, Egunean Behin jolasa, bertsoak sortu, sukaldaritza tailerrak… Nerabeak topalekura etortzen direnean beren gauzetaz hitz egitera etortzen dira, eta elkarrekin egotera. Ez genuen nahi komunikazio hori galdu haiekin, eta horri heltzen saiatuko ginen itxialdian ere".

Aurreko ikasturtea modu horretara bukatu zuten topalekukoek. Ondoren, udaleku garaia iritsi zen, eta, ekaineko azken astean eta uztaileko aurreneko bietan, ekintzak aurrez aurre egiten hasi ziren. "Aurretik, ordea, talde txikietan elkartzeko aukera zegoen eta nerabe zehatz batzuekin gelditu ginen hezitzaileak; egoteko behar gehiena zutela antzematen genuen haiekin juntadizoak egin genituen", azaldu du Egizabalek.

Bi txanda eta aforoa mugatuta

Ikasturte berria hasi dutenetik, aste bat edo beste itxita egon da Artxamendi topalekua. Baina egun irekita dago, hainbat segurtasun neurri hartuta. Nerabeek topalekura sartzeko maskara eraman behar dute ezinbestean, eta sarreran tenperatura hartu eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar izaten dituzte.

 "Aldaketa handiena da aforoa mugatuta daukagula", azaldu du Bastarrikak. Aurreko ikasturtean arratsalde bakar batean ehun gazte inguruk erabiltzen zuten topalekua. Gaur egun, baina, hezitzaile bakoitzeko hamabost nerabe egon daitezke Artxamendin; alegia, 30 lagun guztira. Beraz, topalekura joateko aukera ahalik eta gazte gehienei emateko, arratsaldea ordu eta erdiko bi txandatan banatzen dute. "Txanda bakoitzaren artean hamar minutuko tartea hartzen da topalekua desinfektatzeko", azaldu du Bastarrikak. Gainera, eguraldi ona egiten duenetan, kalera ateratzen dira ekintzak egitera: "Ping-pongera jolastera joaten gara. Aurreko batean, esaterako, mendi ibilaldi neurtua egin genuen gazteekin". Nerabeak "kontaktuan egoteko beharrarekin eta gogoarekin" ikusten dituztela azaldu dute bi hezitzaileek: "Alderdi horretan gabezia handiarekin sumatzen ditugu; egonezin handiarekin. Baina haiek ere jabetzen dira zein egoeratan dauden, eta batzuetan egiten ari diren horretan atzera egiten dute. Batzuk ping-pongean ari diren bitartean, gainontzekoak ez dira begira egoten, korrika hasten dira batetik bestera edota jolasean. Mugitzeko beharra dute. Horrez gain, ikusten da konfinamendu garaian telefono mugikorra erabiltzeko joera handia hartu dutela".

Lagunak gertu nahi

Martxoan hasitako itxialdia luze samar joan zitzaiela azaldu dute Asier Salegi (Azkoitia. 2008) eta Julen Ruizek (Azkoitia, 2007). "Itxialdian une batzutan asko aspertu ginen etxean sartuta; gainera etxetik irteten ere ia azkenak izan ginen", azaldu du Salegik. "Batik bat faltan bota genuena lagunak gertu izatea izan zen; bideo-deiez komunikatzen ginen lagunekin, baina hala moduz. Orain, behintzat, lagunartean ibiltzeko aukera daukagu", gaineratu du Ruizek.

Nahiz eta zenbait neurri bete behar, itxialdian baino gusturago dabiltza egun nerabeak. "Orain hobeto gabiltza, baina futbolean jokatzea izaten dugu faltan. Anaitasunan ibiltzen naiz ni, eta entrenamenduekin hasi ginen, baina bertan behera utzi zituzten. Orain ez dugu futbolerako saiorik eta faltan botatzen ditut; hala ere, gehien-gehiena futbol partidak jokatzea da falta izan dudana. Entrenamenduak ederrak dira, baina ederragoak futbol partidak", kontatu du Salegik.

Futbolean jokatzea bakarrik ez, festarik ez egoteak ere tristetzen ditu nerabeak. Hala diote, "barrakak, zezenak, buruhandiak… ezer ez da egon. Festa ona da, eta ez daukagu ezer orain", diote. Gainontzean, itxialdiaren aurretik ibiltzen ziren "tankeran"  dabiltzala diote: "Sei baino lagun gehiago elkartzen bagara, denak elkarrekin jolasten dugu. Lagunartean gabiltzanean hori ez dugu kontuan hartzen". Baina hartu dituzte ohitura berriak ere, "igandetan eguraldi ona egiten duenean mendira ere joaten gara lagunekin".

Pandemia honekin bukatzeko, jendeari arduraz jokatzeko eskatu diote bi nerabeek. Hala esan du Ruizek: "Ardura pixka bat izateko eskatuko nioke jendeari, eta guk ere hala izan behar dugu, lagunak kutsatu ditzakegu eta. Ea hurrengo andremaixetan disfrutatzeko aukera daukagun”.