Memoriaren liburua herriz herri idazten

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2020ko aza. 13a, 16:57

Aranzadi zientzia elkartea memoria historikoa lantzeko ikerketak egiten ari da Gipuzkoako hainbat herritan. Helburua da 1936az geroztik herriz herri jazo diren giza eskubideen urraketak azaleratzea. Ione Zuloaga azkoitiarra da horretan dabilen ikertzaileetako bat, eta harekin hitz eginda erreportajea osatu dute Gipuzkoako Hitzako lankideek.

Joan den asteartean, Memoriaren Eguna ospatu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egun horretan ohikoa bihurtu den legez, indarkeriaren biktima guztien omenez ekitaldi instituzionalak egin zituzten dozenaka herritan. Baina memoria historikoa berreskuratzeko ariketak urtean behin ekitaldi instituzional bat gauzatzea baino lanketa sakonagoa eskatzen du. Aranzadi zientzia elkarteak urteak daramatza ikerketa lan hori egiten; memoriaren liburua herriz herri eta orriz orri idazten. Ione Zuloaga historialaria (Azkoitia, 1995) da horretan dabilen ikertzaileetako bat, eta, haren esanetan, udalak izaten dira Aranzadira jotzen dutenak, ondoren bi erakundeek hitzarmen bat sinatzen dute, eta udalak ikerketa finantzatzeko diru laguntza eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bi zatitan banatzen dute lana: lehendabizi, 1936tik 1959ra arteko giza eskubideen urraketak ikertzen dituzte, memoria historikoa izango litzatekeena, eta, gero, 1959tik gaur egun artekoak, gertuko memoria deiturikoa.

Zuloagak adierazi du prozesua agerraldi publiko batekin abiatzen dutela: "Herritarrei kontatzen diegu zer egingo dugun, eta pare bat hitzaldi antolatzen ditugu, jendea erakartzeko eta testuinguruan kokatzeko". Nabarmendu du tokian tokira egokitutako hitzaldiak izaten direla: "Zestoan, esate baterako, Urola Kosta eskualdeko errepresioari buruz hitz egin zuen Iñaki Egaña historialariak, eta genero ikuspegiari buruz Lourdes Errasti historialari eta antropologoak, herriko datuak erabilita; kontatu zuen nola sortu zuten Emakume Abertzale Batza, zeintzuk ibili ziren horretan, eta abar". Zuloagak esan du Aranzadi elkartearen ikerlanen helburua "herri bakoitzean jasandako errepresioa azaleratzea" dela, “eta horren erreparazioa egitea".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide