Anaitasunako jokalaria

Mikel Arzalluz: "Garaipenak eman digun saria bakarra da, inoiz ahaztuko ez duguna"

Andoni Elduaien 2020ko aza. 12a, 15:26
Mikel Arzalluz Anaitasunako aurrelaria, Txerloian.

Mikel Arzalluz (Azkoitia, 1995) Anaitasunako jokalaria da, aurrelaria hain zuzen, eta atzo ondo bete zuen Asturiasen (Espainia) aurrelariaren lana. Arzalluzek penaltiz egindako golak bideratu zuen Real Titanicoren aurkako Errege Kopako garaipena. Nekez ahaztuko du 2020ko azaroaren 11, Anaitasunak Errege Koparako sailkapena lortu baitzuen. Atzokoa egun "biribila" izan zela azaldu du aurrelariak. Orain, asteleheneko zozketara begira jarrita daude, izan ere abenduaren 16an "punta-puntako talde bat" hartu nahi du Anaitasunak, Txerloian.

Historia eginda, Errege Kopara sailkatzea lortu duzue. Zorionak!

Sinetsi ezinda gaude, oraindik ere ez dugu guztiz barneratu zer datorren orain. Sekulako esperientzia bizitzeko aukera eduki dugu, eta lortu duguna inoiz ere pentsatuko ez genukeen gauza bat izan da. Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera edukitze hutsa sekulako esperientzia izango da guztiontzat.

Nolakoa izan zen atzoko eguna Asturiasen?

Oso biribila izan zen. Partida jokatu aurreko egunean joan ginen Asturiasera, asteartean. Gauerdian iritsi ginen hara, eta iritsi bezain pronto bakoitza bere logelara joan zen, atseden hartzera. Atzo esnatu ginenean, partidako tentsioa nabari zen taldean, gogotsu eta ilusioz geunden. 09:00ak aldera esnatu ginen, eta gosaldu ondoren paseoa eman genuen Oviedon [Asturias, Espainia]. 12:00etan, taldeko hizketaldia eduki genuen entrenatzailearekin; beste taldeari buruz hitz egin genuen eta haiek menderatzeko guk zer egin behar genuen azaldu ziguten. Bazkaldu egin gero, eta bazkalostean batzuk kafea hartu eta karta jokoan aritu ginen; beste batzuk atseden hartzera igo ziren logelara. 17:00etan, berriz, Nuevo Nalon zelaira abiatu ginen autobusez. Kamera batzuk-eta ikusi genituen, eta urduritzen hasi ginen. Halere, ordutik aurrera partidaro bizitzen ditugun sentsazioak bizi izan genituen: neurketa hasi aurreko urduritasun puntua genuen, entrenatzailearen hizketaldia izan genuen aldagelan eta beroketara irten ginen. Behin zelaira irtendakoan, urduritasunak alde batera utzi genituen eta partidan kontzentratu ginen. 

Partida garrantzitsu asko jokatu dituzue azken urteetan. Zure futbol ibilbideko neurketa garrantzitsuena izan al zen?

Egia da bai, azken urteetan partida garrantzitsu asko jokatu ditugu, baina atzokoa oso berezia izan zen. Behin ere ez gara irten Euskal Herritik futbol partida bat jokatzera, eta are gutxiago horrelako esperientzia bat bizitzera. Ez dakit Real Titanicoren aurkako neurketa garrantzitsuena izan den, baina bai bereziena. Garaipenak eman digun saria bakarra da, inoiz ahaztuko ez duguna. Partida handi bat dugu zain abenduan.  

Zer sentimendu zenituzten partida hasi aurretik?

Entrenatzaileak hamaikakoa eman zuenean, alde batetik urduritasuna sentitzen genuen, baina bestetik segurtasuna. Taldekide guztiok genekien prest geundela Real Titanicoren aurkako partida jokatzeko, bai hasieratik aritu ginenok eta bai aulkian gelditu zirenek. Taldean sinesten genuen, eta bagenekien jokatzen zuenak jokatuta ere partida aurrera aterako genuela.

Nola laburbilduko zenuke lehen zatia?

Real Titanicori buruzko informazio gutxi genuen, eta beraz, ez genekien haiek partidari nola egingo zioten aurre; lehen zatian bi taldeak elkar ezagutzen aritu ginela esango nuke. Lehen zatia ez zen guk egindako zatitirik onena, hori garbi dago. Berdinketarekin iritsi ginen atsedenaldia, eta emaitza ona zen. 

Eta atsedenaldiaren ondoren zer aldatu zen?

Entrenatzaileak geure buruarekin konfiantza izateko eskatu zigun. Ikusten genuen partida aurrera ateratzeko gai ginela, eta geure erara jokatuta eta genekizkien gauzak eginda, partida irabazteko gai ginela hitz egin genuen aldagelan. Eta horixe ikusi zela esango nuke; dakigun moduan jokatu genuen eta albokoarekin konfiatuta partida aurrera atera genuen.

Zuk egin zenuen Anaitasunaren aldeko lehen gola, penaltiz. Nola bizi izan zenituen gola egin aurreko eta ondorengo uneak? 

Epaileak penaltia adierazi zuenean, konfiantzarekin ikusi nuen neure burua penaltia jaurtitzeko; baloiaren bila joan nintzen zuzenean. Gola egiteko aukera ederra zela pentsatu nuen, eta konfiantza osoz jaurtita, barrura joan zen baloia. Gola sartutakoan, bai zelaian geuden jokalariok eta bai harmailetan zeudenek, gustura ospatu genuen momentua. Oroitzapen ederrak ekarriko dizkidan gola izango da. 

Partida amaitu ondoren, nola ospatu zenuten garaipena?

Zelaian elkar besarkatzen ari ginen, jauzi batzuk ere egin genituen. Aldagelan sartutakoan, berriz, musika jarri ozen genuen eta autobuserako bidea hartu genuen. Autobusean giro ederrean ospatzen itzuli ginen Azkoitia aldera. 

Partida zalerik gabe jokatu zenuten, baina Internet bidez azkoitiar askok jarraitu zuten neurketa. Zer esango zenieke haiei?

Badakigu Azkoitian Anaitasunak jende asko duela atzetik. Herrian jende askok du Anaitasunarekiko sentimendua, eta herriaren babesa sentitzen dugu taldean. Jarraitzaile askok esan digute partida ikusten egon zirela, eta oso ederra da hori guretzat. Plazerra da guretzat gure herrikideak beren etxeetatik guri babesa ematen egotea. Gainera, eskerrak eman nahi nizkieke guztiei bidalitako zorion mezuengatik. Inoiz ez nuen horrenbeste zorion mezu jaso. 

Goizaldean, 02:00etan, iritsi zarete Txerloira. Nolakoa izan da itzulerako bidaia? 

Lau orduko bidaia zenez, momentu desberdinak izan ditu bidaiak. Hasieran, oso gustura geunden guztiok eta jauzika etorri gara autobus barruan. 90 minutuko tentsio handiko partida jokatuta gentozen, ordea, eta bidaiak aurrera egin ahala, etxera iristeko gogoa sartu zaigu. 

Igandean ligako partida duzue, Urduliz multzoko liderraren aurka.

Aste honetako lehen helburua bete dugu, Errege Kopan aurrera egitea. Orain, bigarrena bete nahi dugu, eta hori Hirugarren Mailari eustea da. Bide horretan, Urduliz gure multzoko liderra jasoko dugu igandean, Txerloian. Ligan ere gauzak ondo egiteko gogotsu gaude, gure aurpegi onena erakutsi nahi baitugu.

Asteleheneko zozketara begira egongo zarete dagoeneko. Izen handiak eta historikoak daude tartean: Atletico Madril, Sevilla, Villarreal, Valentzia, Betis... Noren aurka jokatu nahi duzue?

Bai, dagoeneko aurkariaren zain gaude. Atletico Madril edo Sevilla taldeak dira nire lehentasunak. Lehen Mailako edozein talderen aurka jokatzea izango da ederra, baina bi talde horietan daude jokalari berezienak. Gainera, Cholo Simeone Atletico Madrileko entrenatzailea Txerloiako zelaian ikustea handia litzateke. Villarreal edo Betis aurkari izatea ere polita litzateke. Tokatzen dena tokatuta ere, esperientza bakarra izango da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide