Jose Luis Larrañaga azkoitiarrak jasoko du 2020ko Korta sarietako bat

Jose Luis Larrañaga. (Irekia)

Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzaileetakoa da Larrañaga, eta Sarralletik sortutako Litaphar Laborategietako kontseilari eta presidente ere bada. Jesus Gibelalde, Antton Sukia eta Jose Mari Bergaretxe ere saritu dituzte aurten. Azaroaren 24an banatuko ditu sariak Eusko Jaurlaritzak, Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu Korta 2020 sariak jasoko dituztenen izenak. Lau enpresa gizonek jasoko dituzte aurten Joxe Mari Korta zenaren omenez 2000. urtetik urtero ematen dituzten sariak, eta horietako bat da Jose Luis Larrañaga (Azkoitia, 1945). Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzaileetako bat da Larrañaga, eta Sarralletik sortutako Litaphar Laborategietako kontseilaria eta presidentea ere bada.

Jesus Gibelalde, Antton Sukia eta Jose Mari Bergaretxe dira 2020an Korta sariak jasoko dituzten beste hirurak. Lau sarituek "jarduera profesionala jorratu duten enpresa sektoreetan sarituek erakutsitako konpromisoa" eta "enpresa baloreak garatzen, enpresak irekitzen, eta jarduera eta lanpostu berriak sortzen izan duten garrantzia" azpimarratu du Korta sarien epaimahaiak; Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioaren eta Adegi, Cebek, Confebask eta Sea enpresa elkarteetako ordezkariek osatzen dute Arantxa Tapia Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera,

Iñigo Urkullu lehendakariak banatuko ditu Korta sariak. Azaroaren 24an izango da sari banaketa ekitaldia, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide