Larunbatean hasiko dira azaroaren 25aren harira Itaiak antolatutako jardunaldiak Azkoitian

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 10a, 13:59

Urola Erdiko Itaiak Matadeixen egindako aurkezpeneko irudia.

Urola Erdiko Itaiak bi hitzaldi antolatu ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, "emakumeenganako indarkeria forma desberdinen inguruan hausnartzeko". Larunbatean eskainiko dute aurreneko hitzaldia, Jai eredu kapitalista eta indarkeria matxista izenekoa, Azkoitiko Elkargunean, 16:00etan hasita. 

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da, eta horren harira jardunaldiak antolatu ditu Urola Erdiko Itaiak, Bizitza biolentoen aurrean gaitasun sozialistak antolatu lelopean. "Egiturazko biolentziaren eta zehazki biolentzia matxistaren aurkako" kanpaina abiatu du Itaiak, eta kanpaina horren barruan antolatu dituzte jardunaldiak, besteak beste "emakumeenganako indarkeria forma desberdinen inguruan hausnartzeko".

Azkoitian jarri dute aurreneko hitzordua. Larunbatean, hilaren 14an, Jai eredu kapitalista eta indarkeria matxista izeneko hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 16:00etan hasita. Bertan, hizpide izango dute jai ereduaren eta genero problematikaren arteko harremana: "Jai eredu kapitalistak eta genero problematikak duten harremana jai giroan ematen diren eraso sexistetara eta horien nolakotasunera mugatzen dela badirudi ere, bai batak eta bai besteak sistema kapitalistan dituzten egiturazko funtzioak eta horien arteko lotura aztertuko ditugu. Batetik, fenomeno horien funtsa ezagutzeko, eta bestetik, zapalkuntza zein erasorik gabeko harremantze eredu bat eraikitzeko determinazioetan pentsatzeko. Hau da, benetako elkartasunezko harremanak garatzeko jai kapitalistak sortzen digun ezintasuna ulertzeko".

Azaroaren 21ean, aldiz, Azpeitiko Gaztetxean eskainiko dute hitzaldia, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntzaren beharra izenburupean, 16:00etan hasita. 

Itaiako kideek herritarrei antolatutako hitzaldietara bertaratzeko deia egin diete: "Ekin diezaiogun egunerokotasuen jasaten ditugun indarkeria kasu bakoitzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatzeari eta norma kultural matxista errotik desagerrarazteari. Bizitza biolentoen aurrean antola ditzagun gaitasunak". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide