Tabernak itxita, baina jende ugari kalean

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 7a, 12:25

Eusko Jaurlaritzak "COVID-19aren  transmisio kateak mozteko" hartutako azken neurri murriztaileek ezohiko irudia utzi dute larunbat goizez Azkoitian. Atzo 23:00etatik itxita daude tabernak. Hala ere, jende ugari ibili da herriko kaleetan eta azokako postuetan. 

Tabernak eta jatetxeak itxita esnatu da gaur Azkoitia. Eusko Jaurlaritzak "COVID-19aren transmisio kateak mozteko" hartutako azken neurri murriztaileak tarteko, atzo 23:00etan itxi behar izan zituzten herriko tabernetako ateak, eta horrek ezohiko irudia utzi du larunbat goizez. Izan ere, kaleko taberna guztietako atariak hutsik ikus ziztezkeen. Dena den, jende ugari ibili da kalean, eta zenbait saltokiren atarian jende ilarak sortu dira. Larunbatetako azokako postuek ere ez dute hutsik egin, eta herritar ugari bertaratu da plazan nahiz eliz atarian jarritako saltokietara.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ostegunean iragarri zituen  azaroa bukatu arte behintzat indarrean izango diren neurri murriztaileak; besteak beste, etxeratze agindua ordubete aurreratzea eta ostalaritza guneak ixtea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide