Iraurgi Berritzenek ekonomia zirkularraren aukerei buruzko jardunaldia antolatu du asteazkenerako

09:00etatik 11:00etara izango da saioa, online, eta besteak beste honako gaiak landuko dituzte: ekonomia zirkularraren oinarrizko kontzeptuak zeintzuk diren, nola eragiten duten, zer abantaila lehiakorretan eragiten dieten eta abar. Irekita dago saioan parte hartzeko epea.

Iraurgi Berritzenek ekonomia zirkularraren aukerei buruzko saioa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean datorren asteazkenerako, hilak 11. Saioan honakoa landuko dute: ekonomia zirkularraren inguruko oinarrizko kontzeptuak zeintzuk diren, nola eragiten duten eta zer abantaila lehiakorretan eragiten dieten; halaber, parte hartzaileek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estrategiak eta laguntzak ezagutzeko aukera ere izango dute saioan.

09:00etatik 11:00etara bitartean izango da jardunaldia, online, eta enpresek, erakundeek nahiz ekonomia zirkularrean interesa duen orok parte hartu ahal izango du bertan. Interesatuek Iraurgi Berritzenen telefonora (943-02 60 69) deitu edota info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi beharko dute. Honako lotura honetan ikus daiteke jardunaldiaren egitaraua, osorik.

Saioan hainbat erakundetako hizlariak izango dira, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiko, Ihobeko, Lapatxeko, Mondragon Unibertsitateko eta B+I Strategyko hizlariak. Ekonomia zirkularrari buruzko ekimen hau, eskualdeko enpresen eraldaketa lehiakorra bultzatzeko da, baita eskualdeko balio-kate nagusietan (makineria eta ekipoak, eraldaketa metalmekanikoa, altzariak, eraikuntza eta elikadura) ekonomia zirkularreko berrikuntza aukerak identifikatzeko, aztertzeko nahiz garatzeko ere. Bestalde, eskualdearen lehiakortasun-posizionamendua bultzatu nahi da eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren helburuekin lerrokatu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide