Bat-egitea, su txikian onduta

Aitzol Alberdi eta Aitor Gurrutxaga, Alberdi Mekanizatu Lanak-en Azkoitiko lantegian. (Mailo Oiarzabal)

Azkoitiko Alberdi Mekanizatuak eta Azpeitiko Mecanizados Gurrutxaga enpresen fusiotik sortu da Alberdi Mekanizatu Lanak. Pandemia betean jaio da proiektu berria, baina krisiaren aurretik zetorren elkarlanaren ondorioz.

“Giharra”. Horixe irabazi dutela sinetsita daude Aitzol Alberdi (Azkoitia, 1977) eta Aitor Gurrutxaga (Azpeitia, 1972). Alberdi Mekanizatuak eta Mecanizados Gurrutxaga enpresetako arduradunak ziren, hurrenez hurren, Alberdi eta Gurrutxaga, eta bi enpresen bat-egitetik sortu duten Alberdi Mekanizatu Lanak enpresaren ordezkariak dira orain.
Joan den urriaren 14an sinatu zuten bat-egitea, eta horrekin zigilatu zuten “aspalditik” zetorren prozesu “luze” eta “natural” bat. Izan ere, fusioaren berri emateko zabaldu zuten oharrean bat-egitea pandemia sasoiko “garai zailei aurre egiteko” eta “aurrera begira pausoak emateko” gauzatu dutela azaldu arren, koronabirusak sortutako krisi egoera ez da izan bi enpresak indarrak batzera bultzatu dituena.

“Bizi osoan izan dugu elkarren berri, baina Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bitartez hainbat proiektutan parte hartu izan dugu azken urteetan eta horri esker gehiago elkar ezagutzeko aukera izan dugu”, argitu du Alberdik. Iraurgi Berritzenen itzalpean sortu zuten 2015ean Munibe Group. Mekanizazioaren sektoreko Azkoitiko eta Azpeitiko bost enpresa elkartu ziren talde horretan hasieran, eta tartean zeuden Alberdi Mekanizatuak eta Mecanizados Gurrutxaga. “Bakoitzak bere aldetik jarraitzea” erabaki zuten azkenean talde horretako enpresek, baina Alberdi Mekanizatu Lanak berriaren ernamuina hortik sortu zela esan daiteke. “Bai gaitasun aldetik, bai lantalde aldetik zein ezagutza aldetik ondo uztartzen ginela ikusi genuen, eta geure arteko harremana oso ona zenez, elkarrekin zerbait egitea planteatzen hasi ginen; baina ordura arteko elkarlanetik pauso sendoago eta garrantzitsuago bat emateko asmoarekin, bat-egitea gauzatzeko”, kontatu du Alberdik.

Enpresa sortu berriaren arduradunek esker oneko hitzak izan dituzte Iraurgi Berritzenentzat eta bertako teknikarientzat. “Elkarlana, kolaborazioa… askotan aipatzen diren hitzak eta kontzeptuak dira, baina sukalde lanik ez badago, horiek ez dira zerutik erortzen. Konfiantza sortu behar da eta hori su baxu-baxuan egin behar izaten da, babak bezala”, dio Alberdik. “Oso inportantea da azpimarratzea su hori haiek [Iraurgi Berritzenekoek] piztu zutela. Gero guk eragin diogu, baina piztu, haiek piztu zuten sua”, gaineratu du Gurrutxagak.

Indarrak biderkatuta

Duela urtebete hasi ziren bide berria jorratzen, “pandemia iritsi aurretik”, proiektua krisi ezezagun betean gauzatuko zutela jakin gabe.

Krisi horri aurre egitea izango dute, hain zuzen ere, bat-egitearen ondorengo lehen erronka nagusia. Barne funtzionamenduan eta antolaketan ere izan dituzte aldaketak, eta horiek “urduritasun puntu bat” ekartzen dutela aitortu du Alberdik, baina bi lantokietako lantaldeak zetorrenaren jakinaren gainean zeudela nabarmendu du Gurrutxagak: “Denekin hitz egiten joan gara, informatzen eta galderak eginez, eta pixkanaka. Hala ere, aldaketa da, noski”.

Bi enpresa sortzaileetako kideak batuta, 41 lagunek osatzen dute Alberdi Mekanizatu Lanaken lantaldea. Enpresaren tamainari dagokionez, mekanizazioaren sektorean “salbuespena” direla azaldu dute Alberdik eta Gurrutxagak. Euskal Herrian sektore atomizatua da mekanizazioarena, enpresa asko ditu baina gehien-gehienak txikiak dira, hamar langiletik beherakoak: bederatzi langilerekin, Mecanizados Gurrutxaga izan da horren adibide orain arte.

Alberdi Mekanizatuak pieza txikietan eta Mecanizados Gurrutxaga pieza handietan espezializatuta zeudela azaldu dute arduradunek. Horrenbestez, bi enpresetan “ardatz” izan den lan lerroari dagokionez, bezeroei eskainiko dizkieten mekanizazio piezen “abanikoa askoz ere zabalagoa” izango da orain. Muntaia zein entrega eta biltegiratze kontrol zerbitzuak ere eskaintzen ditu Alberdi Mekanizatu Lanak enpresak. “Bateratuta, uste dut gauza denetan askoz indar gehiago egiten dugula. Jakinduriaren aldetik ere biderkatu egiten dira indarrak”, dio Gurrutxagak.

Euskal Herrikoak dira enpresa sortu berriaren bezero gehienak, “marka inportanteak” horietako asko, eta sektore ezberdinetakoak. “Honelako garai zailetan asko salbatu izan gaitu horrek. Sektore bakoitzean ez daukagu bezero kopuru handirik, baina sektore askotan ditugu bezeroak, eta izen handikoak; horiek gelditzea gehiago kostatzen da”, azaldu du Alberdik. Iazko datuekin alderatuta, %11-%12 jaitsi zaie fakturazioa, baina mekanizazio sektorearen batez bestekoaren azpitik, hala ere –%20koa izan da beherakada, Afmec elkartearen arabera–. Krisi garaian egin dute aldaketa, baina Alberdi Mekanizatu Lanak gisara krisiari aurre egiteko “hobeto prestatuta” daudela uste dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide