Barakaldon hasitako bidean jarraitu nahi dute Anaitasunako neskek

Andoni Elduaien 2020ko aza. 5a, 11:21
Anaitasunako jokalariak gola ospatzen. (Argazkia: JaviUrola)

Bat eta sei irabazi zuen joan den larunbatean Anaitasunako nesken lehen taldeak, Barakaldon. Han eskuratutako garaipenari jarraipena eman nahi diote larunbatean, Zarautzen aurka Txerloian jokatuko duten neurketan.

Anaitasuna futbol taldeko nesken lehen taldeak joan den asteburuan hasi zuen Emakumezkoen Euskal Liga, eta nola hasi gainera. Barakaldoren aurka bat eta sei irabazi zuten gorrixek. Asteburuan, Txerloian jokatuko dute bigarren jardunaldiko neurketa, Zarautz taldearen aurka. Martxoan liga eten zenez geroztik taldeak hainbat aldaketa izan ditu, eta horiei buruz hitz egin du Gorka Zubizarreta (Azkoitia, 1994) nesken taldeko entrenatzaileak Maxixatzenekin.

Barakaldon lortutako bat eta seiko garaipena "sorpresa" izan zela azaldu du Zubizarretak. "Hasieran neurketa parekatua izan zen, lehen 23 minutuetan hutsean baitzen markagailua. Gerora, neurketa desorekatu egin zen, gure aldera zorionez. Taldearentzat garrantzitsua zen garaipena, izan ere denboraldi-aurrea abuztuaren 4an hasi genuen. Liga hasieran beti izaten dira zalantzak, sasoia nola hasiko dugun-eta. Lehen partida irabazita, eta emaitza handiarekin, konfiantza eman digu. Ez dugu beldurrik edo zalantza gutxiago ditugu.

Egungo egoera ziurgabeagatik Euskadiko Futbol Federazioak Emakumezkoen Euskal Liga bi azpimultzotan banatu du. Anaitasuna B multzoan sartu dute. Zubizarretak honakoa azaldu du multzoen banaketari dagokionez. "Iazko sailkapenaren arabera banatu dituzte aurtengo bi azpimultzoak. Bi multzoetan parekotasun handia dago, oso antzekoak dira. Ez dago aurretiaz behintzat bat bestea baino errazagoa den multzorik. Orekatuak dira, berdintasun handia dago".

Bederatzi taldek osatutako bi multzo egin dituzte Euskal Ligan, eta multzo bakoitzeko lehen lau taldeak igoera fasera sailkatuko dira; gainerako bost taldeek mailari eusteko borrokatu beharko dute. Lehen lau talde horien artean sartu nahi du Anaitasunak. "Gure helburua da lehen lau taldeen artean sartzea, gero askoz lasaiago ibiltzeko, mailari eutsiko diogun edo ez beldurrarekin ibili gabe. Horrez gain, beste multzoan Athletic C taldea dago, eta ikusita lehen jardunaldian hamar eta bat irabazi duela eta igoera fasera sailkatzeko hautagai nagusia dela, ilusioa egiten digu Lezamara joatea eta haiek Azkoitira etortzea", adierazi du Zubizarretak.

Orokorrean azken urteetan izan duen oinarriari eutsi dio Anaitasunak. Hala eta guztiz ere, badira aurpegi berriak. Zumarragako Maialen Agirre atezaina fitxatu dute ateperako. Anaitasunaren maila berean dagoen Goierri Gorri taldetik etorri da Azkoitira. Taldeak egindako bigarren fitxaketa, berriz, Lagun Onak taldetik Anaitasunara etorri den Lorea Rueda errezildarra izan da. Erdiko atzelariak badu esperientzia Euskal Ligan, izan ere Zarautz taldearekin aritu zen duela urte batzuk, Nazional mailara igoera lortuz. Halaber, kadete mailatik lehen taldera jauzia eman dute Oihana Goenaga eta Irati Olaizola azkoitiarrek; ikasketengatik urtebete taldea utzita egon den Ane Juaristi azkoitiarra ere aurten berriz itzuli da taldera.

Zarautz, larunbatean

Anaitasunako neskek asteburuan jokatuko dute ligako etxeko lehen neurketa. Zarautz hartuko dute larunbatean Txerloia futbol zelaian, 16:30etik aurrera. Barakaldon hartutako bidean jarraitu nahi du Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak. "Zarautzen aurka orain arte ez dugu etxean irabazi; berdindu edo galdu egin dugu. Asmoa orain arte lortu ez dugun hori eskuratzea da", azaldu du entrenatzaileak.

Nesken taldeak aurten Txerloian "partida gehiago" jokatu nahi ditu. Horri lotuta, klubak taldearen lehen zelaia izendatu du aurtengo denboraldirako Txerloia. Orain arte bigarren zelaia zuen nesken taldeak Txerloia –San Juan zen nesken lehen zelaia–. Horregatik, Txerloian jokatu nahi bazuten talde aurkariarekin adostasuna lortu behar izaten zuten. "Klubak iaz Txerloian jokatzeko baimena eman arren, talde aurkariekin adostu behar izaten genuen non jokatu. Aurkari askok Txerloian jokatzeari ezetz esaten zioten. Aurten, horregatik, Txerloia izendatu dugu gure lehen zelaia. Mutilen partidak bezala, neskenak ere Txerloian izango dira aurten, eta zentzu horretan oso gustura gaude", eman du azalpena Zubizarretak.

Nesken taldearen beste nahietako bat harmailak beteta ikustea da, eta pixkanaka hori lortzen ari direla iruditzen zaie. "Nabaritzen dugu gero eta jarraitzaile gehiago etortzen dela gure partidak ikustera. Hori da nahi duguna, jendea Anaitasunako nesken taldea ikustera etortzea", adierazi du entrenatzaile azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide