Aloña Jauregi: "Aralargo ondarea erakutsi dugu, jendeak ikus dezan inguruan zer-nolako altxorra dugun"

Anartz Izagirre 2020ko aza. 3a, 07:49
'Aralar: Mundua leku den lurra' filmeko lantaldearen irudi bat. Eskuinetik bigarrena da Jauregi. (Ataria.eus)

Urola Bizirik taldeak antolatuta, Aralar: Mundua leku den lurra filma eskainiko dute ostiralean, 19:00etan, Baztartxo antzokian. Bertan izango dira Aloña Jauregi dokumentalaren zuzendarietako bat eta Idurre Eskisabel gidoilaria. Jauregiren arabera, Aralar "bere osotasunean" erakusten du filmak.

2018an estreinatu zenuten Aralar: Mundua leku den lurra dokumentala, eta ordutik ibilbide luzea izan du filmak. Zer moduzko harrera izan du?

Duela bi urte estreinatu genuen dokumentala Donostiako Principe zinemetan, eta harrera oso ona izan du ordutik. Bi urte hauetan izan ditugu egunak bakoitzean bi emanaldi eman behar izan ditugunak. Lauzpabost lagun ibiltzen ginen dokumentala eskaini behar zuten herrietako solasaldietara joaten, eta neurgailu moduan ibiltzen genituen saio horiek, jendeak bere inpresioak kontatzen baitzizkigun.

Hainbat sari jaso ditu filmak; besteak beste, Kaliforniako Mammoth Film Festivalen saritu zuten.

Bai. Kaliforniako festibal horretaz gain, adibidez, Izabako [Nafarroa] Ukerdi Film Festibalen ere izan ginen, baita New Yorkeko festibal batean ere. Sariek poza ematen dute, baina guretzat saririk garrantzitsuena jendeak dokumentala ikustea izan da.

Euskal Herritik kanpora ere, beraz, ikusmina eragin du filmak. Zein izan da zuen ustez arrakastaren gakoa?

European Natura 2000 Award sariketak izaten dira bi urtez behin Europan, eta Aralar: Mundua leku den lurra finalean izan zen. Bertan saririk lortu ez genuen arren, guretzat sekulakoa izan da finalera sailkatzea. Nik uste dokumental honek irudi apartak eta testu politak izateaz gain, ukitu komunikatiboa ere baduela. Dokumentalari unibertsaltasuna ematen saiatu ginen, ez zedin Goierrin edo Euskal Herrian soilik gelditu, eta uste dut horrek indarra eman diola filmari.

Lantalde sendoa izan duzue dokumentalaren sormen prozesuan.

Bai. Dokumental honek lau zuzendari ditu, eta horietatik hiru Landarlan Ingurumen Elkarteko kideak gara. Hasieran zerbait xumea egin nahi genuen, baina gero Iban Toledorekin harremanetan jarri ginen, eta dokumentala ikuspegi teknikotik gauzatzerakoan Iban ezinbesteko pieza izan zen. Orduan hasi ginen zerbait txukuna egiteko intentzioarekin, eta hainbat aditurekin jarri ginen kontaktuan. Bestalde, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek testu zoragarri bat osatu zuten. Lantalde osoak oso ondo funtzionatu du hasieratik amaieraraino.

Zer helarazi nahi izan duzue dokumental honen bidez?

2017an Aralarren 20 kilometroko pista proiektu bat egitea planteatu zuten, eta guk uste dugu ez dela behar proiektu hori. Zatika-zatika gero eta pista gehiago egiten aritu dira azken urteetan, eta dokumentala egitean konturatu ginen arazoa ez zela pistena soilik. Hasieran dokumentalaren helburua zen Aralargo natur eta kultur ondarea erakustea, baina irudiak hartzera joaten ginen aldiro beste arazo larri batzuetaz ere ohartzen ginen. Beraz, hasierako ideia zen dokumentala pisten gaian zentratzea, baina gero ikuspegia aldatu genuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak natur parkean egiten duen kudeaketaz ere aritu gara filmean; izan ere, kudeaketa kaskar horrek hainbat ondorio ekarri ditu; baso falta, pistetatik kanpo dabiltzan autoen deskontrola... Hori dela eta, pentsatu genuen Aralarren alde zerbait egitea, eta Aralargo ondarea erakutsi dugu, jendeak ikus dezan inguruan zer-nolako altxorra dugun inguruan.

Gipuzkoaren eta Nafarroaren mugan dago Aralar, eta dokumentalaren sinopsian aipatzen da Aralarrek ez duela ezer banatzen, lotu baizik.

Aralar muga administratibo batek banatzen du, baina bi aldeen artean beti egon da harremana, bai biztanleen artean, bai lurraldeen artean. Euskal Herriaren erdi-erdian dago, gainera, mendilerroa. Pisten kontu horrekin hausturak izan dira, eta tentsio asko eragin du gai horrek herritarren artean. Lehen ere egongo ziren gorabeherak, baina orain pistengatik dauden tentsioak hausturarako bidea dira, eta iruditzen zaigu Aralarrek lotu egiten gaituela, eta ez banatu.

Aralargo irudi txundigarriez gain, zer gehiago ikusiko du ikusleak dokumentalean?

Dokumentalean aditu jendeari hitza ematen saiatu gara. Ematen du Aralarren artzainek bakarrik egiten dutela lan, baina urtean zehar jende asko aritzen da bertan lanean: ikertzaileak, babes-neurriak jartzen ari direnak, natur parkearen kontserbazioaren alde lanean ari direnak, Euskal Herriko Unibertsitateko kideak zein Aranzadikoak... Bost bloketan banatu genuen dokumentala, lurretik edo lurazpitik hasten da, eta kudeaketaren inguruan hitz egiten amaitzen dugu. Bloke batetik bestera, berriz, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek egindako testuak daude; Loreak berak esaten duen moduan, testuak poetiko-politikoak dira. Filmean irudi ikusgarriak daude, eta dokumentala grabatzen asto batekin ibili ginen, ez baikenuen natur parkean motordun ibilgailurik erabili nahi. Jendeak Aralar bere osotasunean ikusiko du dokumental honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide