Porrot mingarria erdietsi du Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 31a, 22:34

Xabier Artetxeren mutilek 1 eta 2 galdu dute Ariznabarraren aurka gaur arratsaldean Txerloian jokatu duten neurketa. Etxekoek lehen zati ona egin duten arren, bigarrena hasi eta berehala bi gol jaso dituzte, eta ezin izan diote partidari buelta eman.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak ezin izan du garaipenik lortu Espainiako Hirugarren Mailako ligako hirugarren jardunaldian. Etxean hartu du dute Ariznabarra talde arabarra, 16:30ean hasita Txerloian jokatu duten partidan, eta itxura txarrik eman ez duten arren, 1 eta 2 bukatu dute neurketa.

Lehendabiziko zatian ondo jokatu dute Xabier Artetxeren mutilek; aurkariak baino erosoago aritu dira zelaian, eta gol aukerak ere sortu dituzte. Baina arabarrak ez zeuden barkatzeko; kontraerasoan gogor saiatu dira eta haiek ere sortu dituzte aukerak.

Partida hasi eta berehala, 11. minuturako, azkoitiarrek bi korner izan dituzte alde, eta bietan ere hurbil izan dute gola. Hemeretzigarren minutuan, Ander eta Axik egindako jokaldi bati esker, berriz iritsi dira aurkarien atera, baina atezainak gelditu du Axiren jaurtiketa. Eta 35. minutuan beste horrenbeste egin du Jokinek buruz egindako erremate batekin. Horrenbestez, markagailua hutsean zela iritsi dira atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean etorri da gainbehera, eta beste kolore bat izan du bigarren zatiak. Hasi eta berehala, hamar minutuan bi gol jaso dituzte gorrixek, eta hor bukatu da partida. Hortik aurrera, nahi eta ezinean aritu dira azkoitiarrak; saiatu, saiatu dira, baina gehiago izan dira Ariznabarrako jokalariak. 83. minutuan, bi taldeak hamarna jokalarirekin zirela, azkoitiarren aldeko penaltia agindu du epaileak. Anderrek jaurti du, eta baita sartu ere. Horrela bukatu da partida, etxeko taldeak 1 eta 2 galduta, Txerloian bildu diren 296 ikusleen aurrean. 

Artetxeren mutilek bi puntu eskuratu dituzte orain arte jokatu dituzten hiru partidetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide