Xabi Solano: "Poza eman digu Azkoitian kontzertua mantentzeak"

Nerea Uranga 2020ko urr. 29a, 18:00
Xabi Solano. (Argazkia: Mauka musikagintza)

Xabi Solanok (Ereñozu, Hernani, Gipuzkoa, 1978) kontzertua eskainiko du larunbatean, 20:00etan hasita, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Ereñotzu eta Bi bakarkako bi lanetan jasotako hainbat pieza joko ditu.

Orain dela lau urte kaleratu zenuen Ereñotzu bakarkako lana. Eta iazko abenduan plazaratu zenuen bakarkako bigarrena: Bi, disko bikoitza. Nolako ibilbidea izan du bigarren disko horrek?

Oso ondo joan da bigarren lan hori, pare bat abesti asko entzun dira; Maren abeslariarekin egindako Euri artean, esaterako. Diskoa asko entzun da, baina pandemia honek ez du asko lagundu. Martxoaren 20an hasi behar genuen disko horri lotutako emanaldien bira, eta larrialdi egoerak eta itxialdiak bete-betean harrapatu gintuen. Ondorioz, kontzertu pilo bat bertan behera gelditu zitzaizkigun. Udan eman genituen kontzertu batzuk eta, orain, indarrak hartzen hasita ginenean, berdina gertatu da. Azkoitiko kontzertua ere bertan behera geldituko zen beldurra genuen, baina aurrera egin du eta oso pozik gaude.

Larunbatean Baztartxo antzokian eskainiko duzu emanaldia, areto itxi batean eta aforo mugatuarekin.

Bakarkako proiektuko kontzertuak areto itxietan ematen ari naiz batik bat. Ez da Esne Beltza taldearekin bezala, ahal dugula jo antzoki batean edota kalean. Bakarkako proiektuari lotutako emanaldi hauek kalean ere egin ahal dira, baina eserita ikusteko ere oso ondo dago ikuskizuna. Sei musikarik eta lau dantzarik parte hartzen dugu ikuskizun honetan: Kimua dantza kolektiboko lau dantzarik eta sei musikarik.

Bi diskoko piezak joko al dituzu Azkoitiko kontzertuan? 

Ereñotzu diskokoak eta Bi lanekoak, bietakoak eskainiko ditugu larunbateko emanaldian. 

Jendea kontzertu gosez antzematen al duzu?

Bai, jendea kontzertuetarako gogoarekin dago. Esaterako, aste hauetan mezu piloa jaso ditut Azkoitiko kontzertua egingo den galdezka. Jakin dutenean aurrera doala kontzertua, batzuk oso pozik azaldu zaizkit; beste batzuk, ordea, oso triste jarri dira kanpotarrak direlako. Mezu pilo bat ari naiz jasotzen; izugarrizko mugimendua dago, aztoramena. Azaroan eta abenduan ere asteburuero daukat kontzertu bat hitzartuta: hurrengo asteburuan Ermuan, ondoren Donostian Kursaalean, gero Bergaran, Leioan... Kontzertuak bertan behera uzten badira kolpe handia izango da, eta ikusten da hau luzerako izango dela.

Esne Beltzarekin Azkoitiko plazan kontzertuak egin izan dituzu. Nolako publikoa da Azkoitikoa?

Azkoitira jotzera joan izan garen bakoitzean, herriko plaza bete egin da goraino. Azkoitian jo izan dugu neguan ere, herriko tabernariek antolatutako kontzertu horietan, eta nahiz-eta hotza egin, jendea beti joan da gu ikustera. Plazako kontzertuetan giro ederra sortu izan da. Festa giroko herriak dira Azkoitia eta Azpeitia, eta toki horietan trikitia asmo maite dute. Hortik bertatik trikitilari handi asko ateratakoak dira: Laja eta beste hainbeste. 

Bakarka hasi zenuen ibilbide honetan gustura al zabiltza?

Oso-oso gustura nabil, berriz ere trikitixa astintzen ari naizelako. Esne Beltzarekin ez dut hainbeste astintzen trikitia eta faltan botatzen nuen behatzak dantzatzea. Nire bakarkako proiektuarekin hori egiteko aukera daukat, eta arreba [Kistiñe Solano] ere aldamenean daukat panderoarekin eta ahotsarekin, eta horrek ilusio berezia egiten dit.


Esan duzu bigarren bakarkako lana kaleratu eta laster pandemiak harrapatu zintuela. Zer egin duzu itxialdian?

Nahiko lan eduki nuen konfinamendu garaian; izan ere, Oiartzungo Ikastolan musikako irakaslea naiz eta Zumaiako musika eskolan trikitixa eta panderoa erakusten ditut. Ondorioz, pandemian nahiko lan eduki genuen telelanean eta. Topera jardun nuen. Hala ere, pandemia garaian Trikitixa liburua III eta diskoa egiteko tartea hartu dut. Aurretik, Trikitixa liburua I eta Trikitixa liburua II eginda nituen, eta esanda nuen hiru aterako nituela. Bada, hirugarren liburua eta diskoa azaroaren 10ean kaleratuko dira.

Beraz, zukua atera zenion itxialdiari?

Bai. Musikariak etxean bakarrik ezin dira utzi, bestela sortu eta sortu aritzen gara.

Pandemiak eragindako egoerak txarrerako eragin dizue kultur arloan aritzen zaretenoi. Nola ikusten duzu egoera?

Paliza hartzen ari gara kultur sektoreko arlo guztietan: musikan, antzerkian, dantzan... Kultur arloan lanean aritzen diren bakarrak ez dira oholtza gainean ikusten diren horiek. Agertokietatik kanpo jarduten duten horiek ere erabat ari dira sektore horretan lanean. Horiek momentu oso gogorrak pasatzen ari dira gaur egun, ez daukatelako lanik, ez diru iturririk. Behin arnas pixka bat hartzen hasita geundenean, ikusten ari ginenean argi pixka bat, behin eta berriro murrizketak datoz handik eta hemendik. Egia esan, izugarrizko poza eman digu Azkoitiko Udalak aurrera egitea erabaki duelako etziko kontzertuarekin, eta eskerrak.

Babes neurriak hartuta kultur ekitaldiak segurtasunez egin daitezke, ezta hala?

Bai, baina ez du hala dela ematen. Azkenean, ondorioak guk ordaintzen ditugu: sortzaileok.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide