Indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa onartu du udalak

Andoni Elduaien 2020ko urr. 29a, 11:00
Telematikoki konektatu behar izan zuten zinegotzi batzuk.

Udalbatzar mistoa egin zuten, izan ere zinegotzi batzuk bilkura aretoan bertan bildu ziren ohi bezala, baina gehiengoak etxetik telematikoki parte hartu behar izan zuten. 

Atzo, urriak 28, udalaren urriko ohiko udalbatzarra egin zuten Azkoitiko Udalean. Hamazazpi zinegotzietatik  sei elkartu ziren udal idazkariarekin batera bilkura aretoan, eta telematikoki aritu ziren gainerako hamar zinegotziak; EAJko Ana Azkoitia, Marijose Arregi eta Mertxe Zubillaga, EH Bilduko Iraitz Otaño, PSE-EEko Janire Igoa eta Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxaniz bildu ziren udaletxean. Gainerako hamar zinegotziak, alkatea barne, telematikoki konekatu ziten bilerara. Eguneko gai zerrendaren bigarren puntuan, gainera, udalbatzar telematikoen eta mistoen funtzionamendu arauak onetsi zituzten, lehenik ekimena aurrera eramatea adostuta; aho batez onartu zuten lau alderdietako hamazazpi zinegotziek. 

Eguneko zerrendaren bosgarren puntuan onartu zuten Azkoitiko udalerrian indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko 2020ko protokoloaren dokumentua. Javier Zubizarreta alkateak zorionak eman zituen. "Modu honetako lan bat aurreratzea, adostasun batekin, oso berezia iruditzen zait. Zorionak batzordean ibili zareten guztioi", azaldu zuen alkateak. Mertxe Zubillaga zinegotziak, bestalde, adierazi zuen Azkoitiko Udalak orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiak landutako protokoloa izan duela, eta jakinarazi zuen Azkoitia Bai herri plataformak egin zuela protokoloa Azkoitiko herrira egokitzeko eskaera. "Berdintasun teknikariak garatu du protokoloa eta udalbatzarrera ekarri aurretik alderdi guztiok bildu gara protokoloa aurkezteko, ekarpenak jasotzeko, horiek txertatzeko eta azken onespena emateko", hasi zen Zubillaga. Txostenak "alderdi guztien adostasuna" jaso zuela azaldu zuen segidan Berdintasun zinegotziak, eta hori jasotakoan herriko talde feministarekin bildu zirela. "Berdintasun teknikaria eta biok Sostenipe talde feministarekin elkartu ginen, protokoloa zuzenean aurkezteko; haiek ere beren iritzia emateko aukera izan zuten. Ondo ikusi zuten protokoloa, eta beraz, hona dakargun protokoloa alderdi guztiok adostutakoa eta herrira egokitutakoa da. Guztion desioa da inoiz martxan jarri beharrik ez izatea".

Jose Joakin Etxanizek azaldu zuen protokoloa alderdi guztien artean eztabaidatzeko "nahikoa aukera eta denbora" izan dutela. "Aurreko legealditik ari ginen eskatzen eta badirudi legealdi berriak on egin dizuela, ia hasieratik eman baitiozue garrantzia gai honi. Azkoitiko talde feministarekin harremana sendotzeko prestutasuna ere agertu diguzue, eta protokolo honen gainean beren iritzia emateko aukera izan dute", azaldu zuen. Arrazoi horiegatik baiezko botoa eman zion Azkoitia Baik. EH Bilduko Iraitz Otaño bozeramaileak, bestalde, eskerrak eman zizkien koalizioak egindako ekarpenak dokumentuan jaso izanagatik. "Nahiz eta izenburuan indarkeria sexista aipatu, gure herrian bestelako indarkeria matxistak gertatuz gero horiei erantzun instituzionala emateko protokoloa adosteko aukera izan dugu. Urrats bat gehiago da, baina iruditzen zaigu honi jarraipena emateko eta indarkeria matxistarekin amaitzeko garrantzitsua dela gaiari jarraipena egiten dion mahai politikoa martxan jartzea", azaldu zuen Otañok.

Kreditu gehigarria eta plan estrategikoa

Eguneko zerrendako hirugarren puntuan, berriz, kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 6 zenbakidun espedienteari buruz aritu ziren. Ana Azkoitia EAJko zinegotziak jakinarazi zuen 60.049 euroko kreditu gehigarria aurkeztu zuen. Horietatik 25.900 euro gerakinetik hartuko ditu udalak, eta gainerako 34.149 euro Gipuzkoako Foru Aldunditik Azkoitiko Udalera etorriko diren sarrerak izango dira. Azkoitiak jakinarazi zuen aldundiak emandako sarrera hori merkataritza bideratzeko diru-laguntzetan erabiliko dutela. "Laster aterako dira. Uste dugu 15 egunera-edo diru laguntza horiek ateratzeko moduan izango garela", esan zuen Azkoitiak.

Kreditu gehigarriko 69.049 euro horiek gastuetan udalak nola banatuko dituen azaldu zuen segidan Azkoitiak. 34.149 euro merkataritzako diru-laguntzetan COVID-19aren eraginez merkatariek egin dituzten inbertsioei laguntzeko izango dira. Beste 12.000 euro Gurea pilotalekuko, Txerloia futbol zelaiko eta Berdura plazako eraikinen mantenu lanetara bideratuko ditu udalak, lehen jarritako partidak "gutxiegi" zirela argudiatuta. Azkoitiko Elikagai Bankuarentzat, bestalde, 1.900 euroko diru laguntza sortuko dutela iragarri zuen Azkoitiak, eta Helduen Eskolako aire egokituko sistema berrira 12.000 euro bideratuko ditu udalak.

2020-2022 Azkoitiko Udaleko diru laguntzen plan estrategikoan egindako aldaketak jakinarazi zituen udalak. Araudiaren arabera, diru laguntza guztietan, bai sortu berrietan eta bai aldaketa bat egiten den zaharretan, aldaketa egin behar da plan estrategikoan. Horrenbestez, udalak hiru diru laguntza sartu ditu planaren aldaketan. Alde batetik, Pauso Berriak programarentzako udalak 4.050 euroko diru laguntza sortu du. Bestalde, Marea Urdinari aldatu egin diote diru laguntza, eta 2.710 eurokoa izango da aurtengoa. COVID-19 aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko 34.149 euroko diru laguntza eta Elikagai Bankura bideratutako 1.900 eurokoa ere gehitu ditu plan estrategikoaren aldaketa. Puntu hori ere udal talde guztiek aho batez onartu zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide