Bederatzi herritarren artean banatu ditu Herrixenek 'Prezio Justua' lehiaketako sariak

Andoni Elduaien 2020ko urr. 27a, 16:47

Merkatari elkarteak "harrigarritzat" jo du bederatzi herritarrek prezio beraren aldeko apustua egitea. Gaur, asteartea, banatu dituzte sariak.

Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteak gaur, asteartea, banatu ditu 'Prezixo Justue' lehiaketako sariak. Elkarteak azaldu duenez, 8.000 parte hartze baino gehiago izan ditu lehiaketak. Parte hartzaileek Rural Kutxako erakusleihoaren zenbateko balioa asmatu behar zuten, edota ahalik eta gehien hurbildu, preziotik pasatu gabe.

Erakusleihoaren balio justua 2.810,21 eurokoa izan zela iragarri zuen atzo merkatari elkarteak, eta inork prezio zehatza eman ez badu ere, bederatzi herritarrek 2.810 euroko prezioa eman zioten erakusleihoari; Herrixenek "harrigarritzat" hartu du hori. Idoia Gurrutxaga, Feli Ruiz, Ianire Palacios, Arhane Uribeetxeberria, Luix Zialtzeta, Asier Alberdi, Urrategi Zubizarreta, Igor Aranbarri eta Agustin Garcia izan dira 'Prezio Justua' lehiaketako irabazleak. 

Lehiaketaren oinarrietan jasota zegoen moduan, erakusleihoko produktu guztiak bederatzi irabazleen artean banatu behar izan dituzte, eta horiek gaur, asteartea, jaso dituzte sariak. Antolatzaileek zozketa egin dute lehenengo, eta horren arabera, irabazleak sariak banan-bana hasi dira hautatzen, txanda bakoitzean sari bana jasoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide