Lasterketarik ezean, egoera berrira moldatu behar

Andoni Elduaien - Nerea Uranga - Olaia Juaristi 2020ko urr. 25a, 10:14

Martxoaz geroztik, bertan behera gelditu dira atletismoari lotutako proba gehienak. Horrek zuzenean eragin die herriko korrikalariei, eta egoera berrira nola moldatu diren kontatu dute Joseba Diaz eta Mari Carmen Seijas korrikalariek eta Pedro Muñoz atleta eta Xeyeko kideak.

Joseba Diaz: "Lasterketak jokatu ezinak ez dit hainbesteko penarik ematen, egoera bera baita penagarria"

"Egia esan, urte hasieran ez nekien zer lasterketa egin, ezta mendi lasterketetara itzuli edo errepidean jarraitu ere. Ez nengoen inon izena emanda. Donostiako Maratoia eta gero, lasai egotea erabaki nuen, eta ondoren pandemia etorri zenez, guztiz baztertu nituen lasterketak eta entrenamenduak.

Lasterketak jokatu ezinak ez dit hainbesteko penarik ematen; izan ere, orokorrean, egoera bera da penagarria, eta ez kirolean bakarrik, arlo askoz ere garrantzitsuagoetan baizik. Hala ere, entrenatzen jarraitzen dut, baina agian ez hain zorrotz. Korrika egitea gustatzen zait, eta sufritzea ere bai, baina oso nekatuta egonez gero, orain atseden gehiago hartzen dut. Ez nago motibatuta lasterketa zehatz bati begira, baina korrika egitea nire afizioa denez, ez dut behar aparteko motibaziorik korrika egiteko. Gainerakoan, nire egunerokotasuna berdin-berdina da lasterketak egin edo ez. Asteburuetan zerbait ezberdina egiten dut, eta kito.

Aurrera begira, berriz, zerbait egingo dugu. Hori bai, ideiarik ez dut non, noiz eta zer distantziatan izango den, baina dortsala eramatea gustuko dut, eta egingo dut zerbait".

 

Mari Carmen Seijas: "Badaude lasterketak egiteko moduak"

"Hilean bi edo hiru lasteketetan parte hartu ohi nuen lehen, lasterketa pila bat egon ohi dira-eta martxotik aurrera. Egoera honegatik, ordea, lasterketa asko utzi dituzte bertan behera. Esaterako, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartzekoa nintzen, baita Pirininoetako mendi lasterketa batean ere; azaroan, berriz, minbiziaren aldeko lasterketa egin nahi nuen. Ez dut lasterketa askotan parte hartu, mendi lasterketa batean eta Bizkaiko beste proba batean ere bai. Izena emateko aukera irekitzen duten lasterketa guztietan ematen dut izena, baina gero batzuk bertan behera uzten dituzte. 

Planifikazioa ere guztiz aldatu zait. Gogo gutxi dudan egunetan neure buruari entrenatzera ez naizela joango esaten diot. Errazagoa da uztea, eta askoz zailagoa motibazioa lortzea. Lagunekin geldituz gero aitzakia duzu, baina bakarrik zaila da. Ondorioz, entrenatzeko modua ere asko aldatu dut. Lasterketan parte hartzen nuenean, seriek-eta egiten nituen abiadura hartzeko, baina orain lasterka egiten dut soilik. Azkenean, zertarako hartu behar dut abiadura, lasterketarik ez baldin badago? Lasterketak daudenean hasiko naiz lan horiek egiten. 

Badakit egungo egoera zein den, baina martxoaz geroztik ondo antolatuta zeuden lasterketetan parte hartu dut. Bizkaian egin nuen lasterketa batean, esaterako, hamar ilaratan antolatuta ematen zuten irteera; ilara bakoitzean, gainera, bost pertsona jar zitezkeen gehienez. Irteeran, berriz, zintak zituzten lurrean jarrita, segurtasun distantzia mantentzeko. Aurreneko 50 korrikalariak abiatu ondoren, handik hamar minutura beste 50 lasterkari ateratzen ziren. Maskara jantzita abiatu behar izan genuen irteeratik, eta 100-200 metro egindakoan kendu. Helmugara iritsitakoan, berriz ere maskara jantzi beharra zegoen. Adibide bat besterik ez da, baina badaude lasterketak egiteko moduak".

 

Pedro Muñoz: "Aurrera begirako planifikazio bat egitea zaila da gaur egun"

"Krosak erabat bertan behera gelditu dira edota probak atzeratu egin dituzte; esaterako, martxoan jokatzekoa zen Munduko Kros Txapelketa ere bertan behera gelditu da. Euskal Herrian, aurtengo kros denboraldiko lehen lasterketa azaroaren 1ean jokatzekoa zen Lasarte-Orian, baina dagoeneko bertan behera utzi dute proba hori.

Nire irudipena da aurten ez dela jokatuko da kros txapelketarik. Nazioarteko krosen artean, berriz, Atapuercakoa-eta bertan behera utzi dituzte. Atapuercan hamabi-hamalau lasterketa jokatzen dira egun berean, eta milaka korrikalarik parte hartzen dute.

Konfinamendua tarteko jokatu gabe gelditu ziren pistako txapelketa ofizialak ari dira jokatzen orain. Txapelketak neurri ugari hartuta ari dira jokatzen: serie bakarrera, Ikuslerik gabe eta entrenatzaileak harmailetan egon behar izaten du, ez pistan bertan.

Denboraldi honetan, Azpeitian eskolartekoen saiorik ez du hasi Xeyek. Izan ere, Azpeitiko kiroldegian 40 pertsona inguru biltzen ginen, lau urte desberdinetan jaiotakoak. Haiekin atletismoa joku desberdinen bidez lantzen genuen, nahiko leku txikian.

Federatutako atletekin ari gara entrenatzen; Azkoiti-Azpeitiko hamasei korrikalarirekin. Horiei asteko entrenamendu saioa prestatzen diet, eta batzuk beren kasa jarduten dute plan hori aurrera eramaten. Nik jarraipena egiten diet gero.

Gertatzen ari dena da aurrera begirako planifikazio bat egitea zaila dela gaur egun, ez dakigulako hilabete barru zer gertatuko den. Izan ere, batzuek kroserako prestatzen jardun dute, eta orain lasterketak bertan behera gelditu dira; pistakoak, aldiz, egiten ari dira. Berez, ohiko egoeran, datorren hilean kros denboraldia hasiko genuke, eta, segidan, pista estalikoa. Dena den, gazteak dira entrenatzen ari direnak, eta, behintzat, pistan aritzeko interes horrekin ari dira prestatzen. Inportanteena hori da, gazteak entrenatzen ari direla. Lehen ia asteero herri lasterketaren bat izaten zen, eta orain ia guzti-guztiak bertan behera daude utzita".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide