Bertso saioa egingo dute bihar Baztartxo antzokian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 22a, 08:13

Lujanbio, Egaña, Mendiluze eta Gaztelumendi izango dira biharko bertso saioko protagonistak. 22:00etan hasiko da saioa, Baztartxon.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta Floreaga Salestar Ikastetxeak udalaren laguntzarekin antolatuta, bertso saioa egingo dute bihar, ostirala, Baztartxo antzokian. Maialen Lujanbiok, Andoni Egañak, Aitor Mendiluzek eta Beñat Gaztelumendik parte hartuko dute 22:00etan hasiko den saioan. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Juan Inazio Sudupe arituko da. 

Saiorako sarrerak bihar bertan eskuratu beharko dira Baztartxo antzokiko leihatilan; 21:00etan irekiko dute txarteldegia. Maxixatzeneko bazkideek doan jasoko dute sarrera, baina gainerako herritarrek 6 euro ordaindu beharko dute.

Nola bazkideek hala gainerako herritarrek, ilara egin beharko dute sarrera eskuratzeko, eta bakoitzak bere txanda iristean jaso beharko du sarrera. Bazkideen kasuan, Maxixatzeneko arduradunek zerrenda pasatuko dute atean, eta izen-abizenak ematea nahikoa izango dute. Egungo osasun egoera dela-eta, segurtasun neurriak errespetatzea nahitaezkoa izango da saio guztian zehar.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide