Haizeteak kalteak eragin ditu Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 21a, 09:59
Zuhaitz bat eraikin baten gainera erori da Madariaga auzoan. (Argazkiak: udala)

Zumarragara bideko errepidea, Elosuko errepidea eta Azkarateko bide zaharra itxita egon dira une batez; izan ere, hainbat zuhaitz bota ditu haizeak bertan. Bestalde, Madariagan, Kukuherrin eta Santa Kutzen ere zuhaitz batzuk erori dira.

Haizeak gogor jo du bart Euskal Herrian, eta nola ez baita Azkoitian ere. Haize-boladak kalte ugari utzi ditu han eta hemen, eta Azkoitian bereziki herrigunetik kanpo izan du eragina. Zenbait zuhaitz eta adar lurrean ikus zitezkeen goizean, baina kalterik nabarmenena trafikoan eragin du.

Hainbat zuhaitz erori dira Azkarateko errepide zaharrean eta baita Azkoitia eta Zumarraga arteko GI-631 errepidean ere; trafikoa itxita ere egon da une batez bi leku horietan, zuhaitzez gain argiaren kable bat ere erori delako. Hala eta guztiz ere, errepidea garbitzeko lanak egin ondoren ireki dute trafikoa bi noranzkoetan.

Horrez gain, Kukuherrin, Elosun ea Madariagan ere ere zuhaitz asko bota ditu haizeak; Madariagan, esaterako, etxe baten gainera erori da zuhaitza. Elosun, aldiz, auzotarrek jardun dute errepide gainera eroritako zuhaitzak bidetik kentzen. Santa Kutz auzoan, ostera, beste zuhaitz bat erori zen atzo arratsaldean.

Aemetek inguruko herrietan dituen haize neurgailuek emandako datuen arabera, Azpeitian 67 kilometro orduko haize bolada neurtu dute goizaldean. Elgoibarren, berriz, 78 kilometro orduko haizea neurtu dute eta Zumarragan 73 kilometro ordukoa.

Zuhaitz bat errepide gainera erorita. (Argazkia: @teheleido)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide