Joanes Balentziaga eta Ander Lizarralde nagusi, Euskadiko IV. Uztai Txapelketan

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 11a, 17:38

Behi Suharraren IV. Eguna ari dira ospatzen gaur Azpeitiko zezen plazan. Goizean, eguraldiari aurre eginda, Euskadiko IV. Uztai Txapelketa jokatu dute, eta jende ugari bertaratu da zezen plazara. Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak jantzi dute txapela. 

Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak jantzi dute txapela Azpeitiko zezen plazan jokatutako Euskadiko IV. Uztai Sariketan. Euria goian behean ari zela, 12:00etan ekin diote Behi Suharraren IV. Egunerako antolatutako ekintzei, uztai txapelketarekin. Eguraldiak lagundu ez badu ere jende ugari bertaratu da ikuskizunaz gozatzera, eta giro ederra izan da zezen plazan.

Guztira, hamar ganadutegik parte hartu dute Behi Suharraren Egunean: Bergarako Zezenak, Manzarbeitia, Leizarran, Marques de Saka, Ibiri, Lopene, Zelai Luze, Arno, Ruso eta Azpeitiko Berrosueta. Ganadutegi bakoitzak behi bat jarri du, eta behi bakoitzarekin errekortari bikote bat aritu da. Estu egon da lehia, parte hartu duten bikote gehienek uztai bat sartzea lortu baitute. Berdinketa egon denez, epaimahaiak beste irizpide baten arabera aukeratu ditu txapeldunak. Hain zuzen, uztaia azkarren sartu duen bikotea izendatu dute irabazle. Horrenbestez, Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak jantzi dute txapela. 

Uztai Txapelketako irabazleak ez ezik, proba horretan erabaki dute zein izan den behirik suharrena; hau da, ausartena edo errekortariei zailtasun gehien jarri dizkiena. Bergarako Zezenak ganadutegiko Begibeltz izan da behirik onena, Balentziagarekin eta Lizarralderekin aritu den behia, hain zuzen. 

Hona hemen goizeko irudiekin nahiz Joanes Balentziagaren, June Urainen eta Xabier Iturralderen adierazpenekin Erlo Telebistak egin duen bideoa:. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide