Langabezia tasak 0,7 puntu egin du behera irailean

Andoni Elduaien 2020ko urr. 7a, 08:00
Argazkia: Pixabay

0,7 puntu jaitsi da langabezia tasa abuztutik irailera bitartean. Joan den hilaren amaieran, 599 azkoitiar zeuden lanik gabe, Lanbidek emandako datuen arabera.

Udako oporraldiaren ondoren, langabeziak beheranzko joera hartu du irailean Azkoitian. Joan den hilean langabezia %10,2an kokatu zen, hau da, abuztuan baino 0,7 puntu baxuagoa izan zen. Lanbidek emandako azken datuen arabera, iraileko langabezia tasa ekaineko datuaren antzekoa da, orduan %10,1 baitzen tasa.

Azkoitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%11,2) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,5) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,6 da –abuztuan %9,5 zen–. Zenbateko hori baino %0,7 altuagoa da Azkoitikoa egun.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, irailaren amaieran 599 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian, abuztuan baino 37 gutxiago. Langabe horiek guztietatik 285 ziren gizonak, eta 314 emakumeak; hau da, emakumeak dira langabeen erdia baino gehiago.

Adin tarteka, berriz, aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko herritarren artean 33 gizon eta 22 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko tartean, ostera, 122 gizon eta 154 emakume; eta 45 urtetik gorakoetan, 130 gizon eta 138 emakume. Azken hilabeteetako joerari eutsiz, irailean ere gazteenen adin tartean emakume langabe gutxiago zeuden. Gainerako bi adin tarteetan, ordea, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Dena den, irailean ere lanik gabe zeuden herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak dira.

Bestalde, irailaren amaieran langabezian ziren herritarrek aurrez zer eremutan lan egiten zuten ere zehaztu du Lanbidek kaleratu duen txostenean: 27 nekazaritzan, 104 industrian, 28 eraikuntzan, 338 zerbitzuetan; 102 lagun zeuden lehendik lanik gabe. 

Eskualdeko datuak

Aipatzekoa da eskualdeko kostaldeko eta barrualdeko herrien artean joera desberdina izan dela. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan behera egin du langabeziak, eta modu berean mantendu da Errezilen. Gainerako herri guztietan, ordea, gora egin du langabeen kopuruak abuztuarekin alderatuta: irailean, guztira, 3.636 lagun ziren lanik gabe, abuztuan baino 27 pertsona gehiago.

Eskualdean lanik gabe zeuden pertsonetatik 1.579 gizonezkoak dira, eta 2.057 emakumeak. Aipatu behar da, gainera, lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa dela eskualdeko ia herri guztietan; Zestoan, aldea txikia bada ere, gizonezko gehiago dago langabezian.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %7,4 (abuztuan, %6,4)
  • Aizarnazabal %15,1 (abuztuan, %14,2)
  • Azpeitia %10,2 (abuztuan, %10,7)
  • Beizama %10,2 (abuztuan, %8,5)
  • Errezil %6 (abuztuan, %6)
  • Getaria %7,1 (abuztuan, %7)
  • Orio %9,9 (abuztuan, %9,5)
  • Zarautz %9,4 (abuztuan, %9)
  • Zestoa %9,5 (abuztuan, %10)
  • Zumaia %9,6 (abuztuan, %9)

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena (%15,1), eta haren ostean dira Azkoitia, Azpeitia eta Beizama, hiru herriak %10,2ko tasarekin. Horiekin batera, Oriok gainditzen du eskualdeko tasaren batez bestekoa (%9,9); tasa bera dute, gainera, Zumaian. Gainerako herri guztietan baxuagoa da langabezia tasa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide