ATZERA BEGIRA

Aurrekoari so, egungoa ezagutzeko peskizan

Nerea Uranga 2020ko aza. 15a, 10:17

Hegi desberdinetatik, baina hirurak historia eta gertaerak aztertzen edota erakusten ari dira gaur egun. Unibertsitatean Historia ikasketak egindakoak dira Ione Zuloaga Muxika (Azkoitia, 1995) eta Ekaitz Etxezarreta Ibañez (Azkoitia, 1988); biak ala biak Historia Garaikidean espezializatuak dira. Kepa Alberdi Egaña (Itziar, Gipuzkoa, 1962), berriz, delineatzailea da lanbidez, eta tailer batean jarduten du lanean. Afizioz, ordea, historiako gertaerak aztertu, eta artikuluak idazten ditu.

Hiruretan gazteena da Zuloaga, eta egun Aranzadi zientzia elkartean ari da lanean. Hainbat udalerritako oroimen historikoa eta gertuko oroimena lantzen jarduten du. Esaterako, Getariako oroimen historikoarekin ikerketa bukatu berri dute, eta orain, Zestoakoa aztertzen ari dira.

12 urterekin sortu zitzaion bere arbasoek bizi izan zutena ezagutzeko interesa Zuloagari. "Etxean kontu zaharrak entzuten nituen, eta gerra eta diktadura garaiaren ingurukoak gustura entzuten nituen. Beti galdezka aritzen nintzen: zer gertatu zen, zergatik. Banuen beste zaletasun bat ere: askotan, ibaira jaitsi eta harriren bat edo beste hartzen nuen, eta beste norabaitera joan eta fosilen bat aurkitzen banuen, hura ere gorde egiten nuen. Halako batean, 14 urte nituela edo, irakasle batek galdetu zidan zer nuen gustuko. Harriak, fosilak eta historia gustatzen zitzaizkidala erantzun nion. Orduan, arkeologoa izan beharko nuela esan zidan. Harrituta gelditu nintzen; aurreneko aldia zen hitz hura entzuten nuena. Ondoren, Arkeologia edo Historia ikasiko nituela esaten nuen beti. Arkeologia, ordea, Madrilen edo Bartzelonan ikas daiteke eta Historia Gasteizen, gertuena. Azkenean, Historia egitea erabaki nuen. Unibertsitatean, baina, apenas ikasi genuen Gerra Zibilaz. Gatazka hura zergatik gertatu zen jakitea inportantea da gure herriarentzat. Errekonozimendua egitea garrantzitsua da, baina garai hura ezkutatu edota ezer gertatu ez balitz bezala egin izan da".

Horrenbesteko jakin-mina sortzen zion gaiari heldu zion Zuloagak unibertsitateko ikasketetako gradu bukaerako lana egiteko; 36ko gerran eta Francoren diktaduran Azkoitian eragina izan zuten bost eraikin aztertu zituen: "Zelaianekoa edo Leturiondo etxea, garai hartan konfiskatu egin zuen Junta Karlistak eta bertan eduki zuten jangela. Juin dorrea izan zen aztertu nuen bigarrena; kartzela izan zen hura, eta bertan aurrena frankistak eduki zituzten preso eta gero, berriz, errepublikarrak. Floreaga izan zen hirugarren eraikina, bertan ospitale militarra egon zen. Laugarrena, Gurea pilotalekua aukeratu nuen, Francoren tropek konfiskatu zuten; garai hartan nire birraitonarena zen pilotalekua. Ikertu nuen bosgarrena, berriz, orduan tailerra izandako eraikina zen, bertako langile ia guztiak emakumeak ziren; Elgoibar alderako biribilgunean aurrera eginda zegoen". Lan horrekin, eraikinen atzean informazio asko dagoela adierazi nahi izan zuen historialariak: "Esaterako, Juin dorrean plaka bat dago eta bertan eraikina zein garaitakoa den deskribatzen da. Eraikin batek, ordea, hori baino informazio gehiago biltzen du. Garai desberdinetan era askotara erabiliak izan dira, eta informazio hori ere garrantzitsua da. Adierazgarria da gure historian horrelako gauzak estalita, gordeta eta ezkutatuta egotea". Hori guztia beldurraren eragina dela uste du Zuloagak: "Gure arbasoek asko sufritu zuten garai hartan, eta kaxa batean gorde dituzte oroimen guztiak. Beraz, bada garaia, kaxa hori ireki eta ezkutuan dagoen hori guztia aztertzen eta argitara ateratzen hasteko".

Gauza bitxietan arreta

Bere zaletasunari helduta hainbat lan plazaratzen ari da azken urteetan Alberdi: hango eta hemengo kaxak irekiz, Euskal Herriaren historiako gertaerak ikertuta eta Azkoitira ekarrita, hamaika pasadizo kontatu ditu Maxixatzen aldizkarian eta webgunean.

Txikitatik gustatu izan zaio irakurtzea Alberdiri, eta Euskal Herriko historiari buruzko irakurketak atsegin ditu. "1988. urtean, Azpeititik Azkoitira bizitzera etorri ginenean, herriari buruzko kontuak irakurtzen hasi eta zaletu egin nintzen. Handik eta hemendik dokumentazioa biltzen eta apunteak hartzen hasi nintzen; txindurri lanean", azaldu du. Dezente informazio bilduta zuenean, Maxixatzen Euskaldunon Elkartean ibiltzen zen Fernando Aranbarrik aldizkarirako artikuluak idaztera animatu zuen. Ordutik, makina bat egin ditu. Idaztea ere gustuko du Alberdik, baina jardun horretan hutsune bat duela aitortu du: "Guk fraideekin ikasi genuen, eta han dena erdaraz egiten genuen. Euskaraz idazteko arrastorik ez neukan. Ondoren, bi urte kartzelan pasatu nituen, eta han hasi nintzen euskal gramatika ikasten. Ordutik, pixkanaka joan naiz euskara ikasten. Beti sumatu dut falta hori, baina egin dugu ahalegina".

Betikoa baino, historiako gauza bitxiak aztertzea nahiago du Alberdik: "Herri bati nortasuna ematen dioten edota besteengandik bereizten duten gauza bitxiak aztertzea gustatzen zait. Haien bila ibiltzen naiz". Etnografia du gustuko: "Lehengoen bizimoduak eta ohiturak jakitea nahiz ezagutzea osooso interesgarria da. Adibidez, hemengo baserrietako jendea nola bizi zen, zer ohitura zituzten. Niretzat hori guztia jakitea eta ezagutzea oso erakargarria da".

Gaur egun nola bizi garen ulertzeko, arbasoen bizitzaren eta ohituren berri jakitea beharrezkoa da, Alberdiren arabera. Lehengoa ezagutu bai, baina alderdi guztiak jasota; hori da gakoa, haren ustez: "Herriko historiaz ikuspuntu desberdinak eman behar dira. Esaterako, askotan ekartzen dira gogora Peñafloridako kondeak egin zituen gauza batzuk, baina haren beste alde askotaz ez da asko hitz egiten: 52 baserriren jabe zen eta, matxinada bertan behera uzteko, haren aginduz etorri zen Donostiatik ejerzitoa. Egi guztiak atera behar dira, alde guztietakoak".

"Lubakietan lanean"

Historiaren berri nola ematen den eta hori gero nola jasotzen den kontuan hartzea oso garrantzitsua da Etxezarretaren ustez ere. Historia ikasgaiko irakaslea da bera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Eibarko ikastetxe batean. "Lubakietan ari naiz lanean, gerran", dio barrez. Egun ikastetxeetan irakasten dena oso mugatuta dagoela dio: "Bukaeran beti dago azterketa bat, eta horretarako oso mugatuta dago zer eduki eman eta zer ez, zoritxarrez. Unibertsitateko hautaprobara begira irakasten da guztia". Baliabide falta ere nabarmena da, Etxezarretaren ustez. Alegia, gaur egun eskolak emateko "hutsune galanta" dago, aukera digitala kontuan hartuta: "Ikus-entzunezkoak sor daitezke eskolak emateko eta klaseak ikasleentzako erakargarriagoak egiteko. Horrelako egitasmoetarako, baina, sekula ez dago dirurik gure herri honetan". Euskal Herriaren historia irakasteko garaian beste oztopo bat ere antzematen du Etxezarretak: "Ez gara herri bat, erabakiak ez ditugu guk geuk hartzen eta errelato bat inposatu digute. Baliabide eskasia eta bestelako mugak hor daude, baina guri dagokigu hori guztia aldatzea".

Ikasgeletan bakarrik ez, Matadeiko Kontrako Eztarrixe irratiko estudioan ere aritzen da historiako gorabeherez eta istorioez Etxezarreta; Zakel zaltuk saioan, hain zuzen ere. Harekin batera beste hiru lagun dira saio horretako kideak: Xabier Arenaza Mamo, Juan Bautista Mendizabal eta Arkaitz Lopez Garmendia. 2016ko otsailean egin zuten aurreneko saioa, eta hasi berri duten bosgarren ikasturtean 42.a osatu dute dagoeneko. "Gertaeren berri edozein azkoitiarrek ulertzeko moduan ematea izan da gure asmoa, hasiera-hasieratik. Lau pertsonaiak egiten dugu saioa eta bakoitzak bere mundu ikuskera daukagu; horrek egiten du aberatsa". Hasieran, "lotsa pixka batekin" jarduten zutela dio Etxezarretak, baina dagoeneko galdu dute "lotsa gutxi hori". Umorez eta gustura aritzen dira irratsaioan: "Arduraz jarduten dugu, baina bai guk eta bai entzuleek ondo pasatzea da gure nahia". Saioak duen harrera onarekin "harrituta" daude irratsaioko kideak.

"Zergatik?"

Herrian gertatutakoaren berri jakiteak gaur egungo gizarteari zentzua ematen diola uste du Etxezarretak: "Historia ikasteak balio izan dit gaur egunera nola iritsi garen ikusteko; gure herri honi, familiari eta gizarteari zentzu bat topatzeko merezi izan dit". Horretan bat datoz Zuloaga eta Alberdi ere. Egindako "akatsetatik ikasteko eta berriro ez errepikatzeko" baliogarria da herri bateko gertaeren berri jakitea, Zuloagaren iritziz: "Hortik aurrera zerbait berria eraiki dezakegu, edota aurretik zerbait hobea bazegoen hura berreskuratu". Zuloagaren aburuz, gauzak eta gertaerak kontatzeko beldurrak transmisioa eteten du belaunaldien artean, eta eten horrek gerokoa baldintzatzen du. "Oroimen historiko garbia eta argia izango bagenu, gaur egun ez ginateke gauden egoeran egongo, agian". Garai bakoitzean boterea zeinek izan, haren arabera dago historia idatzita, Alberdiren hitzetan. "Bada ordua horri buelta ematen hasteko, eta dagoeneko zenbait jende ari da txindurri lanean ezkutukoa agerian jartzeko. Historia ertz desberdinetatik ikusita idatzi behar da. Niri historia aztertzen jarduteak herria gehiago maitatzeko balio izan dit".

Herri baten historia idazteko garaian "zergatik?" galdera egitea inportantea dela uste dute hiru historialariek. Hala azaldu du Zuloagak: "Zergatik gertatu da? Nolatan? Dokumentu bat esku artean hartu eta horiek dira egin beharreko galderetako batzuk. Idatzia irakurri eta bere horretan ez da utzi behar. Kontuan hartu behar da zer kontatu dizuten dokumentu horrekin harremana izan duten pertsonek. Dokumentuaren edukia interpretatzen saiatu beharra dago". Alberdiren arabera, "gauzak ez dira gertatzen gertatu behar dutelako. Horren atzean beti zerbait egoten da, eta garrantzitsua da kausa hori aurkitzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide