Iñigo Uzin: "Konfiantza izan behar dugu, baditugulako baliabideak eta erremintak"

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 8a, 12:06

Ia ehun kooperatiba eta 80.000tik gora langilerekin, Euskal Herriko industria talde handiena ez ezik, munduko kooperatiba talde handiena ere bada Mondragon. Eta horren guztiaren buru, herritar bat: Iñigo Uzin (Azkoitia, 1960). Makina erremintaren sektorean zaildutako gizonak duela lau urte hartu zuen Mondragon taldearen presidente kargua, eta pandemia garaiotan, itsasontziaren lemazain izatea egokitu zaio.

Ez da izango erronka makala Modragonen tamainako talde bat gidatzea…

Jende on asko daukat inguruan, gaitasun handiko jendea, eta horrek asko errazten du dena.

Hamabi urtean bigarren krisialdia etorri da; biak oso desberdinak, baina biak latzak. Noiz ohartu zineten gainera zetorrenaz?

Azken hamar urteotan beste birus batzuk ere agertu izan dira Asian, baina hona iristerako indarra galdu izan dute edo desagertu egin izan dira, eta oraingoan ere hala gertatzea espero nuen nik. Denok genuen Txinan gertatzen ari zenaren berri, denok ikusi genuen nola hamar egunetan sekulako ospitalea eraiki zuten, baina urrutiko zerbait balitz bezala begiratzen genion. Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak berak ere hasiera batean garrantzia kendu nahi izan zion gaiari, eta guk Txinan ditugun 24 lantegietan ere artean ez genuen eraginik nabari, Wuhanetik nahiko urruti daudelako. Beraz, aitortu beharra daukat ustekabe handia izan zela birusa honaino eta horrenbesteko indarrarekin iristea. Eta noiz ohartu nintzen zetorrenaren larritasunaz? Bada, Madrildik dei bat jaso nuenean, maskarak egiteko zer gaitasun genuen galdetuz. Hori larunbat goiz batean izan zen, eta arratsalde hartan bertan alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak.

Lehendabiziko egunak eta asteak ez ziren errazak izango… Egoera ziurgabe hartan, zeintzuk izan ziren zuen lehentasunak?

Lehendabizikoa eta garrantzitsuena beti izan da gure taldeko pertsonen osasuna bermatzea, eta horretarako, arrisku guztiak saihesteko, berehala hasi ginen protokolo guztiak martxan jartzen. Bigarrena izan zen lantegiak zabalik mantentzea, planta bat berrabiaraztean sortzen diren arazoak ekiditeko, eta, batez ere, bezeroei hutsik ez egiteko. Horiek izan ziren hasierako helburuak, eta uste dut, oro har, biak lortu genituela.

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik sei hilabete pasatu dira dagoeneko. Zein izan dira unerik zailenak?

Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren ekonomia jarduera guztiak eteteko dekretua onartu zuenean izan genituen gorabehera batzuk eta argitu beharreko kontuak; izan ere, zer da funtsezkoa eta zer ez? Adibide bat jartzearren: anbulantzia batek osasun sektorearekin lotura zuzena du, baina autogintza sektorearekin ere bai; edo elikadura eta industria oso lotuta daude; eta abar. Hor agerian gelditu zen horrelako egoerak kudeatzeko esperientzia falta, alde guztietatik, baina moldatu ginen. Hori baino okerragoa izan zen gure bezero garrantzitsu asko gelditzen hasi zirenekoa, ez hemengo bezeroak bakarrik, baizik eta mundu guztikoak. Txinan jarduera berpizten hasi zenean, Europan gelditzera egin zuen, eta gero gauza bera gertatu zen Ameriketan ere. Dudarik gabe, horiek izan ziren momenturik zailenak, guk ekoizteko gaitasuna izan arren, eskaririk ez baikenuen.

 

"Urtea galdutat jotzea azkena da, partida ez baita amaitzen epaileak txistua jo arte"

 

Mondragon taldean era askotako enpresak daudela kontuan izanda, agian orokortzea ez da zuzenena, baina une hauetan zein da taldeko enpresen egoera? Hasiak dira egoerari buelta ematen edo galdutzat jo behar dute aurtengo urtea?

Urtea galdutzat jotzea azkena da, partida ez baita amaitzen epaileak txistua jo arte, eta hori urtearen bukaeran izaten da. Egia da sektore bakoitzaren eta kooperatiba bakoitzaren egoera ez dela berdina, krisialdiak ez diela guztiei modu berean eragin eta taldean denetarik daukagula; baina esan beharra dago guretzat oso garrantzitsuak diren bi sektoretako egoera, autogintza sektorekoa eta lerro zuria edo etxetresna elektrikoen osagaiena, azken hilabeteetan asko hobetu dela. Ohiko jarduera mailatik hurbil dabiltza, eskaria ere asko hazi da, eta, bi sektore horietan, gutxienez, datozen bizpahiru hilabeteak nahiko onak izango dira. Hortik aurrera, ordea, ziurgabetasuna da nagusi, eta hori da txarrena, epe ertain eta luzerako aurreikuspenik egiterik ez daukagula. Sektore asko erabat baldintzatuko ditu birusaren bilakaerak, eta ekonomia eta enpresa mundua kate bat direnez, batzuen gastuak besteen diru sarrerak direnez, birusaren bilakaerak baldintzatuko du dena, birus honek dagoeneko erakutsi baitu oreka guztia hausteko gai dela.

Argi dago krisialdiaren bukaera birusa menderatzeari lotuta egongo dela. Laster izango al da hori?

Birusa akabatzea ez dakit lortuko duten, baina ematen du botikekin eta, batez ere, txertoarekin kontrolpean hartzeko bidean direla, eta nahikoa da jendeari lasaitasun hori helaraztea eta jendeak konfiantza berreskuratzea berriz ere gauzak normaltasun baten barruan martxan hasteko. Konfinamenduaren bukaeran argi ikusi genuen jendeak zein azkar berreskuratzen duen konfiantza, zein azkar hasi ginen kalera irteten eta lehen egiten genituen gauzak egiten; bada, konfiantza hori gakoa izango da ekonomia bere onera itzultzeko garaian. Kontuan izan behar da birusak gogorren kolpatu dituen sektoreak mugikortasunari lotutakoak izan direla; aeronautika, autogintza, bidaiena, eta abar. Eta lortzen badugu jendeak normaltasun batean barruan mugitzen hasteko adinako konfiantza berreskuratzea, nik uste egoerari laster emango diogula buelta. Egia da oraindik ere egoerak hobera egin behar duela, baina hemen behintzat, hartu dituzten neurri batzuen ondorioz eta herritarrok ere geure jokabidea zertxobait aldatu dugulako, ematen du azkenaldian gauzak pixka bat hobeto doazela.

Baina Euskal Herriko egoerak hobera egitea ez da nahikoa zuentzat, zuen jokalekua mundua baita…

Hala da, bai. Gure industria arloak ekoizpenaren %70etik gora kanpoan saltzen du, beraz, hemendik kanpora gertatzen denak guretzat sekulako garrantzia du. Eta horretan bai ez dagoela orokortzerik, tokian tokiko egoera desberdina baita. Adibidez, Txinan gauzak normalduta daude eta merkatua ondo tiratzen ari da; eta Europako leku batzuetan ere asko hobetu dira gauzak, baina ikusi egin behar hemendik aurrera zer gertatzen den.

 

"Gure helburua lanpostuei eustea da, baina horiek errentagarriak izan behar dira"

 

Uste duzu kooperatibek bestelako enpresek baino gaitasun handiagoa dutela egoera zailetara egokitzeko?

Hori ez da irudipen bat, ebidentzia bat da, eta zenbakiak dira horren froga. Orain arte hala izan da, eta dudarik ez dut hemendik aurrera ere hala izango dela. Kooperatiba batean jabeak langileak dira, eta unean uneko egoerari eta etorkizunerako aurreikuspenei buruzko informazio guztia izaten dute. Gauzak ondo doazenean lorpenak guztientzat izaten dira, eta gaizki doazenean guztien ardura izaten da egoerari buelta emateko bitartekoak jartzea. Baina Mondragon taldea, ia ehun kooperatiben taldea izaki, hortik harago doa, eta talde bezala ere baditugu baliabide eta mekanismo batzuk: proiektuak aurrera ateratzeko funtsak, elkartasun funtsak, kooperatiba batean lan karga falta denean hango langileak beste kooperatiba batzuetara bideratzeko mekanismoak, eta abar. Hala ere, esan beharra dago ez dagoela erabateko bermerik, eta laguntzeko baliabideak baditugun arren, enpresei irauten lagun diezaiekegula tamaina batera arte.

Taldeko enpresaren bat bidean geldituko den beldurrik ba al duzu?

Beti egoten da zailtasunak dituen enpresaren bat, eta orain ere badira, baina uste dut eusteko moduan izango garela. Dena dela, horretan sekulako garrantzia izango dute krisialdiaren iraupenak eta zailtasunak igarotzen ari diren enpresa horiek jasoko duten kolpearen tamainak. Beraz, ezinezkoa ez da, eta hori gertatzen bada, gure lana izango da hor gelditzen diren pertsona horiei laguntzea eta irtenbidea topatzea.

Lanpostuak suntsitzea eta langabe kopurua haztea ekarri ditu krisialdi honek ere. Mondragon taldeko kooperatibetan lanpostu asko suntsituko al dira aurten? Zer aurreikuspen dituzue?

Gure helburu nagusia lanpostu guztiei eustea da eta horretarako ahaleginak egiten ari gara, baina ahaztu gabe ditugun lanpostu horiek errentagarriak izan behar direla; izan ere, kooperatiba batek ez badu dirurik irabazten, lanpostu batzuk ez, lanpostu guztiak galtzen dira. Egia da lanpostuen kopuruan izan dugula jaitsiera txiki bat, baina ari gara galdutako horiek berreskuratzen, eta urtea iaz baino lanpostu gutxiagorekin ixten badugu ere, ez dut uste jaitsiera handia izango denik.

Krisialdi honek gehien kaltetu dituen enpresak mugikortasunari lotutakoak izan direla diozu, baina Mondragon taldean badira krisialdia aukera gisa baliatzen ari diren enpresak ere. Madrildik jasotako dei batek bultzatuta, maskaren merkatuan bete-betean sartu dira taldeko hainbat enpresa. Zergatik deitu zizueten zuei eta ez beste batzuei?

Hori nik erantzutea baino, zuzenagoa litzateke deitu zigutenei galdetzea, baina, azken batean, urte luzetako lanaren ondorioa dela esango nuke. Gure taldeko enpresek esparru eta sektore askotan dute ospea, era askotako gauzak egiteko gaitasunak dituzte, eta, gainera, konfiantzazkoak gara. Egia da txinatar asko aberastu egin direla maskaren negozioarekin, nahi zituzten prezioetan saldu dituztelako. Baina gu maskaren negozioan ez gara sartu negozioa egitea pentsatuta, sartu gara benetako beharra zegoelako eta gure jendeari eta beste jende bati laguntzeko; gu horrelakoak gara. Orain guk fabrikatzen ditugu, bai, baina aurretik ere milioika eta milioika maskara, manta eta eskularru ekarri ditugu Txinatik, ez guretzat bakarrik, baizik eta Osakidetzarentzat, foru aldundientzat, Mondragonen ez dauden beste hainbat enpresarentzat, eta abar. Beharra zegoen, guk han bagenituen kontaktuak, bagenuen materiala lortzeko modua, eta gure esku zegoena egin dugu, besterik gabe. Eta Madrildik jasotako dei hartaz gain, beste dei bat ere jaso genuen Bruselatik. Hain zuzen ere, Thierry Breton Europako Batzordeko Industria komisarioak deitu zigun, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin bideokonferentzia batean parte hartzeko eskatzeko; jakin nahi zuen arnasgailuak ekoizteko zer gaitasun genuen. Bilera hartan, Airbus, Daimler, BMW, Renault eta beste enpresa batzuetako ordezkariak zeuden, hogeiren bat guztira, eta Mondragon taldekoak ere han geunden; horrek esan nahiko du zerbait. Beste partzuergo batean, Fagor Electronica enpresak garatu zuen arnasgailuen zati elektronikoa.

 

"Gazteei esango nieke gustatzen zaien horretarako ondo prestatzeko"

 

Beraz, pandemia garaian erakutsi duzue kooperatibak kooperaziorako ere bazaudetela, eta interes ekonomikotik harago, badakizuela zuen baliabideak eta indarrak gizartearen eta erakundeen zerbitzura jartzen.

Hala da, bai, gure kooperatibek eta kooperatibistek nabarmentzeko moduko gauza asko egin dituzte azken hilabeteetan, eta ekintza horiekin agerian utzi dute nolako balioak dituzten. Esaterako, kooperatiba batzuk babes pantailak egiten aritu dira; beste batzuk sekulako taldeak antolatu zituzten adineko jendeari elikagaiak eta beharrezko beste hainbat gauza eramateko, eta abar. Aipatzekoak dira GSRko kideek adinekoen egoitzetan egin duten lana eta Eroskiko lantaldeak momenturik zailenetan herritarrei zerbitzurik onena emateko egin duen ahalegina ere; kasu askotan, bulegoetako langileak aritu dira dendetan sortu diren hutsuneak betetzen.

Espainiako Kongresuko berrikuntza sozial eta ekonomikorako batzarrean parte hartzeko aukera izan duzu. Zertara joan zinen hara eta zer ekarpen egin zenuen?

Borondate onenarekin eta helburu bakarrarekin joan nintzen batzar hartara: gure ikuspuntutik azaltzea egoera honetan zer egin behar den egungo industria ehunari eusteko eta etorkizunera begira zer egin behar den industria eredu berri bat garatzeko. Batzuek bazuten interesa Mondragon taldearen eredua ezagutzeko, eta hori azaltzen saiatu nintzen; eta gero bazegoen beste interes batzuk zituen jendea ere, baina horiena horretan utziko dugu.

Krisialdiek aldaketak azkartu ohi dituzte, eta oraingoa ez da gutxiagorako izango. Enpresetan eta langileei dagokienean zer aldaketa ekarriko dituela uste duzu?

Europak garbi utzi du datozen urteetarako erronka nagusiak digitalizazioa eta green deal delakoa bultzatzea izango direla, alegia, klima aldaketari aurre egiteko neurriak, eta horrek berekin ekarriko ditu auto elektrikoa bultzatzea, deskarbonizazioa, eta abar. Eta Mondragon taldeak datozen lau urteotarako onartu duen gizarte eta enpresa politikaren ardatz nagusiak ere horiexek dira. Hori guztia bazetorren eta guk ere urte batzuk badaramatzagu ildo horiek lantzen, baina krisialdi honek hori guztia azkartu egingo du, bi arrazoigatik: batetik, beharra dagoelako; bestetik, bi ardatz horiek oso garrantzitsuak izango direlako gauza berriak garatzeko eta lanpostu berriak sortzeko. Baina, horiez gain, bada Europaren etorkizunerako giltzarria izango den beste gauza bat: Europaren beraren jarrera, eta nik uste dut oraingoan ohartu dela beste era batera jokatu beharra daukala. 2008ko krisialdian ez zuen ezer egin, eta oraingoan, mugitu da, eta iruditzen zait hori izan daitekeela Europa berri baten hasiera. Mapan ezkerraldera dagoen ilehori horrek zer esaten eta egiten dituen ikusita, eta Txinak zer indar duen eta izango duen jakinda, Europak zerbait egin beharra dauka, ez baitauka beti atzetik ibiltzerik; defentsa, teknologia eta ekologia arloetan urrats bat aurrera egin beharra dauka, eta nik uste dut, zentzu horretan, krisialdi hau inflexio puntu bat izango dela.

Zertarako prestatzeko esango zenieke gaur egungo gazteei?

Nik esango nieke gustatzen zaien horretarako prestatzeko, eta ondo prestatzeko, bestela etorkizun beltza izango dutela. Enpresek plan estrategikoak egiten dituzten moduan, gazteek ere etorkizunerako plan bat egin beharko lukete, kontuan izanda zer gustatzen zaien, zer gaitasun dituzten eta etorkizunean arlo desberdinetan zer aukera izan ditzaketen, eta horren arabera prestatu, ahalik eta gehien. Egia da adin horietan etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzea ez dela erraza izaten, baina ez badute argi zer egin nahi duten, behintzat izan dezatela argi zer ez duten nahi, eta hortik hasi dezatela bidea. Ikas ditzatela hizkuntzak, izan dezatela jarrera irekia eta gaitu daitezela taldean lan egiteko, enpresek profil horiek bilatuko baitituzte, eta argi izan dezatela ez dela nahikoa hiruzpalau urtean titulu bat ateratzearekin; buruan sar dezatela etenik gabe ikasten eta berritzen joan beharko dutela. Niri benetan kezkagarria iruditzen zait gazteak prestatzen jardutea funtzionario izateko helburu bakarrarekin.

Eta zer mezu helarazi nahiko zenieke Mondragon taldeko kooperatibistei?

Alde batetik esango nieke sekulako lana egin dutela, bai gizarteari begira, baita kooperatiba taldeari begira ere, eta bestetik esango nieke honetatik ere irtengo garela. Urte batzuk ditugunok krisialdi asko eta larriak pasatu behar izan ditugu. Ni neroni 1983-84ko krisialdian hasi nintzen lanean, gure inguruko enpresa asko lur jota zeudenean eta lana topatzea miraria zenean, baina orduan ere atera ginen, eta gaur egun gauzak askoz hobeto doazkigu eta mundu mailan lehiatzen ari gara. Egia da oraingoan ere krisialdi gogorra pasatzen ari garela, baina konfiantza izan behar dugu, baditugulako baliabideak eta erremintak hor segitzeko eta indartsu segitzeko.

Zuk, pertsonalki, zer moduz pasatu dituzu sei hilabete hauek eta zer ikasteko balio izan dizute?

Lau egun kritiko kenduta, egunero etorri naiz lantokira, eta hori ez diot meritu bezala, horretan zortea izan baitut, telelanerako ez dudalako balio. Aitortu beharra daukat egun haietan autopistan bakar-bakarrik etortzea tetrikoa ere bazela batzuetan, baina autoa hartze hutsak askatasun puntu bat ere sentiarazten zuela. Eta zer ikasi dudan? Etxean garagardo bat izatea garrantzitsua dela eta familiarekin denbora pasatzea ederra dela. Zorionez, inguru hurbilean ez dut izan koronabirusak jo duenik, ez behintzat kasu larririk, denok ondo egon gara, eta nik neuk sei hilabete horiek erraz pasatu ditut.

Eta gizarte bezala, uste duzu zerbait ikasiko dugula?

Herrialde batzuk beti ari dira gerrarako prestatzen, baina kasu honetan bonba hegazkinak eta tankeak alferrikakoak izan dira, eta aldiz, argi gelditu da zein garrantzitsua den osasun sistema indartsu bat izatea. Uste dut pandemia honek balio izan digula horretaz ohartzeko, eta aurrerantzean saiatu beharko ginatekeela sektore hori ahalik eta ondoen zaintzen, beharrezko baliabidez hornitzen eta ikerketara diru gehiago bideratzen, mundua txiki gelditu baitzaigu eta horrelakoak berriro ere gertatuko baitira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide