Maxixatzenen Udako I. Argazki Lehiaketak baditu irabazleak

Maxixatzen.eus 2020ko urr. 1a, 20:50
Xabier Quintana argazkilariak Esne Bideari Hoces del Duratonen ateratako argazkia.

Epaimahaiaren Saria Xabier Quintanak irabazi du Esne bidea argazkiarengatik. Otarre jatetxean otordua irabazi du argazkilariak.

Maxixatzenek egindako Udako I. Argazki Lehiaketak baditu irabazleak. Epaimahaiaren Saria Xabier Quintanak irabazi du, Hoces del Duratón herrian (Segovia, Espainia) egindako Esne Bidea argazkiarengatik. Argazkilaritzan adituak diren bi argazkilari azkoitiarrek eta Maxixatzenen erredakzioko kazetari batek osatu dute epaimahaia, eta horiek guztiek argazkiei emandako puntuazioak batuta, Quintana izan da irabazlea. Argazkilariak otordua irabazi du Azkoitiko Otarre jatetxean.

Erabiltzaileen Saria ere banatuko du Maxixatzenek. Maria Odriozola izan da webgunean boto gehien jaso dituen argazkilaria, Cuzcurrita del Rio Tirón herrian (Errioxa, Espainia) ekilore bati egindako argazkiagatik. Guztira 65 boto jaso ditu Odriozolaren argazkiak, eta argazki inprimaketa irabazi du Hizki papertegian.

Cuzcurrita del Rio Tirón. (Argazkia: Maria Odriozola)

Era berean, gauerdian amaitu da Udako I. Argazki Lehiaketara aurkeztu diren argazkiei botoa emateko epea. Argazkiei botoa eman dioten Maxixatzeneko erabiltzaileen artean zozketa egin du Maxixatzenek, eta Kari Alberdi Etxabek irabazi du Maxixatzen aldizkariaren eta Urola Kostako Hitza egunkariaren urtebetetzeko harpidetza.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide