Gaur amaituko da Udako I. Argazki Lehiaketan botoa emateko epea

Maxixatzen.eus 2020ko ira. 30a, 08:59

Gauerdian amaituko da Udako I. Argazki Lehiaketara aurkeztu diren argazkiei botoa emateko epea. Maxixatzeneko erabiltzaileek Erabiltzaileen Saria erabakiko dute horrela beren botoekin.

Gauerdian amaituko da Maxixatzenen Udako I. Argazki Lehiaketara aurkeztu diren 73 argazkiei botoa emateko epea. Maxixatzeneko erabiltzaileek azken orduak dituzte, beraz, lehiaketan parte hartu duten argazki guztietatik hiru gustukoenak bozkatzeko.

Irailaren 25ean jarri zuen martxan bozketa Maxixatzenek, eta ordutik botoak pilatzen joan dira lehiaketara aurkeztutako argazkiak. Erabiltzaile bakoitzak lehiaketan parte hartu duten hiru argazkiri eman ahalko die botoa, gailu bakoitzetik behin bakarrik. Argazkien aukeraketa egindakoan, izen abizenak, e-posta eta telefono zenbakia zehaztu beharko ditu erabiltzaile bakoitzak zozketan sartu ahal izateko. Honako lotura honetan eman daitezke botoak

Boto gehien jasotzen dituen argazkiak Maxixatzeneko Erabiltzaileen Saria irabaziko du, hau da, Hizki papertegian argazki baten inprimaketa. Botoa ematen duten erabiltzaile guztien artean, berriz, Maxixatzen aldizkariaren eta Urola Kostako Hitza egunkariaren urtebeteko harpidetza zozkatuko ditu Maxixatzenek. 

Sari nagusiaren berri ere laster emango du Maxixatzenek. Izan ere, datozen egunetan hautatuko du epaimahaiak Udako I. Argazki Lehiaketara aurkeztu diren argazki guztien artean onena. Argazki munduan adituak diren bi argazkilari azkoitiarrek eta erredakzioko kazetari batek osatu dute epaimahaia. Otarre jatetxean otordua irabaziko du Epaimahaiaren Saria eskuratzen duen argazkilariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide