Garai berriko lehen jaunartzeak

Olaia Juaristi eta Andoni Elduaien 2020ko ira. 29a, 16:00

Osasun krisiaren ondorioz maiatzean bertan behera gelditu ziren jaunartzeak egingo dituzte datozen asteetan Azkoitian; zehazki, urriaren 4an, 10ean eta 11n. Herriko parrokoarekin, bi jatetxetako arduradunekin eta jaunartze ospakizuna egitekoa diren bi familiarekin hitz egin du Maxixatzenek. 

Ohi bezala, herriko hainbat haur maiatzean ziren jaunartzea egitekoak, baina osasun krisiak eraginda, bertan behera gelditu ziren zeremonia horiek. "Maiatzean oraindik goizegi zen jaunartzeak egiteko, ez genuen izan elizkizunak prestatzeko denborarik. Gainera, otsailetik katekesirik gabe zeuden haurrak, eta ezin zen horrela inprobisatu", azaldu du Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoak. Modu horretan, jaunartzeak urrira atzeratzea erabaki zuten, batez ere, “gurasoek jakitea nahi izaten dutelako jatetxeetan lekua gordetzeko”. Zehazki, urriaren 4an, 10ean eta 11n izango dira elizkizunak. Hilaren 10ean, “modu apalagoan”, elizkizunean jauna hartuko dute haur batzuk; aurten, esaterako, sei haurrek egingo dute. 

Irailean hasi dira astero-astero biltzen parrokian haurrekin eta gurasoekin, jaunartzea prestatzeko. “Joan den igandean bataio berritzea egin zuten haurrek, eta joan den ostegunean, berriz, aurreneko aitortza. Modu horretan, hurbileko prestakizunak egiten joan gara”, azaldu du Azurmendik. 

Guztira, 68 ume inguruk egingo dute jaunartzea aurten; bi igandeetan 31na haurrek hartuko dute jauna.  Azurmendik adierazi duenez, urtetik urtera, gutxitzen ari da pixkanaka jaunartzea egiten dutenen kopurua. “Ni Azkoitira duela zortzi urte iritsi nintzen, eta orduan 80-90 haurrek egiten zuten jaunartzea. Orain ume gutxiago daude, eta ume gutxiagok ematen dute izena katekesian”. 

Egoerak hala behartuta, segurtasun neurri bereziak hartuta egingo dituzte elizkizunak. Haurrek maskara jantzita egin beharko dute jaunartzea; jauna hartzen duten unean soilik kendu ahal izango dute. Gainera, jaunartzea egiten duen haur bakoitzeko zortzi lagun inguru sartu ahal izango dira elizara, eta familiek distantzia gorde beharko dute elizan beren artean. "Parrokiako bankuetan adierazitako lekuan jarri beharko da", azaldu du Azurmendik. Senide guztiek ere maskara jantzita joan beharko dute elizara.

Familiak, zain

Jaunartzea egin behar duten familiek bihar, asteazkena, izango dute azken galderak eta zalantzak argitzeko bilera. Familia horietako bat da Brea-Poveda sendia. Haurrak jauna hartu ondoren Azkoitiko Joseba jatetxean egingo dute ospakizun bazkaria. Hala eta guztiz ere, oraindik ez dakite seguru jaunartzea egiterik izango duten. Horrela azaldu du Marimar Povedak: “Konfinatuta gaude, izan ere herenegun semeetako bat sintomekin hasi zen, eta PCR proba egin behar izan du; emaitza jakin zain gaude orain. Ez dakigu oraindik jaunartzea egitea izango dugun ere. Ondo sentitzen da orain semea, eta jaunartzea egitea espero dugu”. Jaunartzea egiteko “deseatzen” daudela azaldu du Povedak.

Jaunartzeen atzerapenak, ordea, ekarri ditu bestelako zalantzak ere. Povedak dioenez, jaunartzea osasun egoera honetan nola egingo duten jakitea izan da zalantza nagusietako bat. “Zaila da azken unera arte jakitea, eta zalantzak izan ditugu, besteak beste, jaunartze egunean elizak izango duen edukieraren gainean eta jatetxeek egun horietarako hartuko dituzten neurrien inguruan. Gu hogei lagun ginen hasiera batean bazkaltzera joatekoak, baina azkenen hamahiru izango gara”. Hala eta guztiz ere, arroparena izan da familia batzuei sortu zaien beste arazoa. Izan ere, maiatzetik hona hiru hilabete pasa dira, eta abitua txikiegi gelditu zaio hainbati. Ez da Brea-Poveda sendiaren kasua, ordea, haiek beranduago erosi baitzuten. 

Jaunartzea igandean egin ordez larunbatean egitea erabaki duten familiak ere badaude Azkoitian. Hilaren 10ean, larunbata, sei familiak egingo dute jaunartzea 19:00etako elizkizunean, eta horietako bat da Ansola-Larrañaga sendia. “Jaunartzea intimoagoa eta goxoa izatea nahi genuen; afaria ere geure etxean egingo dugu. Etxeko laurok eta haurren bi amonekin egingo dugu”, azaldu du Larrañagak. Hilabete hauetan zalantzarik ez dutela izan azaldu du Arritxu Larrañagak, haurrak jauna hartuko zuela “garbi” izan dutelako lehen unetik. “Ahal bazen larunbatean nahi genuen, jaunartzeak atzetik dakartzan parafernalia horiek guztiak albo batera utzita: bazkaria, arropa…”, kontatu du. Gainera, Larrañagak dio larunbatean jaunartzea egin eta ospakizuna etxean egingo duten familiak maiatzean baino gehiago direla. “Hasieran ez genekien jaunartzea larunbatean egiterik izango genuen ere, bi familiak bakarrik azaldu baikenuen asmoa, gureak eta beste batek”, dio.

Jaunartzea atzeratzeak, beraz, ez ditu planak gehiegi zapuztu Ansola-Larrañaga etxean. “Garbi genuen egoera honetara iritsi baino lehen ere ospakizuna etxean egingo genuela. Guretzat plana ez da aldatzen. Jaunartzea berdin-berdin egiteko asmoa genuen lehen ere”, adierazi du. 

Jatetxeak, arduratuta

Elizkizunaren ondoren askok bazkariak egingo dituzte herriko jatetxeetan. Joseba jatetxean, esaterako, guztira hamasei bazkari zerbitzatuko dituzte; horietatik zazpi, datorren igandean, eta bederatzi, hurrengoan. “Lasai gaude, baina, egoera honetan, zapatura bitartean edozer gerta daiteke oraindik”, adierazi du Nekane Olaizola arduradunak. Izan ere, igande honetarako zortzi erreserba zituzten, baina joan den asteburuan azken orduko baja bat eduki dute, familia batek etxean konfinatuta egon behar duela jakin duelako.

Haren esanetan, "haur bakoitzak, 24 bat gonbidatu izango ditu; beraz, orain indarrean dauden arauak errespetatuta, hamarna laguneko hiru mahaitan jarriko ditugu, distantzia handiarekin". Jatetxeko bi solairutan jangela handiak dituztenez, leku aldetik arazorik ez dutela izango ziurtatu du. Hori bai, sarreran jende pilaketarik sortu ez dadin, neurriak hartzea aurreikusita daukate. "Familia bakoitzari aste honetan zehar deituko diot, sarrera lekua eta ordutegia jakinarazteko”. Bestalde, jatetxean umeentzako jolasak egoten ziren beste urteetan, baina aurten ezingo dute horrelakorik eskaini. “Familiek etxetik ekarri beharko dituzte margotzeko materiala edota jolasak, umeak mahaian entretenituta egon daitezen”, azaldu du. 

Olaizolaren arabera, maiatzean bertan behera gelditutako jaunartze ospakizun gehienak orain egingo dituzte, baina izan da egoera honetan ez egitea erabaki duenik ere. “Normalean baino jaunartze gutxiago ditugu. Maiatzean 22 erreserba inguru genituen, eta orain, sei gutxiago”. 

Bide beretik jo du Iturri jatetxeko Maialen Otegi arduradunak ere. Maiatzetik hona bi bazkari erreserba utzi dituzte familiek bertan behera, eta ondorioz lau jaunartze bazkari emango dituzte datozen bi asteburuetan. “Asteburu honetan, berez, hiru jaunartze bazkari genituen jatetxean, baina familia batek bertan behera utzi du bere bazkaria bizitzen ari garen osasun egoeragatik, eta bazkaria beren elkarte batean egitea erabaki du. Horrez gain, igandean jaunartzea egitekoa zen haur batek larunbatera aurreratu du ospakizuna, eta beraz, bazkari bana emango dugu larunbatean eta igandean. Zapatuan hamalau lagun izango ditugu jatetxean, eta igandean 24”, jakinarazi du jatetxeko arduradunak. 

Urriaren 11n, ordea, beste era bateko egoera izango dute Iturri jatetxean, jantoki berean bi jaunartze bazkari emango baitituzte. “Urriaren 11n, bi familia desberdinek batera egingo dute bazkaria. Horregatik, jantokia bitan banatuko dugu”, jakinarazi du Otegik. Horrez gain, “bazkari bakoitzak bere zerbitzaria” izango duela ere aurreratu du jatetxeko arduradunak, beren artean “ahalik eta gutxien nahas daitezen”. Urriaren 11n egingo duten bazkari batean hogei lagun espero dituzte, eta 30 bestean.

Herrian azkenaldian kasu positibo ugari zenbatzen ari direlako, Iturri jatetxeko kideak “nahikoa beldurtuta” daudela azaldu du Otegik. “Posible da jaunartze batek kale egitea azken unean beren osasun egoera okertu delako. Bazkarirako generoa erosita izango genukeenez, galera ekonomiko handia izango litzateke guretzat”, azaldu du. Bestalde, jatetxeko norbaitek positibo eman eta jatetxea itxi beharraren beldur ere badira. “Jatetxeko kideren batek ere eman dezake positibo eta orduan geuk utziko genituzke familiak zintzilik. Guztiok zain gaude, aurrera nola egin jakiteko”. Hala eta guztiz ere, egun horietarako prest daude Iturri jatetxean, eta osasun egoerak eskatzen dituzten neurri guztiak beteko dituzte. Besteak beste, mahaiak gehienez hamar lagunentzat prestatuko dituzte eta horiek metro eta erdiko distantziara jarriko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide