Musika bandaren kontzertua zapatuan, Baztartxon

Olaia Juaristi 2020ko ira. 29a, 11:26

Aspaldiko partez, herriko musika bandaren eskutik, bost abesti entzuteko aukera izango da zapatu arratsaldean, Baztartxo antzokian. 

Koronabirusaren krisia iristearekin batera eten zituzten entseguak eta emanaldiak musika bandako kideek. Uztailean ekin zieten berriro entseguei, eta abuztuan, Andramari jaietan, hainbat kale zeharkatu zituzten herritarrak musikarekin alaitzeko asmoz. Ordutik emanaldirik eman gabe daude, eta asteburu honetan joko dute aurreneko aldiz jendaurrean. 

Eneritz Jauregik zuzenduta, Les Misérables, 1812 eta Huapango abestiak joko dituzte lehendabizi. Ondoren, beste bi kanta joko dituzte Carlos Muñozen gidaritzapean: Oregon eta Tannhäuser. Emanaldia zapatuan, hilak 3, izango da Baztartxo antzokian, 19:00etik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide