Azkoitia-Azpeitia probak San Jose egoitza eta Gurutze Gorria omendu ditu

Andoni Elduaien 2020ko ira. 26a, 13:11

Osasun larrialdi egoeran San Jose egoitza eta Gurutze Gorria egiten ari diren lana eskertu nahi izan dute Azkoitia-Azpeitia probako antolatzaileek, Torre Zurin egin duten ekitaldian.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Azkoitiko San Jose egoitza eta Gurutze Gorria omendu ditu gaur, larunbata, Torre Zuri erakustokian egin duten omenaldi ekitaldian. Aurten lasterketan banatu ezin izan dituzten txapelak jaso dituzte egoitzako eta Gurutze Gorriko kideek. Jose Mari Flores maratoi erdiko antolatzaileak San Jose egoitzako Nekane Suduperi jantzi dio txapela, eta Carmen Garcia Diego Garcia zenaren arrebak, Gurutze Gorriko Xabier Galdonari. 

Aurtengo urtea "historiara pasako den urtea" izango dela esanez hasi du Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitia probako antolatzaileak. "Martxoan erabaki genuen proba irailera atzeratzea, baina abuztuan behin betikoz aurten maratoi erdia ez egitea erabaki genuen. Oso lelo polita genuen aurtengorako, Runner bihotza, lasterka hau bihotzetik irtendako proba delako eta Diego Garciaren izaeraren berri emateko zein hark zituen balioak erakusteko balio duelako", azaldu du Jimenezek.

Lasterketa atzeratzeko erabakia hartu zutenean, hein batean probak "zentzua galdu" zuela adierazi du antolatzaileak. Horregatik, probarako txapelak pandemiaren aurka "lehen lerroan lanean" ari zirenei ematea erabaki zutela azaldu du. "Ikusi genuen COVID-19aren eragina lehen lerroan sufritzen ari zirenei txaloak jotzera irteten zutela herritarrek egunero, 20:00etan. Azkoitian, San Jose egoitza eta Gurutze Gorria izan ziren horietako bi. Lasterketak txapeldunik izango ez zuenez, txapelak beraiei ematea erabaki genuen", arrazoitu du Jimenezek Torre Zurin. 

Amaitzeko, Azkoitia-Azpeitia probako kideak azaldu du, oraindik ere Azkoitiko eragile horiek "zailtasun handiekin" ari direla egungo egoerari aurre egiten, eta antolakuntzak beren "esker onak" eman dizkie bi eragileei egiten duten lan guztiagatik. 

Erakusketa, zabalik

Joan den astean zabaldu zuten iazko maratoi erdian egindako argazkiekin erakusketa Torre Zurin, eta asteburu honetan ere ikusgai egongo da larunbatean eta igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide