Marihuana plantazioak desegin ditu Ertzaintzak Azkoitian

Azken egunetan hainbat marihuana plantazio aurkitu eta desegin ditu Ertzaintzak Gipuzkoako hainbat herritako baserri eta landa eremutan, tartean Azkoitian. Guztira, hamaika lagun daude ikerketapean.

Ertzaintzak hainbat marihuana plantazio aurkitu ditu Gipuzkoako hainbat baserri eta landa eremutan, baita Azkoitian ere. Joan den astean aurkitu zuen Ertzaintzak herrian lehen plantazioa, eta aste honetan aurkitu dute bigarrena. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hainbat lagun daude ikerketapean. 

Urola Kostako Ertzain etxeen mugapean dauden herrietan zaintza lanak egin dituzten Ertzainen patruilek atzeman dituzte plantazioak. Irailaren 14an, Azpeitiko baserri batean aurkitu zuten Urola Kostako lehen plantazioa, eta bi arduradun ikerketapean jarri zituen Ertzaintzak. Aste horretan bertan, ordea, antzeko beste lau plantazio aurkitu zituen Azkoitian, Errezilen eta Aian. Plantazio horiegatik, gainera, sei pertsona jarri dituzte epailearen aurrean.

Aste honetan, berriz, Zarauzko lursail batean beste marihuana plantazio bat atzeman du Ertzaintzak. Ohar bidez jakinarazi duenez, sastraka arten ezkutatutako negutegi baten barruan zegoen marihuana landatuta. Aurkitutako azken plantazioa, ordea, Azkoitian desegin du Ertzaintzak, eta adierazi duenez hiru pertsona geratu dira ikerketapean.

Operatibo horietan mota askotako marihuana landare ugari konfiskatu dituela jakinarazi du Ertzaintzak, eta plantazioen arduradun gisa identifikatu dituzten hamaika pertsonei osasun publikoaren aurkako ustezko delitua leporatu diete. Guztiak ikerketapean geratu dira, eta Ertzaintzaren arabera dagokion epaitegira bidali ditu eginbideak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide