Bertakoa, bertakoek kontatuta

Ihintza Elustondo - Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 25a, 10:15
Arantxa Areizaga, grabaketa egun batean. (Korosagasti)

Gaur estreinatuko dute Beizamako krimenetan oinarritutako ‘Korosagasti’ filma, 21:00etan, Azpeitiko Soreasun. Proiektuan parte hartu duten lau kidek beren esperientzia azaldu dute; tartean, Arantxa Areizaga azkoitiarrak.

Beizama. 1926. urtea. Baserri batean, ama eta alaba hilik agertu dira. A zer tragedia. Ordutik, ia mendea igaro da, eta gaiaren inguruan misterio ugari sortu ere bai. Orain, baina, Korosagasti filmean jaso ditu gertakariak Asier Sustaeta zinemagileak. Gaur estreinatuko dute lana, 21:00etan, sarrera guztiak agortuta direla. Film horretan parte hartu duten hiru pertsonarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak: Arantxa Areizaga azkoitiarrarekin, Gurutze Eizmendi Azpeitiko bizilagunarekin, Xanti Alkorta azpeitiarrarekin eta Juan Alberto Gaztañaga zestoarrarekin.

Arantxa Areizaga: "Dena posible dela erakutsi du ‘Korosagasti’ filmak"

Egunkari batean irakurri nuen Korosagasti proiektua gauzatzeko jendea behar zutela, eta asko pentsatu gabe, posta elektroniko bidez kontaktuan jarri nintzen sustatzaileekin; horrelaxe jarri ginen martxan.

Bi urte pasatu dira filma grabatzen hasi ginenetik, eta oso oroitzapen politak gordetzen ditut. Lehen bilerara joan nintzenean ez nuen inor ezagutzen, baina, berehala, giro ederra sortu zen taldean. Gainera, kuadrillako batek ere parte hartu du proiektuan. Denok genekien film amateur bat grabatzen ari ginela eta pazientzia garrantzitsua izango zela proiektua aurrera eramateko. Ondo oroitzen naiz Azpeitiko Esklabetan egiten genituen gaueko grabaketetaz: hotza eta umorea ez ziren falta lansaio horietan. Sortzeko eta interesak elkarbanatzeko gogoa genuen guztiok; hori izan zen ederrena.

Irudi taldean aritu naiz ni, batik bat script lanak egiten; hau da, filmaren raccorda mantentzen. Horretaz aparte, irudi taldekoei lagundu eta produkzioko lan batzuk ere egin ditut.

Dena posible dela erakutsi du Korosagasti filmak. Film amateur bat egiteak lan eta koordinazio handia eskatzen du, baina zuzendariak ikusarazi digu posible dela hori gauzatzea familia batekin eta lan eginda.

Aurrestreinaldian ikusi nuen filma, eta egia esan, aukera interesgarria da Beizamako istorio misteriotsua ezagutzeko, eta, batez ere, zinemagile berriengan konfiantza izateko. Itzul gaitezen zinema aretoetara, orain inoiz baino gehiago.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide