Sidenorrek eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu aldi baterako lan erregulazio txostenaren negoziazioan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 24a, 18:04
Eskuinean, Kepa Urzelai Azkoitiko Sidenor lantegiko langileen batzordeko LABeko ordezkaria. (LAB)

ELA, LAB eta ESK sindikatuek susmoa dute, negoziazioak epez kanpo egiten badira, 2016an enpresan gertatu zena errepikatuko dela, hau da, prebentziozko aldi baterako lan erregulazio txostena planteatuko duela Sidenorrek. 

Sidenorreko langileen batzordeetan ordezkaritza duten sindikatuek agerraldia egin dute gaur, osteguna, Basauriko (Bizkaia) Sidenor lantegiaren aurrean ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek; han parte hartu du, besteak beste, Kepa Urtzelai Azkoitiko Sidenor lantegiko langileen batzordeko LAB sindikatuko ordezkariak. Sindikatuek azaldu dute, irailaren 10ean aurkeztu ziela langileei Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio txostena, "antolakuntza eta ekoizpen arrazoiak" eta "arrazoi ekonomiko eta teknikoak" zeudelako tartean.

2016-2019 urteen artean enpresak izandako emaitza ekonomikoak zein izan diren azaleratu dituzte hiru sindikatuek agerraldian. Haien arabera, Sidenorrek EBITDA adierazlean –ekitaldi ekonomiko batean enpresaren jarduerak diru-sarrerak sortzeko duen ahalmena adierazten du– "250.000.000 euroko ahalmena" erakutsi zuen.

Bestalde, akziodunen artean "103.650.000 euro dibidenduetan" banatu zituztela ere azaldu dute sindikatuek Basaurin, "nahiz eta irabazi garbiak 66.430.000 eurotakoak izan diren"; kexu agertu dira, era berean, "irabaziak baino dibidendu gehiago" banatu zituztelako akziodunen artean. Zuzendaritzako goi karguetako hamabost kideren artean, berriz, "18.000.000 euro banatu" zituztela ere adierazi dute sindikatuetako ordezkariek, Sidenor taldeko lan zentroetan "600 langile gutxiago" daudela jakinaraztearekin batera. Sidenor lantegiaren balantze ekonomikoa, bestalde, "egoera onean" dagoela esan dute sindikatuek, eta enpresa "bideragarria" dela. "Txosten teknikoa egiteaz arduratu den enpresaz kanpoko aholkularitzak irailaren 18an egindako bileran onartu zigun hori", azaldu dute.

Horrez gain, sindikatuek azaldu dute enpresaren zuzendaritzak langileei aurkeztutako aldi baterako lan erregulazio txostena, "automobilgintzaren sektorea jasaten ari den egoera zailagatik" aurkeztu zietela. "Kontuan hartu behar da, ordea, sektoreko enpresa nagusiek COVID-19aren hasieran ezarri zituzten aldi baterako lan erregulazio txostenak kentzen ari direla, eta halere kontratazio berriak egiteko asmoaren berri eman dutela, daukaten ekoizpenari aurre egin ahal izateko; Volkswagen lantegian, adibidez. Gainera, 2020ko abuztuan, %11,4 igo da automobilen salmenta 2019ko abuztuarekin alderatuta, COVID-19a agertu baino askoz lehenagoko datuekin konparatuta, alegia", eman dute azalpena.

Irailean, langile kopuru berdinarekin Sidenorren lantegi ezberdinetan "gehiago ekoizten" ari direla adierazi dute sindikatuek, "larunbatetan lan eginez" zein "erreleboak gehituz". Hori adierazi dute gaur sindikatuetako ordezkariek Basaurin. "Joan den ostiraletik egindako bileretan, antzeko arrazoiekin, hankaz gora jarri dizkiogu enpresari aldi baterako lan erregulazio txostena aplikatzeko aurkeztu dituen arrazoi guztiak", azaldu dute.

Akordiorik ez

Atzo –irailak 23– ziren aldi baterako lan erregulazio txostenaren negoziazioa amaitzekoak, baina sindikatuek jakinarazi dute ez dutela akordiorik lortu, ez arrazoietan ezta aplikazioaren inguruan. Halere, aurreratu dute, CCOO, UGT, USO eta La Senda de Ugarte sindikatuek hitz egiten jarraitzeko 48 ordu gehiago adostu zituztela enpresarekin. 

ELA, LAB eta ESK sindikatuek uste dute, negoziazioak epez kanpo egiten badira, 2016an enpresan gertatu zena errepikatuko dela, hau da, "prebentziozko aldi baterako lan erregulazio txostena" planteatuko duela Sidenorrek. Lan ordezkariek susmoa dute horren bidez "manipulatu" egingo dutela Sidenorren lantegi bakoitzeko ordezkaritza sindikala, eta "baldintzatu" egingo dutela negoziazio kolektiboa. Hiru sindikatuek Basaurin salatu dute, espedientearen helburua "emaitzei eustea" dela. "Txosten honen helburu bakarra, emaitza onak mantentzea da, Sidenorren lan egiten dugun pertsonen sakrifizioarekin eta diru publikoarekin. Informazioa manipulatzen dute, enpresa arriskuan dagoela sinestarazteko, horrela, beldurra sortu eta beraien nahiak onartu ditzagun", azaldu dute. Sindikatuek diote "lan baldintzak prekarizatu" egingo direla neurri horrekin, enpresaren nahia delako "ordutegiak malgutzea eta soldatak jaistea". 

Agerraldiaren amaieran, azkenik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek azpimarratu dute lan zentroak "babesteko" eta Sidenor enpresako zein azpikontratetako lanpostuak "defendatzeko", beraien esku dagoen guztia egingo dutela. "Borrokan jarraituko dugu, enpresak berea egin ez dezan, eta Sidenorreko lan zentroetan lan egiten duten langileen zein azpikontraten bizitzak gehiago prekarizatu ez ditzaten", erantsi dute. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Arantza Tapia sailburuari zuzenduta, honako galderak hauek egin dituzte: "Sidenor bezalako enpresa bat laguntzeko, diru publikoa erabiltzea zilegi iruditzen al zaio? Eta enpresak azken urteetan izan dituen irabaziak, dibidenduen banaketa basatia eta zuzendaritzako kideek izan duten soldata kontuan hartuta, Sidenorreko langileei eta azpikontratei soldata jaistea egokia iruditzen al zaio?". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide