Iraurgi eta Donostiako Mariaren Bihotza abesbatzek emanaldia eskainiko dute zapatuan

Olaia Juaristi 2020ko ira. 23a, 12:09
Argazkian, Donostiako Mariaren Bihotza abesbatza.

Azkoitiko eta Donostiako 70 abeslari inguru elkartuko dira zapatuan Azkoitiko parrokian. Ekitaldia 20:00etan hasiko da, mezaren ondoren, eta guztira hamalau abesti entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.  

Aspaldiko partez, kontzertua emango du Iraurgi abesbatzak asteburu honetan. Koronabirusaren krisia iristearekin batera eten ziren Iraurgi abesbatzaren entseguak eta emanaldiak. Ekainean hasi ziren berriro elkartzen, eta zapatuan eskainiko dute pandemiaren ondorengo lehen kontzertua. "Hainbeste denbora eta gero, oso kontzertu berezia izango da guretzat, eta herritarrak emanaldira etortzea nahi dugu", azaldu du Iraurgik. Gainera, ez dira bakarrik arituko: Donostiako Mariaren Bihotza abesbatzak ere parte hartuko du emanaldian. "Donostiarrek taldekide helduak ere badituzte, eta COVID-19ak zalantza asko sortu dizkien arren, azkenean, Azkoitiko emanaldiarekin aurrera jarraitzeko apustua egin dute. Entseguetan eta kontzertuetan maskara erabiltzen dute donostiarrek". 

Kontzertura joaten direnei, berriz, sarreran izen-abizenak eta telefono zenbakia eskatuko zaizkie, bizi dugun egoerak horrela behartuta. Modu horretan, gaitzari lotutako zerbait gertatuko balitz, antolatzaileek ikus-entzuleen datuak eskuragarri edukiko dituzte. Hala ere, meza entzuten egon direnek ez dute sarrerara datuak ematera joan beharko, beren eserlekuetatik pasatuko baitira antolatzaileak. Bestalde, entzuleek ere elkarren arteko distantzia mantentzea komeni da emanaldian zehar. 

Azkoitiko Iraurgi abesbatzak, Iñaki Maidaganek zuzenduta, sei kanta abestuko ditu, eta beste horrenbeste kantatuko ditu Donostiako Mariaren Bihotza abesbatzak ere, Saioa Zuaznabarren gidaritzapean. Elkarrekin, berriz, bi abesti kantatuko dituzte. Azkoitiko 30 kide inguruk parte hartuko dute emanaldian, eta Donostiatik 40 bat lagun etorriko dira. Ekitaldia Azkoitiko parrokian izango da, hilaren 26an, 20:00etan hasita, mezaren ondoren. 

                                           

                                              Iraurgi abesbatzako kideak, aurtengo kontzertu batean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide