Osasun langileek bitarteko gehiago eskatu dituzte

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 21a, 11:44
Ostiral eguerdian Azkoitiko anbulatorio aurrean egin zuten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Azkoitiko anbulatorioko langileek elkarretaratzea egin zuten joan den ostiralean, osasun sistema publikorako baliabide gehiago eskatzeko.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, osasun langileek protestak abiatu zituzten joan den ostiralean Osakidetzako lehen arretako zentroetan, koronabirusaren pandemiak larriagotu eta azaleratu duen egoera salatzeko, eta Azkoitiko anbulatorioko langileek ere elkarretaratzea egin zuten joan den ostiral eguerdian.

Sindikatu horien esanetan, azken urteetan giza baliabideetan eta bitarteko materialetan jasan dituzten murrizketek osasun sistema publikoaren "ahultze kezkagarria" ekarri dute, eta hori agerian utzi du osasun krisiak, "profesionalen lan karga handitu, arretaren kalitatea okertu eta itxaron zerrendak luzatu" egin direlako.

Azken mobilizazioekin, sei eskaera zehatz egin dizkiete Osasun Sailari eta Osakidetzari: osasun publikoaren aurrekontua Europako Batasuneko batezbestekora parekatzeko, eta aurrekontu horren %25 lehen arretara bideratzeko; langile kopurua handitzeko; behin-behineko langileak egonkortzeko; murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzeko; esku pribatuetan jarritako zerbitzuak berreskuratzeako —enplegua mantenduta—; eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide