Santa Klara komentura bisita gidatua egin dute

Nerea Uranga 2020ko ira. 19a, 15:00
Santa Klarako komentuko bisita gidatua, gaur. (Argazkia: Azkoitiko Udala)

Santa Klara komentua ikusteko parada izan dute gaur eguerdian Azkoitiko Udalak antolatutako bisita gidatuan parte hartu dutenek. Bihar, igandea, Ezkutuko Altxorraken barruan, Jauregi eta dorretxeen artean bisita izango da.

Asteburu honetarako bi bisita gidatu daude antolatuta Azkoitian. Aurrenekoa gaur eguerdian egin dute Juan Bautista Mendizabalek gidatuta. Bisita horretako parte hartzaileek Santa Klarako komentua ikusteko eta hango nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dute.

Bihar, igandea, izango da asteburu honetako bigarren bisita gidatua. Kasu honetan, Iraurgi Berritzenek eta Loiolako Turismo Bulegoak elkarlanean antolatutako Ezkutuko Altxorrak egitasmoko azkena izango da. Jauregi eta dorretxeen artean izeneko bisita gidatua egingo dute bihar, 12:00etan hasita; dagoeneko ez da gelditzen plazarik libre. Loiolako Turismo Bulegoak azaldu du, ordea, itxaron zerrenda ireki dutela. Itxaron zerrendan izena emateko, 943-15 18 78 telefonora (Loiolako informazio bulegoa) deitu edo info@tierraignaciana.com helbidera idatzi beharko da.

Udalak antolatutako azkena, irailaren 26an

Udalak antolatutako azken bisita gidatua irailaren 26an izango da. 12:00etan, Intsausti jauregiaren eta Azkoitiko Zalduntxoen historia ezagutzeko aukera egongo da orduan, eta udalak azaldu duenez oraindik badaude plazak libre. Izena udaleko udaleko Kultura sailean eman beharko da, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara bitartean 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta. Horrez gain, Loiolako Turismo Bulegoan ere badago izena emateko aukera; 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzita, 10:00etatik 14:00etara edo 15:00etatik 19:00etara.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide