GBC-ko jokalaria

Xabi Oroz: "Guk izan behar dugu garbi nora irits gaitezkeen"

Berria 2020ko ira. 19a, 13:00
Xabi Oroz, Acunsa GBCko jokalaria (Argazkia: Gipuzkoa Basket)

Xabi Oroz saskibaloiko jokalariari elkarrizketa egin dio Iñigo Lasa kazetariak Berria-n. ACB ligara itzuli da Gipuzkoa Basket, Oroz talde horretako kapitaina da.

Gaur ekingo dio ACB ligari Gipuzkoa Basketek. Xabi Oroz taldeko kapitaina (Azkoitia, Gipuzkoa, 1996) "lehiatzen hasteko irrikaz" dago. Gaztea izan arren, ACBn jokatutakoa da, eta uste du esperientzia hori "lagungarria" izango dela bai kantxan, baita kanpoan ere.

Azkenean iritsi zaizue lehiatzeko eguna. Gogoz egongo zara, ezta?

Bai. Hainbeste hilabetez lehiatu gabe egotea gogorra da, eta dagoeneko partidan dugu arreta osoa.

Oso luzea egin al zaizu itxaronaldia?

Bai. Ez gaude ohituta hainbeste denbora geldirik egotera, eta lehiatu gabe egotea gogorra egiten da. Konfinamendua luze joan zen. Denboraldi-aurrearekin eta entrenamenduekin hasi ginenean hobe sentitu nintzen, baina entrenatzea eta lehiatzea ez dira gauza bera.

Liga Real Madrilen aurka hasiko duzue. Ez da aurkari samurra hasteko.

Liga honetan ez dago aurkari errazik. Egia da talde indartsua dela Real Madril, eta ez dela batere erraza izango. Baina konfiantza dugu guregan, eta egunero egiten dugun lan gauzak ondo egiteko, eta ahalik eta partida onena jokatzen saiatuko gara.

Nolako neurketa espero duzu izatea?

Egia da haiek txapelketa bat irabaztetik datozela [Espainiako Superkopa], eta lehiatzearen dinamika horretan gu baino gehiago sartuta daudela. Baina ahalik eta hobekien landu dugu Real Madrilen jokatzeko modua, partidan haien jokoa gelditu ahal izateko.

Etxean jokatzea egokitu zaizue, baina Illunbeko lanak ez daudenez amaituta, Miribillan jokatuko duzue. Arraroa egingo zaizue, ezta?

Bai, arraroa izango da. Baina horri ez dizkiot buelta gehiago eman nahi. Hori ez da gehien kezkatzen nauena, beste gauza batzuek lehentasuna izango dute partida irabazi nahi badugu.

 

Elkarrizketa osorik irakurtzeko Berria.eus-en.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide