Asteburuan bi bisita gidatu egingo dituzte Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 15a, 12:19

Herriko jauregiak eta dorretxeak ezagutzeko parada egongo da igandean.

Udalak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak Loiolako Turismo Bulegoarekin elkarlanean antolatutako bi bisita eskainiko dituzte asteburuan. Antolatzaileek azaldu dute ez dagoela plazarik libre, eta itxaron zerrenda zabaldu dutela.

Asteburuan bi bisita gidatu eskainiko dituzte Azkoitian. Larunbatean, 12:00etan, Azkoitiko Udalak antolatuta bisita egingo dute Santa Klara komentura. Udalak jakinarazi du plaza guztiak beteta daudela bisita egiteko, baina itxaron zerrenda ireki dutela. Koronabirusaren hedapena eragozteko, hamar laguneko taldeak ari dira osatzen aipatutako bisita gidatuak egiteko.

Udalak antolatutako azken bisita gidatua, berriz, irailaren 26an izango da. 12:00etan, Intsausti jauregiaren eta Azkoitiko Zalduntxoen historia ezagutzeko aukera egongo da, eta udalak azaldu duenez oraindik badaude plazak libre. Izena udaleko Kultura sailean eman beharko da, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara bitartean 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta. Horrez gain, Loiolako Turismo Bulegoan ere badago izena emateko aukera; 943-15 18 78 telefono zenbakira deitu edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzi beharko da 10:00etatik 14:00etara edo 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Ezkutuko Altxorraken azkena

Iraurgi Berritzenek eta Loiolako Turismo Bulegoak elkarlanean antolatutako Ezkutuko Altxorrak egitasmoa ere amaierara iritsiko da asteburuan, Azkoitian azken bisita gidatua eskainiko baitute. Jauregi eta dorretxeen artean izeneko bisita gidatua egingo dute igandean, hilak 20, 12:00etan hasita; dagoeneko ez da gelditzen plazarik libre. Loiolako Turismo Bulegoak azaldu du, ordea, itxaron zerrenda ireki dutela. Itxaron zerrendan izena emateko, 943-15 18 78 telefonora (Loiolako informazio bulegoa) deitu edo info@tierraignaciana.com helbidera idatzi beharko da.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide