Rina Cabeza: "Ez dugu onartuko itzulera hau edonolako baldintzetan izatea"

Rina Cabeza, Nerea Irizar eta Aitor Tena. (Dorleta Agiriano Lai)

Hasi dira eskolak berriz, galdera ikur artean. Alarma egoeran azaleratu ziren kezkek ikasturte berriaren hasierarekin egin dute talka, arrapaladan. Bermeak eskatu dituzte hezkuntza arloan, eta bihar, greba eguna izango da EAEn. Oraingoan ere ozen entzungo dira ikasleen aldarrikapenak, kalera irtengo baitira goizean goizetik. Ikasle Abertzaleak antolakundeak hilabetearen hasieran deitu zuen ikasle greba, eta eskualdeko hiru kidek horretarako arrazoiak azaldu dituzte; Rina Cabeza azkoitiarra da horietako bat.

Lanbide heziketako ikasleak dira Rina Cabeza (2002, Azkoitia) eta Nerea Irizar (2001, Zarautz). Aitor Tena (1999, Zumaia), aldiz, unibertsitate ikasketetan dago murgilduta. Ikasle Abertzaleak antolakundeko militanteak dira hirurak.

Konfinamendu garaian adierazi zenuten COVID-19aren pandemia eta horren eskutik etorri den salbuespen egoera gogorrak izaten ari zirela hezkuntzan, eta horren lekuko izaten ari zinetela ikasleak. Zein eragin izan du zuengan krisi honek?

Aitor Tena: Begi bistakoa da gizarteko esparru guztietan eragin duela krisi honek, eta hezkuntza ez da salbuetsita egon. Ezjakintasunak eta ziurgabetasunak ezaugarritu zuten aurreko ikasturtearen amaiera, besteak beste, ebaluazio-irizpideen gaineko ezjakintasunak. Orain, ikasturte berriaren hasieran, kaosa ere gehitu behar zaio egoera horri: nahasmenaren erdian hasi ditugu eskolak, ikasleon nahiz hezkuntza arloko gainontzeko langile sektoreen osasun-baldintzak inola ere bermatuta ez daudenean.

Eskola telematikoek eta hezkuntzaren digitalizazioak eragin handia izan dute ikasleon egunerokoan. Gainera, garrantzitsua da digitalizazio hori testuinguru orokorrean kokatzea, betetzen dituen funtzioak aztertzeko. Krisi kapitalista orotan bezala, berregituraketa une bat ari gara bizitzen: hainbat aldaketa eta neurri ezarri dizkigute, hasiera batean, behin-behinekoak ziruditenak. Baina, finean, krisi uneetan askotariko instituzioetatik gauzatzen diren aldaketek helburu bat dute: kapitalak irabazi-dinamika ziklo berri bat ireki ahal izatea eta horretarako beharrezko egokitzapenak egitea.

Hezkuntza funtsezkoa da egungo nahiz etorkizuneko dinamika hori sostengatzeko. Hala, hezkuntzan ere ezarri dituzte aldaketak, eta gelditzeko etorri direla dirudi. Horixe izan daiteke hezkuntzaren digitalizazioaren kasua, ezinbestean, urrats bat izango dena ikasleon gaineko kontrol soziala areagotzeko bidean. Horrek epe luzera begira bete ditzakeen funtzioak nabarmenak dira.

Ikaskuntza telematikoak arazo ugari eragiten dizkie langile familiei, gainera. Askok ez dituzte beharrezko baliabide teknologikoak etxean, eta beste gurasok askok, ezingo lituzkete lana eta seme-alabak etxean izatea kontziliatu.

Bestalde, ikasleoi askotan ukatu zaigu ikastetxeetan edota unibertsitatean lan politikoa egiteko dugun eskubidea. Adibidez, zailtasunak ditugu gure artean biltzeko, eta greba egiteko jarri dizkiguten oztopoak azpimarratzekoak dira.

Ikasle greba deitu duzue irailaren 15erako, eta Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu da leloa. Zergatik aldarrikapen hori?

Nerea Irizar: Gure ustez, bizirauteko lan-indarra saltzera kondenatuta gaudenok osatzen dugu langile klasea. Krisi guztietan da sektore kaltetuena, krisiaren eraginak eta martxan jartzen diren egokitzapenen eraginak bere azalean bizitzen dituena. Kasu honetan, noski, krisi honen ondorioak ordaintzen ari garenak ez gara soilik langile klaseko ikasleok, langile sektore guztiak baizik: garbitzaileak, irakasleak… Horren aurrean erantzun beharra dagoela iritzi diogu.

Askotan badugu joera ikasleak “langile klase” modura ez ikusteko, baina gu gara etorkizuneko langileria. Gainera, ikuspegia zabalduz gero, nabarmena da ikasleok zerri gauden lotuta: gurasoak langabezian geratuz gero beharbada ezingo dugu unibertsitatean ikasi, edo unibertsitatean ikasteko ordaindu beharreko kuota garestitzen badute, gurasoek beste lanen bat ere bilatu beharko dute, agian. Edo guk geuk.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide