Xabier Munibe ikastolako Kontigentzia Planarekin ados ez dauden gurasoek bilera egingo dute asteazkenean

Maxixatzen.eus 2020ko ira. 14a, 09:41
Xabier Munibe ikastola.

Asteazkenean, 19:00etan egingo dute bilera Oteiza frontoietan, eta ikastolako komunitate osoari egin diete bileran parte hartzeko deia.

Xabier Munibe ikastolako Kontigentzia Planak jasotzen dituen hainbat neurrirekin desados agertu da hainbat guraso. "Kezkatuta" agertu dira ikasleei ezarritako neurriekin. "Hainbat guraso elkartzen hasi gara, ez gaudelako ados Xabier Munibe ikastolako Kontigentzia Planak jasotzen dituen hainbat neurrirekin. COVID-19aren hedapenari aurre egin nahian, familiei aurrez kontsultatu eta galdetu gabe ezarri dute 2020-2021 ikasturterako protokoloa, eta gurasooi kezka eragin digute ikasleei ezarri zaizkien neurri murriztaileek, hala nola eskolako espazioaren erabilerak, 6 urtetik gorako haurrek maskara uneoro derrigorrean eraman beharrak eta distantzia soziala mantendu behar izateak", azaldu dute bileraren deitzaileek.

Neurri horiek "umeen eskubideak eta garapena urratzen" dituztela uste dute gurasoek, eta besteak beste, herriko espazio publikoak erabiltzea zein baliabide pertsonalak handitzea "lehentasunezkoak" direla diote, beren seme-alabek "modu seguruan ikasi" eta haien "garapen integrala oinarri" izango duen hezkuntza jaso dezaten. Era berean, elkartasuna adierazi diete ikastolako irakasleei ere. "Ikasleei ez ezik, badakigu irakasleei ere neurri zorrotzak ezarri dizkietela, eta haiei ere elkartasuna adierazi nahi diegu, baldintza gogor hauetan beraien borondate onenarekin ari direlako lanean", azaldu dute.

Kontigentzia Planarekin ados ez dauden gurasoek azaldu dute, hasi direla "ikasleengan ezarri dituzten neurri murriztaileak" arintzeko lanean, eta besteak beste, jardun jarraia egitea eta kontziliazioa ahalbidetzeko neurriak ezartzea dituzte eztabaidagai. Era berean, adierazi dute elkartzen hasi den taldea "guztiz irekia" dela. "Jakin badakigu gero eta lagun gehiago elkartu, orduan eta indar handiagoa izango dugula gure eskaerak aurrera eramateko", azaldu dute.

Hori hala, datorren asteazkenean, irailaren 16an, bigarren batzarra egingo dute Oteiza frontoietan, 19:00etan. Eskolako komunitatea osatzen duten guraso, irakasle, langile zein ikasle oro gonbidatu dute bertara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide