Zozketa

'Moko zorrotza' antzezlana eskainiko dute hilaren 19an, Baztartxo antzokian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 11a, 10:48

Zapatuan, irailak 19, 19:30ean eskainiko dute Moko 'zorrotza' antzezlana aretoan. Udalaren laguntzarekin, lau sarrera zozkatuko ditu Maxixatzenek.

Datorren zapatuan, irailak 19, Moko zorrotza antzezlana ikusteko aukera egongo da Baztartxo antzokian. Emanaldia zuzenean jarraitzeko sarrera 8 eurogatik eskuratu ahal izango da egunean bertan; antzezlana hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko ditu ateak leihatilak. Txalo produkzioak taldearen komediazko antzezlanarekin hasiko da, beraz, antzerki denboraldi berria, Baztartxon. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak Juan eta Lauraren paperean arituko dira.

Bizitza ulertu eta aurrera egiteko bi modu ezberdin azaleratuko dituzte bi aktoreek, guztiz kontrajarriak. Elkar maite dute. Institutuan ikaskide izan ziren, eta orain, 30 urteko krisi amaigabean murgilduta, ustegabean egin dute topo. Gau batez, garai haietako gogorapen eta ametsak gaurkotuko dituzte…Bereziki, bete ezin izan zirenak. Bien bitartean, ikuslearen hasierako algarak hausnarketa bilakatuko dira; azkarregi hazi ote gara, edo ez dugu garapenik izan? Helduen arropaz jantzitako umeak ote gara? Edo ume izaten jarraitzeko tematuta dauden pertsona helduak? Zer demontre egin geure bizitzekin? Zer da bada bizitza: ametsak eta algarak, barreak eta negarrak, hutsuneak eta begiratuak, maitasunaren gehiegikeriak eta ezinezko amodioak.

Guzti hori hausnartuko dute Moko zorrotza antzezlanean. Eta batez ere, 80. hamarkadako garaietara egingo dute itzulinguru sentikorra. Han egongo dira Patrick Swayze y Baby, inor baztertuta geratu ez dadin laguntzeko.

Bazkideentzat zozketa

Maxixatzenek, udalak lagunduta, antzerkia zuzenean ikusteko lau sarrera zozkatuko ditu hilaren 18an bi bazkideren artean. Zozketan parte hartzeko honako galdera hau asmatu beharko da:

Zein da 'Moko zorrotza' antzezlanaren zuzendaria?

Bidali erantzun zuzena maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora, irailak 17, osteguna, 22:00ak baino lehen. Asmatzaileon artean zozketa egingo da, eta irailaren 18an, ostirala, jakinaraziko ditu Maxixatzenek bi bazkide irabazleen izenak webgunean.

Egin zaitez Maxixatzeneko bazkide!

Maxixatzeneko bazkide egin zaitezke urtean 25 euro ordainduta. Horrekin, herriko euskarazko proiektua hauspotuko duzu. Eguneko informazioa izango duzu sarean eskuragarri, eta Maxixatzen aldizkaria jasoko duzu hilero. Era berean, Maxixatzenen zozketetan parte hartzeko aukera ere izango duzu. Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide