Kasu positibo berririk ez du zenbatu Osakidetzak Azkoitian azken PCR probetan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 8a, 13:00

Eskualdean zazpi kasu zenbatu dituzte: hiruna Azpeitian eta Zarautzen, eta beste kasu bat Zestoan. 6.836 PCR proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta Bizkaian zenbatu ditu kasu gehien: 216 guztira.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi ditu atzo egindako PCR proben emaitzak, eta Azkoitian ez du kasu berririk zenbatu. Azken 26 egunetan –abuztuaren 13tik gaur arte–, ordea, 36 kasu zenbatu ditu Osakidetzak herrian. Eskualdean, bestalde, beste zazpi kasu atzeman ditu. Azpeitian eta Zarautzen hiruna kasu zenbatu ditu Osasun Sailak, eta kasu bat gehitu du Zestoan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin zuen atzo kasu positibo berrien kopuruak. Dena den, azken orduetan 397 positibo atzeman dituzte, atzo baino 116 kasu gutxiago. Atzo guztira 6.836 PCR proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azken hiru egunetako kopuru txikiena.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 216. Gipuzkoan, berriz, 146 atzeman dituzte, eta 27 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere positibo eman dute probetan. Gaur egun 241 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 50 daude ZIUn. Atzoko datuen arabera, 32 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan. RO indizea, berriz, 0,98 da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide