Taldeak osatuta, sasoi berria hasteko prest dago Iraurgi SB

Nerea Uranga 2020ko ira. 4a, 11:30

Azkoitia-Azpeitia ISBk urriaren 4an du lehen neurketa, Azkoitian, eta Juaristi ISBk urriaren 11n, Azpeitian. Iraurgik 27 saskibaloi talde izango ditu aurten federatuta.

Denboraldi berriko partidetan COVID-19aren aurrean hartu beharreko neurri zehatzen berririk ez dute jaso oraindik Iraurgi Saskibaloi Taldekoek; datorren astean espero dute protokoloaren berri izatea federaziotik. Hala ere, liga nagusiak noiz hasiko dituzten badakite eta horiei ekiteko bi talde nagusiak osatuta eta prestatzen hasita daude: Espainiako gizonen Zilarrezko LEB Ligako Juaristi ISB (urriaren 11n dute lehen norgehiagoka, Azpeitiko kiroldegian) eta emakumeen Bigarren Mailako Azkoitia-Azpeitia ISB (urriaren 4an jokatuko dute, Azkoitiko kiroldegian). Denboraldiko aurreneko jardunaldiaren aurretik, ordea, badu ISBk beste hitzordu bat; irailaren 26an, Euskal Kopa.

Denboraldia "nahasi samarra" aurreikusten du Jose Luis Zubizarreta Xubi ISBko kirol arduradunak. "Ligak hasiko dira, baina hemendik denbora batera nola egon gintezken ezin dugu aurreikusi. Federazioak antolatu ditu ligak, baina partidetan jarraitu beharreko protokoloa ez dakigu". Entrenamenduetan hainbat segurtasun neurri hartzen  dituzte Iraurgiko taldeak, baloiak desinfektatuz eta abar.  Bidaia aldetik ere, aurreko sasoian baino luzeagoak egin beharko dituzte ISBren bi talde nagusiek. Juaristi ISBk iazko antzeko bidaiak egin beharko ditu, baina Melillako taldeak ere badituzte multzoan eta haraino ere joan beharko dute. Azkoitia-Azpeitia ISBri, baina,  bidaia luzeagoak egitea egokituko zaio norgehiagokak jokatzeko: "Hamahiru irteeretatik sei Galiziara egin beharko ditugu, bi Kanariar uharteetara, bat Avilesera eta hemen Euskal Herrian Galdakaora, Barakaldora eta Iruñera".

Taldeak osatzeko orduan, emakumeen lehen taldea osatzeko izan dituzte zailtasun gehien: "Urteetan emakume jokalarien harrobi onenetakoa izan dugu eta orain aurkitu ezinda ibili gara".

Federatutako 27 saskibaloi talde izango ditu 2020-21 denboraldian Iraurgi SBk; aurreko sasoian baino bi talde gehiago. Eskolarrekoekin noiz hasiko diren, ordea, ez dakite. Oraindik horretarako baimenik ez dute jaso Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Denboraldi berriaren antolaketan "hutsune handi bat" antzeman dutela nabarmendu du Zubizarretak: "Aurtengo denboraldian klubean izango dugun bajarik inportanteena Pinorena [Juan Jose Arakistain, ekainaren hasieran zendu zen] izango dugu zalantzarik gabe. Asko botatzen dugu faltan".

Iraurgi SB talde nagusiak

  • Juaristi ISB

Espainiako gizonezkoen Zilarrezko LEB ligan ariko da. 2020-21 denboraldia urriko bigarren asteburuan hasiko dute: urriaren 11n (igandea), 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian jokatuko du lehen neurketa Zamorako Innova Chef-en aurka.
Entrenatzailea. Iñaki Jimenez eta laguntzaileak Mikel Odriozola eta Xabier Azpillaga.
Jokalariak. Fitxaketa berriak: Iñigo Royo, Pavel Savkov (Baskoniak utzita), Ondrej Hanzlik (Baskoniak utzita), Deion Butte, Ander Merketegi, Kevin Buckingham eta Manny Suarez. Kontratua berritu dutenak: Beñat Hevia, Ierai Azpitarte eta Ibon Guridi (kapitaina). Harrobikoak: Manex Ansorregi.
Baja izan dira: Xabi Prepa (hamahiru urte egin ditu Iraurgin), Iker Salazar, Hugo Bartolome, Goar Artetxe eta Xabier Aranburu.

  • Azkoitia-Azpeitia ISB

Espainiako emakumezkoen Bigarren Mailako taldea. Urriko lehen asteburuan hasiko dute liga. Aurreneko neurketa etxean jokatuko du urriaren 4an (igandea), 11:00etan, Azkoitiko kiroldegian Ausarta Barakaldoren kontra.
Entrenatzailea. Andoni Lazkano da entrenatzailea, eta laguntzailea Asier Larrañaga.
Jokalariak. Fitxaketa berriak dira: Crystal Primm, Margaret Effa, Morgan Green eta Saioa Altzaga. Kontratua berritu dutenak dira: Intza Lizarazu (hamazortzigarren urtea egingo du Iraurgin azkoitiarrak), Sara Iparragirre (bigarren urtean du Iraurgin oriotarrak) eta Alazne Lizundia. Harrobikoak: Maria Otaegi eta Paula San Juan.
Baja izan dira: Maite Merketegi, Libe Villar, Luis Agirre eta Eneko Artola.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide