Azkoitiko AEK euskaltegiak zabaldu du datorren ikasturteko matrikulazioa

Andoni Elduaien 2020ko ira. 3a, 13:18
Azkoitiko AEK-ko irakasleak. (Argazkia: Azkoitiko AEK)

Hilaren 23ra arte egongo da zabalik izen ematea. Kultur Etxean AEK-k duen egoitzara joanda, helbide elektroniko bidez edo telefonoz egin beharko da datorren ikasturterako matrikulazioa.

Azkoitiko AEK euskaltegiak zabalik du 2020-2021 ikasturterako matrikulazio epea. Berriz ere euskara "ikasteko, maila hobetzeko eta erabiltzen jarraitzeko garaia" iritsi dela azpimarratu dute ikasturte berriaren atarian. "Testuinguru berezia" dela nabarmendu dute, baina ikasturte honetan ere "AEK-n aurrera" segituko dutela azaldu dute, herritarrek euskaltegietan "euskara ikasteko aukera" izan dezaten. Gainera, izena ematen duten ikasleek irakasleen "gertu-gertuko" laguntza izango dutela adierazi dute.

Irakasle batek bik beste balio du leloarekin hasi du kanpaina Azkoitiko AEK-k; irakasleen balioan jarriko dute datorren ikasturtean arreta. "Irakasleen esperientzia eta eskarmentua batetik, eta haien pasioa eta gogoa bestetik, txanpon beraren bi aldeak dira; batetik, irakasleak gai dira ikasleak ikasketa prozesuan aurrera egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikastea nahi du irakasleak", azaldu dute Azkoitiko AEK-ko kideek.

Azkoitiko AEK-k azaldu duenez, "ohiko ikastaroekin" jarraituko dute aurten ere, baina betiere "unean uneko osasun neurrietara egokituta eta prebentzio neurri guztiak hartuta" egingo dute lan. Hori horrela, aurrez aurreko saioak, autoikaskuntza eta online ikastaroak eskainiko ditu aurten Azkoitiko AEK-k. Jakinarazi dutenez, maila guztiek izango dute lekua: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 (online). Mintzalagun taldeak ere izango dira; astean ordubetez elkartuko dira horiek "mintzamenari bultzada emateko" helburuarekin.

Matrikulazioa irekita egongo da irailaren 23ra bitartean. Horretarako, hiru bide zabaldu ditu euskaltegiak. Batetik, Kultur Etxeko 4. solairuan duten bulegoan eman ahalko da izena, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Horrez gain, azkoitia@aek.eus helbidera idatzita edota 607 612 697 telefonora deituta ere eman ahalko da izena.

Izen emateari lotuta, AEK-k jakinarazi du Azkoitian erroldatutako 16 urtetik gorako ikasleei matrikularen %75a itzuliko diela Azkoitiko Udalak; horretarako, %85eko asistentzia izan beharko dute ikastaroan gutxienez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide