Saharara bidaltzeko materiala bilduko dute larunbatean

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 3a, 10:17
Bi haur saharar Azkoitian izan ziren iaz, uda igarotzen.

Osasun krisiak eraginda, haur sahararrek ezin izan dute uda Euskal Herrian pasatu. Horren aurrean, askotariko materiala bilduko dute larunbatean Azkoitian, kanpalekuetara bidaltzeko. Kontzejupean egingo dute bilketa, 10:30etik 13:30era.

Urteak dira haur sahararrak Euskal Herrira uda igarotzera etortzen direla, beren bizilekuan egin ohi ez dituzten mediku azterketak egitera eta beroari ihesi, besteak beste. Oporrak Bakean programak lan ugari egin du hori posible izan dadin, baina aurten, gauza gehienak bezala, proiektu hori ere hankaz gora jarri du COVID-19 gaitzak. Hori horrela, 300 haur saharar inguru Euskal Herrira etorri gabe gelditu dira.

Osasun krisiak eragindako kalteak atzera bueltarik ez duen arren, tokian tokiko elkarteek ez dute ezer egin gabe gelditu nahi izan, eta haur sahararrei bidaltzeko maletak prestatzeari ekin diote. Hain justu, Euskal Herritik 300 maleta bidali nahi dituzte Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara, han beharrezko duten materialarekin. Azkoitian ere egingo dute bilketa: larunbatean –irailak 5– Kontzejupean izango dira, 10:30etik 13:30era.

Honako produktu hauek bilduko dituzte bertan: neguko arropa –10 eta 16 urte bitarteko haurrentzat txamarrak, sudaderak, zapatilak, kamisetak, txandalak…–, prebentziorako osasun materiala –maskarak, gel hidroalkoholikoa, eskularruak–, paracetamol eta eskola materiala –koadernoak, arkatzak, margoak–. Horrez gain, Oporrak Bakean programaren informazio mahaia ere jarriko dute zapatuan Kontzejupean.

Bilketa egin ostean, 28 kiloko maleta bana bidaliko diote Euskal Herrira etorri ezinik gelditu den haur saharar bakoitzari.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide