Astelehenean irekiko dute Azkoitiko eguneko zentroa

Maria Maya 2020ko uzt. 31a, 10:57

Aldundiak atzo jakinarazi zuen eguneko zentroak zabalduko dituztela herri gehienetan. Astelehenetik aurrera, adinekoen egoitzetan bisitak egiteko aukera izango da.

Bi astez itxita egon ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen astelehenetik aurrera berriz ere zabalduko dituztela eguneko zentroak; tartean, Azkoitiko San Jose egoitzakoa. Salbuespen batzuk egongo dira, ordea: Gipuzkoan, itxita jarraituko dute Orioko, Zarauzko, Eibarreko eta Elgoibarreko zentroek, “COVID-19a herri horietan izaten ari den eragingatik”. 

Astelehenetik aurrera, gainera, adinekoen egoitzetako egoiliarrei bisitak egiteko aukerak zabalduko dira. Hala eta guztiz, egoiliarrek gehiago itxaron beharko dute egoitzetatik irteteko: Gipuzkoan, abuztuaren 11n hasiko dira. 

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakinarazi du "zaurgarrienen osasuna eta ongizatea bermatzea" dela hartu izan diren neurrien asmoa, eta nabarmendu du eguneko zentroak itxita egon diren bitartean eta "behar gehien dutenen kasuan" arreta indartu dutela erabiltzaileen etxeetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide