Ibaiondo kaleko asfaltatze lanak hasiko ditu udalak asteartean

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 30a, 13:20
Asfaltatuko duten errepide zatia (Argazkia: udala)

Berdura plazatik Martin Deuna kaleko autobus geralekura bitarteko errepide zatia asfaltatu eta margotuko dute; Jausorora sartzeko bidegurutzetik hasita errepidearen lehen zatia ere asfaltatuko dute

Asteartean hasiko ditu udalak Ibaiondo kaleko asfaltatze eta margotze lanak, eta ondorioz, lanek irauten duten bitartean txandakako zirkulazioa ezarriko dute ibilgailuentzat, trafikoa bi norabideetan moztu beharrik ez izateko.

Lanen iraupena bizpahiru egunekoa izango dela aurreikusi du udalak. Ibaiondo kaleko 18. zenbakitik Martin Deuna kaleko 5. zenbakira arteko errepidea asfaltatuko dute, hau da, Berdura Plazako sarbide paretik Martin Deuna kaleko autobus geraleku ondoko zebrabideraino.

Halaber, Jausorora sartzeko bidegurutzetik hasita, errepidearen lehen zatia ere asfaltatuko dute. Udalak Asfaltos Urretxu enpresari esleitu dizkio hobekuntza lanak, eta 48.201 euroko aurrekontua izango dutela jakinarazi du. Esku hartzea hiriguneko kaleen hobekuntza planaren baitan sartzen dela azaldu du Azkoitiko Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide