Erretratua

Karmen Zendoia: "Londresen ikusi nuen tenisean egiteko aukera aurrenekoz"

Olaia Juaristi 2020ko ira. 6a, 10:43

Karmen Zendoia. (Erretratua: Gorka LarraƱaga)

Egurrezko erraketa batekin, 17 bat urterekin, hasi zen tenisean Karmen Zendoia (Azkoitia, 1956), egungo Txerloia Tenis Klubeko presidentea. Denboran atzera egin, eta pasioz azaltzen ditu teniseko bizipenak, bere bizitzaren zati handiena kirol horri lotuta baitarama. Ondo gordeta ditu Azkoitiko tenis munduarekin lotutako egunkari zatiak, jokalari ospetsuen sinadurak, bere partidetako aktak, garaikurrak, argazkiak eta abar.

Telebistan ikusi zuen aurreneko aldiz tenisa, eta gustatzen hasi zitzaion. "Ene bada, zer polit", pentsatu zuen. "Orduan ez zegoen kirol askorik aukeran, eta neskentzat gutxiago. Mutilak futbolean aritzen ziren, baina nesken talderik ez zegoen artean", azaldu du. 15 urterekin, Azpeitiko institutuan ikasten hasi zenean, saskibaloian jokatzen zuen, eta nesken taldea osatu zuten. "Oso kirolzalea izan naiz betidanik. Pentsa, Anaitasunako lehen nesken taldea sortu zenean ere parte hartu nuen, futbolean inoiz ibili gabea izan arren", gaineratu du.

1973an, Londresera joan zen, eta urtebete egin zuen bertan. "Han ikusi nuen lehenengo aldiz tenisean egiteko aukera", dio. "Parke askotan ziren teniseko pistak. Terraza batean tea hartzen ari zinela, alboan jendea tenisean jokatzen ikusten zenuen. Gainera, jokatzeko nahikoa zen pistak alokatzea". Urte hartan, ordea, bestelako gauzekin nahikoa lan zuenez, ez zuen tenisean jokatu. Dena den, 1981ean, Londresera itzuli zen lagun batekin. "Ordurako hasita nengoen Urola inguruko pistak ezagutzen lagun harekin. Zestoako Arozena hotelekoa, esaterako. Bezeroentzako zen, baina inor ez zen ibiltzen. Nire lagunak, bazuen ezagun bat hotel hartan, eta haren bitartez lortu genuen pista haietan jokatzeko baimena", kontatu du. Hala ere, Londresera egin zuen bigarren bidaian sartu zen aurreneko aldiz teniseko pista batean: "Garai hartan, Iraurgi kirol dendan Tomasi 700 pezetatan erositako egurrezko erraketa batekin jokatu nuen, baina sekulako ilusioarekin".

   

Azkoitira itzuli zenean, pixkanaka inguruko tenis pistak ezagutzen aritu zen, hala nola Zestoara, Getariara zein Debara joan-etorriak eginez. "Orduan jendea engainatzen ibiltzen nintzen: 'nahi tenisean jokatu?', galdezka. Nik jokatzea nahi nuen, eta laguna behar nuen", gogoratu du barrez. Izan ere, orduan ez zegoen tenisean jokatzeko zaletasunik herrian; inork ez zuen jokatzen. Eskia eta tenisa, gainera, oso garestiak ziren, "aberatsen" kiroltzat hartzen ziren. "Ni baino pixka bat helduagoak diren hiru-bat mutil bakarrik ibiltzen ziren tenisean Azkoitian. Haiek erdiko sarea soilik jarrita aritzen ziren, eta ingurua babesteko sarerik gabe, pilota mordo bat galtzen zitzaizkien".

Teniseko monitore titulua 1987an atera zuen Zendoiak. "Gustatu egiten zitzaidan tenisa, eta ikastea nahi nuen, beste helbururik gabe". Eskolak ematen ere hasi zen Azpeitiko Esklabetan eta Azkoitiko Ikastolan. Orduan, herrian tenis pistak izatearekin amesten zuten. Horrela, bero-bero eginda, Azkoitiko Udalera joan ziren hiru-bat lagun, eta pistak eraikitzeko eskaera egin zuten. "Oso jende gutxik nahi genuen zerbait zen, baina gure ezusterako, 1988an, Azkoitiko udal tenis pistak eraiki zituzten. Oso zortedunak izan ginen. Euskal Herrian ez dago beste herririk, biztanle kopurua kontuan hartuta, hiru tenispista dituenik. Luxu bat daukagu Azkoitian. Gainera, inguruko herri askotan denborarekin desagertzen joan dira tenis pistak, ez zirelako asko erabiltzen. Hemen, ordea, lan asko egin da pista horiek mantentzeko".

Anaitasuna tenis elkartearen sorrera

Behin pistak Txerloian eraikita, haien ardura izango zuen norbait behar zen. Pistak zaintzeko hamar lagun inguru eskaini ziren, eta berehala sortu zen Anaitasuna tenis elkartea. Handik aurrera, gogor ekin zioten txapelketak eta ikastaroak antolatzeari.

Pistak eraiki eta bost urtera pistetan argiak jartzea lortu zuten: "Guk kudeatzen genuen guztia, erreserbak eta abar. Neguan 17:30ean iluntzen du, eta ezin izaten genuen jokatu; ez zen ezer ikusten. Ondorioz, milioi erdi pezeta ordainduta, pistetan argiak jarri zituen udalak. Egia esan, beharrezkoa zen. Hori ospatzeko, Txerloiko etxean lehen zegoen jatetxean afaldu genuen. Afal ondoren, xanpainak hartu eta pistetara joan ginen". Hasiera haietako taldekideek lan asko egin zutela azpimarratu du Zendoiak, batez ere, haurren eta helduen Euskal Herriko txapelketak antolatzen eta ikastaroak ematen. Gainera, aulkiko epailearekin eta markagailuarekin antolatzen zituzten txapelketak. "Kirol elkarte bat aurrera eramateko funtsezkoa iruditzen zait taldekideei kirol hori gustatzea, irakurtzea atsegin ez duen liburutegiko langile bat egongo ez den bezalaxe. Hasiera haietan taldekide guztiok jokatzen genuen tenisean".

Gerora, talde hura desegin egin zen. Dena den, bi kidek jarraitu zuten lan horietan: Karmen Zendoia Txerloia Tenis Klubeko gaur egungo presidenteak eta Ainhoa Peña tenis eskolako arduradunak. Herriko tenis txapelketak antolatzen jarraitu dute urte hauetan guztietan, eta 2008. urtean, udako ikastaroei jarraipena eman nahian, Azkoitiko Tenis Eskola sortzea erabaki zuten. Ikasle gutxi batzuekin hasi ziren, baina gaur egun. 200 ikasletik gora izatea lortu dute. Peñak lan asko egin duela nabarmendu du Zendoiak. "Hari esker teniserako zaletasuna asko areagotu da herrian".

Eskolaren helburua hasierako xedearen antzekoa da gaur egun ere: tenisean gozatzea. "Tenisean erakusten dugu, jokatzean gozatzeko. Beti, errespetuarekin eta enpatiarekin. 'Hi tontue al haiz, hau txarra da...', horrelako esaldiak entzun izan ditut ikasleen artean. Berehala esaten diet: 'Guk hitz horiek ez ditugu erabiltzen hemen'. Haserretu gabe e, baina kasu egiten didate. Teknika erakustea-eta ondo dago, noski, baina asko saiatzen naiz umeei tenisean errespetuz jokatzen irakasten. Gazteen eta umeen artean hori pixka bat galdu egin dela iruditzen zait, eta niretzako oso garrantzitsua da baloreak transmititzea". Zerbaitetan asmatu badu eskolak, ikasleekiko tratuan izan dela uste du Zendoiak. Izan ere, kirolik egiten ez duen jende asko dago. "Guk tenisarekin kirola egiten dugu, baina jolasak ere asko. Kirolerako hurbilpen bat izaten da askorentzat. Horregatik, lekua baldin badago, denei baiezkoa ematen diegu. Erraztasunak ematen ditugu, eta tenisean jokatzeko duen mailagatik ez diogu inori ezetz esaten".

Antolatzen dituzten txapelketetatik Azkoitiko Opena da garrantzitsuena. 1990. urtean antolatu zuten lehenengo aldiz, eta afizionatu mailan Gipuzkoan egiten den txapelketarik zaharrena da. Lehen aldi hartatik hona, ia urtero antolatzen dute lehia. "Urola bailaran eta inguruetan erreferente bihurtu da Azkoitia tenis munduan. Irundik, Zarauztik, Arrasatetik, Hernanitik, Azpeititik... jende asko etortzen da Txerloira jokatzera. Pistak ondo zainduta daudela esaten digute, eta gu parte hartzaileak mimatzen saiatzen gara sari asko eta onak banatuta".

Tenisa, kirola baino gehiago

Tenisak zer ematen dion galdetuta, honako hau dio Zendoiak: "Bizipoza. Asteburu batean teniseko partida bat baldin banuen, listo. Asko gustatzen zaidan kirola da, banaka, bikoteka nahiz taldeka aritzea atsegin dut. Bikoteka partida asko jokatu ditut Ainhoa Peñarekin. Taldeka, berriz, 40 urterekin ere jokatzen nituen txapelketak: Santanderren, Bilbon, Iruñean... Donostiako hiru kidek eta nik osatzen genuen taldea. Oso ederki pasatzen genuen, eta, gainera, lagunak egiten genituen. Poz asko eman dizkit tenisak. Asko betetzen nauen kirola da". Urteetan jasotako esperientzia ez dela irakasten azaldu du tenislariak, gauza batzuk urteekin ikasten direla uste baitu. "Umeei eskolan teknika erakutsi arren, badira denborarekin norberak ikasten dituen gauza batzuk. Nik, adibidez, partida aurreko urduritasunak kudeatzen ikasi dut denborarekin".

Zendoia amateur mailan ibili izan da tenisean, itzultzailea baita ogibidez. "Ezin da lanik eduki tenisean profesional izatera iristeko; orduak eman behar dira lan saioak egin eta egin. Ni ez nahiz inoiz ahalegindu profesional izaten. Hainbat urtez federatu naiz txapelketetan parte hartzeko beharrezkoa zelako. Gogoan dut Manresan (Katalunia) hiru urtetan atera genuela saria. Ilusio handia egiten zigun han irabazteak, baina beti ondo pasatzeko helburuarekin, sekula ez ginen aritzen mailaz igotzearekin pentsatzen. Profesionala izateko oso ona izan behar da, eta diru asko eduki behar duzu; hemen ez dago zer eginik profesionala izateko. Horretarako, nahitaezkoa da Bartzelonako tenis eskola batera joatea, eta han entrenatzaile pertsonal bat kontratatu behar duzu, besteak beste. Nik ez dut inoiz pentsatu horrelako ezer egiterik", azaldu du.

Erreferente moduan, Pete Sampras, Martina Navratilova eta Steffi Graf izan ditu. Gainera, Graf bi aldiz bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen Zaragozan: "Haren partida bat ikustera joan nintzen propio Zaragozaraino [Espainia], eta partida amaitutakoan etxera itzuli nintzen poz- pozik".

Karmen Zendoia

  • Adina: 63 urte.
  • Ikasketak: Ingeleseko goi-mailako titulua eta teniseko monitore titulua.
  • Lanbidea: 25 urte enpresetako itzultzaile, ingeles eta frantses teknikoan.
  • Itzultzailea ez banintz… irakasle, naturarekin eta kirolarekin uztartutako zerbaitetan.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… tenisean aritzeaz gain, musika entzutea, liburu on bat irakurtzea, lagunekin egotea eta bizikletan ibiltzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide