Akordatzen?

XIX. mendeko izurrietatik koronabirusaren arora

Mailo Oiarzabal 2020ko abu. 14a, 09:00

Plazaberri.

Andramaririk gabeko urtea izango da 2020a Azkoitian. Uztailaren 22an iragarri zuen udalak guztiek espero zuten berria. Izan ere, SARS-CoV 2 koronabirusaren eta horrek eragindako COVID-19 gaitzaren mundu mailako hedapenaren urte honetan, bata bestearen atzetik joan dira bertan behera gelditzen festa ospakizunak Euskal Herri osoko herrietan, eta ez zen zaila asmatzea aurten Azkoitia ere abuztuko festa hitzordurik gabe geldituko zela.

Urteen eta mendeen joanean gutxi dira andramaixek ospatu gabeko urteak. Juan Bautista Mendizabal historialariaren arabera, orain hurrena XIX. mendean, 1855. urtean, gertatu zen antzeko zerbait.

Hain zuzen ere, COVID-19ak martxoan ekarri zuen konfinamendu garaian deskubritu zuen Mendizabalek datu hori. Gaitzen eta izurrien gaineko informazio dezente zuen lehendik pilatuta historialariak, eta itxialdian otu zitzaion aurtengo egoerarekin parekatu zitezkeen antzinako gertaeren bila hastea. Bururatu eta egin, XIX. mendean Azkoitiak pairatu zituen bi izurriteren gaineko beste horrenbeste artikulu idatzi eta zabaldu ditu.

Donostiatik Azkoitira

"Dokumentazio asko neukan fotokopiatuta", dio Mendizabalek. Eta eskura zuen, baita, Memoria sobre la epidemia de afección tifoidea mucosa, Bonifacio Gil Rojas eta Jose Ramon Sagastume medikuek XIX. mendean Azkoitiak pairatu zuen izurrite gogorretako baten gainean idatzi eta Gipuzkoako Diputazioak argitaratu zuen azterlan mamitsua. Azkoitiko medikua zen sasoi hartan Gil Rojas, eta Azpeitikoa Sagastume.

Azterlan horretan jasota dagoen informaziotik abiatuta osatu du Mendizabalek artikuluetako bat. Azkoitiko gaur egungo Plaza Berriaren sorrera 1845eko abenduan hasi eta 1846ko otsaila arte luzatu zen sukar tifoideen gaitzaldiaren ondorioetako bat izan zela azaldu du bertan historialariak. "Ikusten dugunean Plaza Berria halako zabala, XVI. mendeko bebarruekin, esaten duzu: ‘Horrelako kale zabalak, garai hartan, nolatan?’. Ez gara akordatzen erdian beste etxe ilara bat zela eta bi kale estu-estu zeudela hemen". 1845eko udan, Espainiako Isabel II.a erreginak hamabost eguneko egonaldia egin zuen Donostian. Abuztu erdiko ohiko jaiegunak aurreratu, eta "sekulako festak" antolatu zituzten hiriko agintariek erreginaren omenez. Ospakizunen artean, Alde Zaharrean ireki berri zuten Plaza Berrian -gaur egungo Konstituzio plaza- jendetza handia batu zuten zezenketak egin zituztela kontatu du Mendizabalek. "Ematen du handik etorri zela hona gaitza", dio. Eta zeharka, Donostiako eta Azkoitiko bi plaza berrien arteko lotura egin du. Izan ere, Gil Rojasek eta Sagastumek atera zuten ondorioetako bat izan zen "antzeko egitura" zutela garai hartako Donostiako eta Azkoitiko kaleek: oso estuak ziren, etxe altuekin, eta gaizki aireztatutakoak. Azkoitian etxe horietako askok behean ukuiluak izaten zituzten, gainera. Kaleen egitura horrek gaitzen zabalkundea errazten zuela iritzita, Plaza Berri izena hartu duenaren erdian zegoen etxe ilara botatzea gomendatu zioten bi medikuek udalari, eta gomendio horri men egin zion erakundeak.

"Orain galtzada-harria dagoen erdi horretan zeuden etxeak, hemeretzi-hogei bat bai; eta orain espaloiak dauden tokiak ziren kaleak. Horietako bat zen Gurutzebide, gero Konpainikale esaten ziotena; beste aldea, orain Etxe-Aitz, Ttakun-eta dauden aldea, Izarraitz kalea zen", azaldu du Mendizabalek XIX. mende hasieran orain Plaza Berria denak zuen itxura. "Izarraitz kalean hutsuneak zeuden; sute batek erre zituen etxe batzuk, itxura denez, eta hutsune horiek bete zituzten, bota zuten etxe ilaran bizi zen jendea hara pasatzeko", gaineratu du. Horrela jaio zen Peñaflorida zumardia, Azkoitiko alameda. Karlistaden aroan Carlos VII.a izena hartu zuen, eta ondorengo euskal pizkunde aroarekin etorri zen Ibilbide Berria izendapena. "Baina guk beti Plaza Berria esan izan diogu, eta Donostiako zaharrek ere horrela deitzen zioten Donostiako Konstituzio plazari. Hortik, bataren eta bestearen arteko lotura".

Orduko dokumentazioa arakatuta, COVID-19ak sortu duen egoeraren eta XIX. gizaldi erdi aldeko izurrite haren artean "antz handia" sumatu duela dio azkoitiarrak. "Gaur egun horrenbeste entzuten ditugun aztarnariek egiten dutenaren pare, orduan ere gaitza Azkoitira nondik etorri zen begiratzen hasi ziren. Horrela atera zuten ondorioa, Donostiako jaietan egon zela hona heldu zen gaitzaren iturria". Estatistikak ere alderatu ditu Mendizabalek, ordukoak eta gaur egun hainbeste nahasmen sortzen ari direnak. XIX. mendeko izurri hura aztertu zutenek egindako lanarekin txundiduta dago azkoitiarra: "Zenbat hildako izan ziren, zenbat kutsatu, zenbat emakume, gizon, haur, adin tarteak… Dena dago jasota". Horrez gain, gaitzak iraun zuen tartean Azkoitian egunez egun zer eguraldi egin zuen ere zehaztuta dago Gil Rojasen eta Sagastumeren lanean.

Hamar urtera, kolera

Hildako ugari eta triskantza eragin zuten sukar tifoideak jasan eta hamar urtera, 1855ean, beste izurri gogor batek kolpatu zuen Azkoitia, munduko hainbat bazterretan zabaldu zen kolera morbo gaitzaren hedapenarekin. Lehendik ere ezagutzen zituzten azkoitiarrek koleraren eraginak, hogei bat urte lehenago gaitzaren beste agerraldi bat izan baitzen herrian; uraren kalitate eskasarekin eta higiene gabeziekin lotzen zuten sendagileek kolera. Uztailetik urrira, pandemia hark Azkoitian iraun zuen epean, 69 lagun hil eta 953 kutsatu ziren herrian gaitzarekin, Juan Antonio Monedero erret mediku nagusiaren Apuntes acerca del cólera morbo asiático que se ha manifestado en Guipúzcoa liburuan jasotakoaren arabera.

1845eko sukar tifoideek Plaza Berria 'ekarri' bazuten, 1855eko koleraren kolpeak Andramaixek 'kendu' zizkion Azkoitiari. Monederok emandako datuen arabera, uztailaren 23an agertu zen kolerarekin kutsatutako lehen gaixoa herrian, baserri batean, eta laster zabaldu zen gaitza kalean ere: 1855eko urriaren 22an hil zen kolera gaitzak jotako azken pertsona Azkoitian. Mendizabalek dio saninazioen ondoren hasi zela izurria indarrarekin zabaltzen. Azpeitian Azkoitian baino gogorrago jo zuen kolerak aldi hartan, baina han ospatu zituzten jaiak. Azkoitian, ordea, ez zen abuztuko Ama Birjinaren omenezko festarik egin; ez, behintzat, ohi bezalako ospakizunik. Hori da Mendizabalek aurkitu eta beste artikulu batean jaso duen datuetako bat, aspaldiko izurriteen aztarnen peskiza zebilela.

Izurria zabaltzen hasi zen datak ikusita, andramaixekin zer pasatu zen argitzen zuen aztarnaren bat azaldu behar zela pentsatuta agiriak arakatzen hasi zen Mendizabal, eta topatu zuen aztarna: "Gutun bat topatu nuen, esaten zuena suak ez zirela bota urte hartan, koleragatik. Gastuen agiriak begiratzen hasi nintzen, eta beste urtetako gasturik ez zen agertzen. Ikusten da urte hartan andramaririk ez zela izan". Hurrengo urtean bai, egin zituzten, baina suzko erroberarik ez zuten erosi; aurreko urtean bota gabe gelditu zirenak, Gasteizko Canuto Agirreri erositakoak, erabiliko zituztela ondorioztatu du Mendizabalek.

San Rokeri jartzeko kandelak erosi zituztela bai, hori agertzen da 1855eko agirietan, eta "elizkizunak agian egin" zituztela ondorioztatu du historialariak. Abuztuaren 16an ospatzen da San Rokeren eguna, eta andramaixen barruan kokatuta urteekin pisua galtzen joan bada ere, San Roke Azkoitiko zaindaria dela ekarri du gogora Mendizabalek. Gainera, gaitzen aurrean babes bila, fededunek errezoak eta erreguak hari zuzendu izan dizkiotela nabarmendu du. "San Sebastianen lekua hartu zuen San Rokek. Orain parrokia dagoen tokian San Sebastian izeneko ospitalea izan genuen. Gero, San Rokerengana pasatu zen debozioa". Horregatik pentsatzen du, koleraren eraso betean, San Rokeren aldeko bederatziurrenik ez zela falta izango garai hartako Azkoitian. Agirietan jasota dago, halaber, urriaren 28an, epidemia gainditu izana eskertzeko, Te Deuma errezatu zutela. Bestalde, eta horrelakorik inon jasota topatu ez arren, Mendizabal "ziur" dago festa giroko beste ekitaldi batzuk ere ez zirela falta izango gaitza gainditu izana ospatzeko, "horrelakoak oso ohikoak baitziren gure herrietan".

Andramaixek 'kendu' bai, baina herriaren etorkizunerako ekarpen onak utzi ere egin zituen kolera izurri hark. Gaitzaren jatorria uraren kalitate txarrarekin lotu zuten Dionisio Ortiz Arrieta herriko mediku nagusiak eta Francisco Ignacio Sarriegi Insausti zirujauak. Hamar urte lehenago Gil Rojasek eta Sagastumek egin bezala, bi horiek arduratu ziren koleraren etorreraren arrazoiak aztertzeaz eta haren ondorioei aurre egiteaz. Gaitzaldia igarota, ur emari berriak topatzea eta kaleak iturriz hornitzea izan zen agintarien eginkizun nagusietako bat.

Ikusteko dago COVID-19aren pandemiak zer ekarpen egingo dituen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide