Julen Alberdi: "Uste dut aurtengo finala irekiagoa izango dela, parekatuagoa"

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 27a, 09:00

Bigarren urtez jarraian jokatuko du Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala. Aian izango da, datorren igandean, abuztuaren 2an. Iaz hirugarren sailkatu zen Txikia IV.a, Vicenteren eta Larrañagaren atzetik. Aurten ere iazko finalaren hiru protagonistak lehiatuko dira txapelaren bila. 2019ko emaitza hobetzea nahi du, gutxienez, aizkolari azkoitiarrak.

Datorren igandean jokatuko duzu Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala. Nola zaude?

Ondo nago. Denbora asko eman dugu entrenatzen eta fisikoki beste urte batzuetan uda garai honetan egon ohi naizen baino freskoago nago, udako erakustaldiek suposatzen duten higadurarik ez dugu-eta aurten. Alde horretatik, ez dago aitzakiarik. Bestaldetik, ordea, erakustaldietan aurkarien kontra aritzen gara eta lehiaketako erritmoa hartzen laguntzen digu horrek, eta aurten hori falta dugu.

Prestaketari dagokionez, zer asmo duzu finalaren aurreko aste honetarako?

Betiko moduan egingo dut lana, ezer berezirik ez. Egin beharreko denak eginda daude. Saiatuko naiz ondo deskantsatzen eta egiten ditudan entrenamendu saioak kalitatezkoak izan daitezen: ez dut saio asko egitea aurreikusten, baina egiten ditudanak intentsitate onekoak izatea nahiko nuke.

Iker Vicente eta Mikel Larrañaga izango dituzu aurkari, iazko finalean bezala. Nola ikusten duzu finala?

Iker Vicente espezialista handia da zutikako egurretan, hor alde handia atera ohi digu guri. Kasu honetan, ordea, zutikako egurrik ez da izango, denak izango dira etzandako enborrak, eta bukaerako laneko egurrak handi samarrak dira, gainera. Horregatik uste dut aurtengo finala irekiagoa izango dela, parekatuagoa.

Finalean aurkari izango dituzunekin aritzeko aukera gutxiago izan duzu aurten. Zer espero duzu haiengandik? Eta zeuk txapela lortzeko aukerarik ikusten al duzu?

Bi aurkarien finalaurrekoak ikusi ditut, eta neuk egin dudan lana ikusita, iruditzen zait hortxe gaudela denok ere. Euskal Herriko Txapelketan-eta ikusi da aurreko urteetan beraiek ni baino puntu bat gorago daudela, baina behin finalera iritsita, aukeraren bat izaten da beti. Beraiek egin ditzaketen akatsak aprobetxatuz gero eta neuk nire lana ondo egiten badut, uste dut postu bat aurrerago egiteko aukerak baditudala.

Koronabirusak eragindako etenaldi luzearen osteko lehen txapelketa duzue hau. Nola joan da orain artekoa?

Alde batetik, entrenatzerakoan ez genekien zer txapelketa eta noiz izango genituen, eta ezjakintasun horrek eragiten zuen ez genekiela nola entrenatu ere. Uda partean behintzat zer txapelketa izango genituen jakin genuenean hobetu zen egoera eta uste dut nahiko normal entrenatu dugula etxean. Txapelketan, aldaketa nagusia segurtasun eta babes neurriak izan dira; osasuna da lehendabizikoa, eta egoera honetan, zer esanik ez. Zutikako egurrak kendu izanaren arrazoietako bat izan dira neurri berriak. Pertsona bat baino gehiago behar izaten da egur horiek jartzeko, saioan zehar aldatu egin behar izaten dituzte, eta horrek jende gehiagoren arteko kontaktua dakar; horregatik, kutsatzeak eragozteko neurriak zorrotz bete ahal izateko, erabaki dute zutikakoak kentzea.

Gainontzean, neurri berriek ez digute errendimendua eragozten eta gustura gabiltza, alde horretatik. Garrantzitsua da neurriak behar bezala ezartzea, txapelketak antolatzen jarraitu ahal izateko.

Igandeko finalaren ondoren, herrietako festarik gabe eta, nolako uda aurreikusten duzu? Zeintzuk izango dituzu hurrengo hitzorduak?

Konfinamenduaren ondoren erakustaldi bakarra egin dut. Beharrezko neurriak hartuta eta inongo arazorik gabe egin genuen. Berez, ez dago inongo arazorik behar diren neurriak hartuta herri kirol erakustaldiak antolatzeko. Baina jakina da erakustaldi gehienak festetako egitarauen barruan antolatzen dituztela, eta festak bertan behera geldituta, erakustaldi oso-oso gutxi egitea aurreikusten dugu; pare bat besterik ez ditut lotuta. Txapelketei dagokienez, Donostiako Urrezko Kopa izango dugu hurrengo hitzordua; horrekin aurrea segitzea erabaki du Donostiako Udalak eta abuztuaren 15ean egingo da. Urrezko Aizkoraren finalisten artean jokatzen den liga ere egingo dela esan digute, baina ikusi egin beharko da nolakoa den egoeraren bilakaera eta zer aukera dauden. Euskal Herriko Txapelketa, berriz, airean dago momentuz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide