45 parte hartzaile lehiatuko dira asteburuan Goilurrak rallyan

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 22a, 12:57
Artxiboko irudia.

Asteburu honetan jokatuko dute bigarren urtez jarraian Goilurrak Basque Highlands Rallya, Goierri eta Urola bailarak lotuz. Bi etapetan jokatuko da lasterketa, eta parte hartzaileek 93 kilometro egin beharko dituzte erlojuaren aurka. Zapatuan Oteiza pilotalekuetan egingo dute ekitaldia, goizeko zatiak amaitutakoan.

Zazpi zatitan banatu dute asteburu honetan –uztailak 25 eta 26– jokatuko den II. Goilurrak Basque Highlands Rallya, eta horietako bi zati, lehen etapakoak, Azkoiti inguruan egingo dituzte zapatuan: bata Mandubian eta bestea Endoian hasi eta Otarren amaituko da. Igandean, berriz, Goierri aldean jokatuko dute bigarren etapa. Guztira bost ibilbidetan banatu dituzte zatiak, eta horietako bitan bi aldiz pasatuko dira autoak. Orotara, 93 kilometro egingo dituzte erlojuaren aurka.

Zapatuan, rallyaren aurreneko egunean, Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan egingo dute ekitaldia, goizeko zatiak amaitutakoan. Autoak hesitik ikusi beharko dira aurten, pilotalekua hesiekin inguratuta egongo baita. Lasterketan parte hartuko duten autoak bi aldiz igaroko dira banan-banan: 16:30ean lehendabizi eta 19:30ean gero. Lazkaoko Ikullu Razing Eskuderiak eta Azkoitiko Errebueltie Eskudeixek antolatu dute rallya, eta Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izango da. Halaber, Euskadiko Automobilismo Federazioaren egutegiaren barruan sartu dute. 

Guztira 45 parte hartzaile ariko dira lehian asteburuan, eta eskualdeko beste askoren artean, bi pilotu azkoitiarrek parte hartuko dute: Ibon Beitia eta Iraitz Olariaga. Azken horrekin batera joango da autoan Mikel Madinabeitia azkoitiarra. Gainera, Euskal Herriko ohiko taldeez gain, Asturias, Valentzia eta Kantabriako "puntako taldeak" ere izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. 

Lasterketaren erdigunea vilariñotarren Olaberriako zirkuitua izango da. Bertan autoak egiaztatuko dira, eta hura izango da asistentzia parke itxia. Proba zapatuan hasiko da 15:00etan, eta 21:00etan bukatuko du aurreneko parte hartzaileak, eta 22:00ak aldera, azkenak. Igandean goizez ekingo diote: 08:00etan hasi eta 12:00ak aldera izango da lehena Olaberriko zirkuituan, egin beharreko lanak amaituta.

 

Segurtasun neurriak ikusleentzat

Koronabirusa dela-eta, antolatzaileek azaldu dute bide bazterretako ikusleek maskara jarrita egon beharko dutela eta segurtasun tarteak errespetatu beharko direla.

 

Lasterketa streaming bidez

Asistentzia parkea itxita egongo da ikuslegoarentzat, eta, beraz, proba etxetik jarraitzea sustatuz, denborak online ikusi ahalko dira www.tiemposonline.com webgunean. Gainera, lasterketa 'streaming' bidez zuzenean ikusi ahal izango da, Erlo eta Gitb telebisten webguneetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide