Munoaundiko aztarnategia zabaltzen eta indusketa prestatzen laguntzeko, auzolanerako deialdia egin du Aranzadi elkarteak

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 21a, 08:15

Asteburuan egingo dute auzolana, eta amaitutakoan hamaiketakoa eta bisita gidatua eskainiko dituzte Munoaundiko herri harresituan bertan.

Aranzadi zientzia elkarteak, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Munoaundiko Burdin Aroko herri harresituan auzolana egiteko deialdia egin du. Asmoa da aztarnategia zabaltzen laguntzea eta etorkizuneko indusketetarako prestatzea.

Lanak datorren zapatuan eta igandean –uztailak 25 eta 26– egingo dituzte Munoaundin. Azkoitiko Abaraxka aterpetxetik 08:30ean abiatuko dira parte hartzaileak aztarnategira, eta azaldu dutenez lanak goizez bakarrik egingo dituzte. 

Lanak amaitutakoan, hamaiketakoa eskainiko diete parte hartzaileei, eta ondoren, bisita gidatua egiteko aukera egongo da. Aranzadi zientzia elkarteak azaldu duenez, asteburuko saioan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Honako helbide elektroniko honetan eman beharko da izena: munoaundi@gmx.com.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide